Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Otsailak 5

Parlamentuak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten baitu giza eskubide indibidual eta kolektiboak nazioarteko tresnetan jaso diren bezalaxe aintzat hartzearekiko konpromis

Mahaian eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2018ko otsailaren 5ean

Eledunen batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten baitu giza eskubide indibidual eta kolektiboak nazioarteko tresnetan jaso diren bezalaxe aintzat hartzearekiko konpromisoa. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpenaren aldeko botoa eman dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta Nafarroako Alderdi Sozialistak eta Izquierda-Ezkerrak, eta abstenitu egin dira Unión del Pueblo Navarro eta Nafarroako Alderdi Popularra.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du giza eskubide indibidual eta kolektiboak nazioarteko tresnetan jaso diren bezalaxe aintzat hartzearekiko konpromisoa; bereziki gogoan hartu nahi ditugu Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, bere 70. urteurrena baita, eta Giza Eskubideen Defendatzaileen Adierazpena, bere 20. urteurrena baita.

 

2. Halaber, defendatzaileen eta erakunde sozialen babesean eta aitortzan guztiok erantzukizuna eta egitekoa dauzkagula uste baitugu, Nafarroako Parlamentuak dei berezia egiten die erakunde publikoei, babes horretan bere erantzukizun guztiak bete ditzaten.

 

3. Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten ditu defendatzaileen lanaren aurka bereziki zenbait sektore ekonomikok eta politikok darabiltzaten kriminalizazio-prozesuak. Pertsona horiek, beren jarduketa baketsuengatik eta bizitzaren defendatzaileak diren aldetik, Parlamentu honen errekonozimendua eta babesa dauzkate.

 

4. Nafarroako Parlamentuak orobat aintzatesten du Giza Eskubideen Defendatzaileen Alde Baterako Babes Programek gaur arte egindako lan handia, zeina beti egin baita nazioarteko lankidetza eta elkartasunaren esparruko erakunde sozialen eta erakundeen arteko lankidetza etengabean, eta Nafarroako Gobernua premiatzen dugu gure lurraldean gisa bereko programak taxutzen jarrai dezan, babes hori sendotzeko xedez.

 

5. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari, Nafarroako Arartekoari eta Espainiako Gobernuari helaraziko die adierazpen instituzional hau, eta horiei guztiei eskatzen die beharrezkoak diren tresnak eta prozedurak abiaraz ditzaten, defendatzaileek munduko edozein herrialdetan giza eskubide guztiak askatasunez baliatu ditzaten.

 

6. Azkenik, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako erakunde publiko guztiei eskatzen die beharrezkoak diren zehapen-prozedura guztiak ere taxutu ditzaten, pertsona horien aurka hirugarrenek (enpresek, erakundeek, talde paramilitarrek, eta abar) egin litzaketen giza eskubideen urraketen aitzinean. Orobat eskatzen dugu, bide horretan berean, bere harremanak –bereziki merkataritza- eta finantza-harremanak– baldintzatu ditzaten, Giza Eskubideen Defendatzaileen Adierazpenean Nazio Batuek aitortutako eskubideak aintzat hartzen ez dituzten edo urratzen dituzten estatuei dagokienez.