Parlamentuaren eginkizunak

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako herria ordezkatzen du, eta horrek hautatua da. Horrez gain, Nafarroak Foru Komunitate gisa dauzkan eskumenen esparruan aplikatuko diren Legeak onesten ditu. Halaber, urtero, Nafarroako Aurrekontu Orokorrak onesten ditu, eta Parlamentuak baimendutako kredituetatik Foru Administrazioak eginiko betetze eta gastuari buruz Nafarroako Gobernuak aurkezten dituen kontuak ere bai. Azkenik, Parlamentuak Nafarroako Gobernuko lehendakaria hautatzen du, eta Nafarroako Gobernuaren jarduera bultzatu eta kontrolatzeko eginkizuna betetzen du.

Nafarroako Parlamentuak Duen Ordezkatze Eginkinzuna

 Nafarroako Parlamentuak Nafarroako herria ordezkatzen du. Parlamentuaren erabakiak Nafarroako herriaren borondatearen agerpen dira; hain zuzen, herri horrek, bere ordezkarien bitartez, berarengan eragina duten gai politikoetan parte hartzen du. Horrela, bada, eztabaida eta bozketetan, Parlamentuko kideek beren hautesleen iritzia adierazten dute. Hautesle horiek dira subiranotasunaren titularrak, eta haien izenean betetzen dituzte, parlamentariek, ardurapean dauzkaten eginkizunak.

Lau urtero, sufragio unibertsalez (hau da, hauteskunde-erroldan sarturik dauden hemezortzi urte baino gehiagoko nafar herritarren parte-hartzearekin) eta hauteskundeetarako deialdia egin ondoren, Nafarroako Parlamentua osatuko duten berrogeita hamar parlamentariak hautatzen dira.

subir

Botere Legegilea

Gizarte demokratikoetako botereen banaketa- eta oreka-sistema tradizionalean -botere legegilea, botere betearazlea eta epai-boterea-, Parlamentuari ematen zaio erkidegoa arautuko duten legeak onesteko ahalmena; horregatik, erakunde horri Legebiltzar ere deitu ohi zaio. Foru Komunitatearen esparruan, eginkizun hori Nafarroako Parlamentuari dagokio: Nafarroaren eskumenekoak diren arloak arautzen dituzten testuei foru legeen maila ematen die -izen hori dute Parlamentuak onesten dituen arauek-.

Arlo zehatzetarako eta epe jakin baterako, legegintzarako ahalmena Foru Diputazioaren esku utz dezake Parlamentuak. Onetsiak izateko erabateko gehiengoa beharrezko dutela espresuki dioten legeak ez dira inola ere eskuordetzearen barnean sartuko.

Gai bat lege bitartez arautua izatera iritsi ahal izateko, beharrezkoa da ekimena honako hauetakoren batena izatea: Nafarroako Gobernuarena (kasu horretan Parlamentuan foru lege proiektu bat aurkeztuko du), foru parlamentariena edo merindade bateko udalerri-kopuruaren herena eta bertako zuzenbidezko populazioaren ehuneko berrogeita hamar biltzen duten Nafarroako udalena (kasu horietan, parlamentarien nahiz udalen ekimena foru lege proposamen baten bitartez gauzatuko da). Nafarroako herritarrek ere ekimenak aurkez ditzakete Parlamentuan, baldintza batzuk betetzen badituzte eta proposamenak zazpi mila sinaduraren babesa baldin badauka.

Testu bat Parlamentura iristen denetik, zenbait fase dituen prozedura bat dago hori tramitatzeko, eta, lege bihurtu aurretik, fase horiek gainditu beharko ditu. Lehendabizi, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak lege proiektu edo proposamena bideratzea ea onetsiko duten erabakitzen dute, hori aztertu beharko duen parlamentu-batzordea zehazten dute eta Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzen dute, parlamentari guztiek horren berri izan dezaten. Argitaratzen den unetik aurrera, gutxienez hamabost eguneko epea ezartzen da (prozedura berezietan eta larrialdietakoetan izan ezik, kasu horietan epearen iraupena aldatu egiten baita), parlamentu-taldeek eta parlamentariek, beren izenean, zuzenketak eta aldaketak aurkez diezazkioten proiektuari. Zuzenketak testu osoari aurkezturikoak izan daitezke: ordezko proiektu bat proposa dezakete edo, besterik gabe, testua Gobernuari itzul dakiola eska dezakete. Zuzenketak ere Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira.

Proiektu bati osoko zuzenketa aurkezten baldin bazaio, zuzenketa hori Parlamentuaren Osoko Bilkuran eztabaidatzen da. Osoko zuzenketa onesten bada, proiektua baztertua geratzen da, eta Parlamentuko Lehendakariak Nafarroako Gobernukoari horren berri ematen dio; ez bada onesten, proiektuak Parlamentuko tramitatzea jarraituko du, eta Batzordean eztabaidatuko da, zuzenketekin batera. Batzordeak irizpena prestatuko du, zeina, beranduago, Legebiltzarraren Osoko Bilkurak eztabaidatu eta onetsi edo baztertu eginen baitu. Parlamentuko lehendakariak Gobernuko lehendakariari bidaliko dio foru legearen behin betiko testua, Erregeren izenean aldarrikatzeko eta bai Nafarroako bai Estatuko Aldizkari Ofizialetan argitaratzeko.

Lege bat nola egiten den. Lege bat Parlamentuan tramitatzeko prozedura:

subir

Nafarroako Parlamentuaren Eginkizuna Ekonomia eta Finantza Arloetan

Nafarroako Aurrekontu Orokorrak dira Foru Administrazioaren gastuak eta mantentzeko behar dituen sarrerak ezartzen dituen legea; Parlamentuak onetsi behar ditu aurrekontu horiek. Hain zuzen ere, eginkizun horretan datza Parlamentuak erkidegoko zuzendaritza politiko eta administratiboan duen esku-hartzerik nagusienetakoa. Aurrekontuak beharrezkoak dira gobernu-jardunerako, eta horiek Parlamentuak soilik baimen ditzake.

Foruaren Hobetzeak ezartzen duenez, Nafarroako Gobernuari dagokio Aurrekontuak egin eta Parlamentuari aurkezteko ekimena. Proiektu hori lehentasunez tramitatzen da, eta haien eztabaida arautzen duten berariazko arauak ezartzen dira.

Bestalde, Gobernuak, ekitaldi bakoitza amaitzen denean, Parlamentuari adierazten dizkio, Kontu Orokorrak aurkeztuz, zer jarduera ekonomiko izan duen eta, baita ere, Aurrekontuen betetzea zertan den. Kontu Orokorrak, foru lege bidez onetsi aurretik, Kontuen Ganbarak aztertzen ditu; Kontuen Ganbara Parlamentuaren menpean dagoen organo teknikoa da.

subir

Gobernuaren Jarduera Kontrlatun eta Bultzatzea eta Zuzendaritza Politikoa

Gobernuko lehendakaria Parlamentuak hautatzen du inbestidura bilkuran, non hautagaiak bere gobernu programa aurkezten duen, eta Erregek izendatzen du. Lehendakari inbestitua izateko, hautagaiak lehenbiziko bozketan erabateko gehiengoa lortu beharko du (berrogeita hamar parlamentarien erdia eta bat gehiago). Lortu ezean, beste bozketa bati ekinen zaio hogeita lau orduren buruan eta hautagaiari konfiantza emantzat hartuko da bigarren bozketan gehiengo soila lortzen badu (aldeko boto gehiago aurkako baino). Gehiengo hori ere lortzen ez bada, hautagaia arbuiatutzat hartu eta hurrenez hurreneko hautagai-proposamenak izapidatuko dira arestian ezarritako era berean. Lehenbiziko bozketatik 30 egun natural iragan badira eta hautagairik bat ere hautatu ez bada, Parlamentua deseginen da eta berehala hauteskundeak deituko dira. Parlamentu berriaren agintaldiak, hala ere, lehengoaren agintaldia bukatuko zen arte iraunen du.

Nafarroako Gobernuko lehendakariak zilegi izanen du Parlamentua desegiteko erabakia hartu eta hauteskundeen deia egitea, legegintzaldiaren berezko amaiera baino lehen, ondoko salbuespenekin: lehenbiziko bilkuraldian edo legegintzaldia bukatzeko urtebete baino gutxiago gelditzen bada, edo zentsura mozio bat tramitatzen ari denean, edo Estatuko hauteskunde prozesu bat deiturik dagoenean edo Parlamentua prozedura horren bidez desegin zenetik gutxienez urtebete iragan ez denean. Hartara, hauteskunde dei horretatik sortzen den Parlamentu berriak jatorrizko legegintzaldiaren berezko amaiera bitarteko agintaldia izanen du.

Nafarroako Gobernuaren jardunak, betiere, hautatu duen Parlamentuaren babesa behar du izan. Horretarako, nafar guztien intereseko diren gaiak arautzeko Gobernuak bultzatzen dituen legeak onesteaz gain, Parlamentuak Gobernuaren jarduerak kontrolatzeko tresnak ere baditu.

Parlamentuak bere eginkizunak burutzeko beharrezko duen informazioa eska diezaioke Gobernuari, eta, baita ere, kontseilariak Legebiltzarreko organoen aurrean ager daitezen eskatu; agerraldi horien helburua da kontseilariei galderak edo jabeldurak egin ahal izatea edo zuzeneko informazioa eskuratzea Administrazioaren departamentuetako eginkizun diren gaurkotasuneko gaiei buruz.

Parlamentuak, gainera, baditu bi tresna Gobernuaren jarduna kontrolatzeko, eta horiek erkidegoaren zuzendaritza politikoan parte hartzea ahalbidetzen diote Parlamentuari: bata zentsura mozioa da, zeinaren bidez Legebiltzarrak babesa ematen baitie beste hautagai eta programa bati Gobernuko lehendakari izateko; bigarrena, berriz, konfiantza eskaera da, zeinetan Gobernua aplikatzen ari den programa berretsi edo, bestela, Gobernua ordezten baita.

subir

Nafarroako Parlamentuaren Bestelako Eginkizunak

Nafarroako Parlamentuak, gainera, ondoko eginkizunak ditu:

Konstituzio-aurkakotasuneko errekurtsoa jartzen ahal du Konstituzio Auzitegian.

Foru Komunitatea izateagatik Nafarroari dagokion senataria hautatzen du.

Nafarroako Kontuen Ganbarako lehendakaria hautatzen du.

Nafarroako Gobernuak -horri dagokio Nafarroaren foru araubidearen defentsa- gerta litekeen edozein kontraforuren berri eman beharko dio.

Foru Diputazioak zorra jaulki, abalak eratu eta kredituak hartzeko baimena duen ala ez erabakitzen du.

Foru Diputazioak eta Estatuak hitzarmenak egin aurretik, Parlamentuak bere iritzia eman behar du; baita Foru Diputazioak eta autonomi erkidegoek hitzarmenak egin aurretik ere.

Parlamentuaren baimena behar du Foru Diputazioak, baldin eta erabili nahi badu Foruaren Hobetzeari buruzko Legean jaso ez diren eginkizun eta eskumenak Estatuak Nafarroari transferitu, eskuordetu edo esleitzeko ekimena.

Nafarroak Euskal Autonomia Erkidegoarekin bat egiteko ekimena -eta, kasua bada, aipatutako erkidego horretatik bereiztekoa ere- aurrera eramateko eskumena duen foru organoa da.

Gorte Nagusietan lege proposamenak aurkez ditzake.

subir

Autonomia eta Publikotasuna

Parlamentuak autonomia du beste erakundeekiko; horregatik, bere erregelamendua egiten du, baita barne funtzionamendua arautzen duten arauak ere; halaber, dituen behar eta jardueretarako urteroko aurrekontua onesten du.

Parlamentuak bi bilkuraldi izaten ditu: otsailetik ekainera artekoa eta irailetik abendura artekoa. Parlamentuak ohiko bilkurak egiten ditu, gehienetan astelehenetik ostiralera. Hala ere, bilkuraldietatik at, ohiz kanpoko bilkurak ere egin ditzake. Osoko bilkurak ezin dira urtean hamasei baino gehiago izan.

Parlamentuko lanak gardentasun eta publikotasun printzipioei jarraikiz egiten dira. Parlamentuaren osoko bilkurak jendaurrekoak dira, Erregelamenduan espresuki ezarritako kasuak izan ezik. Aldiz, batzordeen bilkurak ez dira jendaurrekoak; hala ere, komunikabideetako ordezkariei bilkura horietan izateko baimena ematen zaie. Horrela, bada, batzordean ukitutako gaiei buruz, nafarrek zuzenean ezagut ditzakete parlamentarien erabaki eta iritziak, bai aipatutako komunikabide horien bidez, bai Parlamentuaren argitalpen ofizialen bidez (Aldizkari Ofiziala eta Bilkura Egunkaria).

Legebiltzarreko organoek eztabaidatu behar dituzten proiektu, ekimen eta dokumentuak, bai eta hartutako erabakiak ere, Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira. Parlamentariek eztabaidetan egiten dituzten hitzaldiak, berriz, Bilkura Egunkarian argitaratzen dira, osoki.

subir