Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Otsailak 5

Parlamentuak adierazpen instituzional bat onetsi du Minbiziaren Nazioarteko Eguna dela-eta.

Mahaian eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2018ko otsailaren 5ean

Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, Minbiziaren Nazioarteko Eguna dela-eta.

 

Adierazpenaren lehendabiziko bost puntuak Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak proposatu ditu, eta seigarrena eta zazpigarrena, berriz, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak aurten ere erakutsi nahi du minbiziaren aurka borrokatzeko bere konpromisoa, eta bat egiten du Minbiziaren Nazioarteko Egunaren kanpainarekin.

 

2. Nafarroako Parlamentuak adierazten du beharrezkoa dela Nafarroako Gobernuak lan egitea Nafarroako gizartean aztura osasungarriak sustatzeko eta arriskuak ekiditeko (esate baterako, tabakoa, alkohola eta obesitatea, bai eta substantzia kantzerigenoen eraginpean jartzea lanean edo ingurumenean).

 

3. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela Nafarroako Gobernuak bermatzea pertsona guztiek izanen dutela sarbidea –eraginkorra eta berdintasun-baldintzatan– minbiziaren baheketa programetan, eta minbizia duten pertsonek sarbide eraginkorra izanen dutela tratamendu eraginkor eta berritzaileetan.

 

4. Nafarroako Parlamentuak dio beharrezkoa dela Nafarroako Gobernuak bermatzea pertsonek artatze-eskubidea dutela, erdigunean jarriko dituena minbizia duten pertsonak eta haien beharrizanak –kalitatezko asistentzia eta zainketa aringarri integralak barne, bizitzaren azken prozesuan–.

 

5. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela Nafarroako Gobernuak behar adinako finantzaketa bermatzea ikerkuntzarako eta profesionalei arlo horretan prestakuntza emateko.

 

6. Nafarroako Parlamentuak dei egiten dio Espainiako Gobernuari ikerkuntza onkologikoaren aldeko estatu-itun bat bultza dezan.

 

7. Nafarroako Parlamentuak bere egiten ditu oraintsu egindako ikerketak, zeinek agerian uzten baitute ezberdintasun sozioekonomikoak erabakigarriak direla munduan minbizia duten gaixoen biziraupenari begira, eta ezberdintasun hori desagertzeko neurri publikoak sustatzearen alde egiten du”.