Publicada el Mardi, 9 de septembre de 2014

Parlamentuak Nafarroako Oroimen Historikoari buruzko erakusketa bat hartuko du irailaren 19 arte

Mugaz haraindiko jardunaldien IV. emanaldiaren harira antolatu da eta azken hamaika urteotan Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak egindako lana biltzen du

Gaurtik aurrera, Oroimen Historikoaren inguruko Mugaz Haraindiko Jardunaldien IV. emanaldia dela-eta, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak azken hamaika urteotan egindako lana biltzen duen argazki-erakusketa hartuko du.

Datorren ostiralean ganberaren egoitzan inaugurazio-ekitaldia egingo da (11:00etan). Senideekin hizketan izeneko mahai-inguru bat ere egongo da, El País egunkariko kazetaria den Natalia Junkeraren zuzendaritzapean.

Beste bi hitzaldiak egun berean arratsaldez egingo dira Iruñeko Kondestablearen Jauregian. Hemen Pirinioak (Aquende los Pirineos) izeneko lehenengo hitzaldian, José Luis Gutiérrez, Emilio Majuelo eta Queralt Solé arituko dira (17:00etan). Bigarrenean, Preskripzioa eta justizia unibertsala landuko duen hitzaldian, J.A. Martín Pallínek, Roldán Jimenok eta Jacinto Larak parte hartuko dute (19:15ean).

Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkartea 2002ko azaroan sortu zen, senide horien interesak babesteko eta Oroimen Historikoa berreskuratzeko lanean aurrera egiten saiatzeko.

"Isiltasuna argitara ateratzen” izeneko erakusketak 40 argazki biltzen ditu, Nafarroan 36ko altxamenduan egon ziren biktimak gogora ekartzeko, aintzat hartzeko eta ordain morala eskaintzeko egindako hainbat ekitaldi islatzen dituztenak. Ganberaren egoitzaren atarian ikusgai egongo da 19 arte, astelehenetik ostiralera, 10etatik 20etara.