Publicada el Jeudi, 19 de décembre de 2013

Nafarroan Etxebitza Izateko Eskubideari buruzko 10/2010 Foru Legea aldatzea bazter utzi dute

Etxebizitza babestuak jasotzeko gutxieneko betebeharrak betetzetik salbuesteko kasuak mugatzen zituen, erregelamendu bidez salbuespenak ezartzeko aukera saihestuz

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 19. artikulua aldatzeari buruzko legea bazter utzi du gaur.


Izquierda-Ezkerrak aurkeztu duen legearen xedea etxebizitza babestuak lortzeko gutxieneko betebeharrak betetzetik salbuestea mugatuta geratzea zen, horretarako 19. artikuluan jasotzen dena, alegia, erregelamendu bidez beste salbuespen batzuk ezartzeko aukera bertan behera utzita.


Idatz-zati horretan berridatzitakoaren arabera, gutxieneko diru-sarrerak frogatzearen betebeharretik salbuetsita geratzen ziren etxebizitza babestua mugitzeko ezgaitasun larria duten, aitortutako % 65eko edo gehiagoko ezgaitasuna duten, generoko indarkeriaren biktimak diren eta gizarteratzeko etxebizitzak behar dituzten pertsonentzat dauden erreserben bidez jasotzen duten eskatzaileak.

Etxebizitza babestua alokairu-araubidean lortzen duten genero-indarkeriaren biktimei ez zaie eskatuko beste etxebizitza baten edo haren zati alikuota baten jabariaren titularrak edo hura erabili eta gozatzeko eskubide errealaren titularrak ez izatea agintzen duen betebeharra.

Bestalde, esleipen prozesua egin ondoren, Zentsuan inskribaturik dauden eskatzaileen kopurua esleitu beharreko etxebizitza babestuena baino txikiagoa den sustapenetan, etxebizitza guztien edo batzuen esleipena hutsik gelditu dela adierazten denetik hiru hilabete igaro ondoren, sustatzaileak eskatzen ahalko dio etxebizitzaren arloko eskumena duen departamentuari eskatzaileak gutxieneko diru-sarrerak frogatzeko betebeharretik salbuesteko, bai eta Nafarroako udalerri batean erroldatuta eta Zentsuan egoteko betebeharretik ere.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 132. zk., 2013-11-15ekoa)