Publicada el Lundi, 5 de novembre de 2007

Adierazpen instituzional bat onetsi da, 'Genero-indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna' dela eta.

Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du “Genero-indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna” dela-eta eginiko adierazpen instituzional bat, Socialistas del Parlamento de Navarra parlamentu-taldeak aurkeztua.

Onetsiriko adierazpenak honako hau dio:

"Nafarroako Parlamentuaren ustez, heldu den azaroaren 25ean ospatuko den Genero-indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunak “matxismo kriminalaren” aurkako bultzada izan behar du, indarkeria izugarri hori “ikusgarri” egiteko baliogarria izan behar du eta gizarte osoaren, talde politiko guztien eta administrazio guztien konpromisoa ekarri behar du, indarkeria mota horrekin amaitzeko.

Gizartearen baitako izurri horren aurrean, Nafarroako Parlamentuak adore emateko mezu bat helarazi nahi die herritarrei, eta, oso bereziki, tratu txarrak jasaten ari diren emakume guztiei, posible baita indarkeriaren morrontzatik ihes egitea.

Lehenbizikoz Espainian, badago doako telefono nazional bat, 016 zenbakikoa, hogeita lau orduz informazioa eta aholkuak ematen dituena, eta telefono-fakturan arrastorik uzten ez duena. Telefono horren helburua da biktimei laguntza ematea, aurrerapauso bat eman eta salaketa egin dezaten.

Ildo horretan, aurkeztutako salaketen kopuruak gora egin du gurean, ehuneko 70 baino gehiago, 2002tik 2006ra bitartean. Datu positiboa da, fenomenoaren norainokoa agerian uzten duelako, bai eta horrelako baliabide integral baten premia ere. Baina, batez ere, horrek erakusten du tratu txarren biktima diren emakume gero eta gehiago direla ilunpetik atera eta beren etxeetan bizi duten errealitate lazgarria salatzea erabakitzen dutenak.

Horrez gain, kontuan hartu behar da genero-indarkeria ez dela emakumeen afera pribatu bat eta, hortaz, beharrezkoa dela iritzi-aitzindari guztiek gaitzespen publiko eta berariazkoa egitea. Iritzi-aitzindarien multzoan sartuta gaude, hain zuzen, arduradun politikook, eta herritarren ordezkari gisa dihardugun aldetik gure arbuiorik erabatekoena adierazi behar dugu emakume baten aurka zuzenduriko eraso bakoitzaren aurrean.

Nafarroako Parlamentuak zeresana daukaten administrazio guztiei eskatzen die ahalik eta lankidetza handiena berma dezaten emakume-elkarteekin eta berdintasunaren aldeko erakundeekin, genero-indarkeriaren biktimekin lanean ari baitira, eta haiexek ezagutzen baitituzte hobekien haien premiak. Ikuspegi horretatik, azaroaren 25a bezalako egun batean, berriro ere goraipatu nahi dugu elkarte eta erakunde horien lana eta jarduna.

Azkenik, genero-indarkeriaren aurkako jarrera erakusteko dei egiten diegu Nafarroako herritar guztiei, eta azaroaren 25a ardatz gisa harturik antolatzen diren jarduera guztietan parte hartzera gonbidatzen ditugu.