Noiz argitaratua Asteazkena, 2018.eko Martxoa 7

Nafarroako Gobernua premiatzen da Adimen Artifiziala sar dezan Nafarroako ekonomia bultzatzeko funtsezko sektoreen artean

Hazkunderako faktore honek dakarren ekoizpen eta zerbitzu ereduaren eraldaketak balio dezan kalitateko enplegua sortzen eta ongizatea bermatzen

Garapen Ekonomikorako Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur, UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin, Podemos-Ahal Duguren abstentzioarekin eta Geroa Bai, EH Bildu eta Izquierda-Ezkerraren aurkakoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen da “Adimen Artifiziala sar dezan Nafarroako ekonomia bultzatzeko funtsezko sektoreen artean, zeinak Espezializazio Adimendunerako Estrategian jasotzen baitira”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atal bat dauka, eta era berean, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “Nafarroako administrazioa sar dezan nazioarteko azterketa-eremuetan eta foroetan, zeinak jorratzen ari baitira munduko eta Europako ekonomian eta, beraz, bertako herrialde eta erregio guztietakoan adimen artifizialak izanen duen eragina”.

 

Hirugarren puntuan, Nafarroako Gobernua premiatzen da “Nafarroan adimen artifizialaren arloan dagoen prestakuntza-eskaintza azter dezan, arreta berezia emanez ingeniaritzak, zientzia zehatzen datuen azterketaren, zientzia eta teknologiaren sustapenari, eskaintza egokituz gaurko eta etorkizuneko eskaerara”.

 

Halaber, Foru Exekutiboari eskatzen zaio “zentsu bat egin dezan, ekoizpen katean giza lan eskuaren ordezko elementuak dituzten enpresa guztiekin, elementuak mota, sektore eta jardueraren arabera sailkatuz, erabiltzen den “baliabide robotikoaren” irudi erreala eskuratzeko”.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen da “txosten bat presta dezan, adimen artifiziala iristeak Nafarroako Foru Komunitatean izanen duen eraginaren gainekoa, bereziki enplegagarritasunean, bidezko diren babes neurriak hartuz”.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak dio “Adimen artifizialaren erabilera egokiak hazkunde tasak bikoiztu egin ditzakeela gaurdanik 2035era arte, funtsezko faktorea baita kapitalaren eta lanaren muga fisikoak gainditzeko”.

 

Sustatzaileak ulertzen du Nafarroak “sakondu behar duela bere eragile sozial eta estamentu guztien prestakuntzan, hezkuntza, industria, ekonomia eta gizarte arloei arreta emanez, kalitateko enplegua mantentze eta handitze aldera, adimen artifizialaren orainarekin eta etorkizunarekin bat datorren ikaskuntza, ekoizpen- eta zerbitzu-eredua egokitzeko, eta, ahal den neurrian, lan-eskuaren ordezkoak gizatiartzeko”.

 

Zentzu horretan, ohartarazten da “pertsonek kudeatu behar dituztela haien jardunerako koordenadak, makinek egiten duten giza adimenaren prozesuen simulazio horretan sartuta egon dadin ikaskuntza soziala, pertsonen ongizatera bideratutako arrazonamendu bat eta autoikaskuntzako algoritmoak, berdintasun, ekitate eta askatasun printzipioetan oinarrituak”.

 

Jokin Castiella (Geroa Bai) lehendakari duen bilkurara bertaratu dira Carlos García Adanero, Luis Zarraluqui, Carmen Segura, Maribel García Malo (UPN), Rafael Eraso, Patxi Leuza (Geroa Bai), Adolfo Araiz, Maiorga Ramírez (EH Bildu), Carlos Couso (Podemos-Ahal Dugu), Guzmán Garmendia, Ainhoa Unzu (PSN), Javier García (PPN) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra).