Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Abendua 21

Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean gainbalioen kobrantzari dagokiona aldatzen duen Foru Legea

Osoko Bilkuran onetsia. 2017ko abenduaren 21ean

Nafarroako Parlamentuak Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen aldaketa onetsi du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aurkako botoekin.

 

Legea irakurraldi bakarrean izapidetu da, eta gehiengo osoa behar izan da hura onesteko. Konstituzio Auzitegiaren ekainaren 5eko 72/2017 epaiaren ondorioak argitzea du helburu, Hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergaren kudeaketa eta aplikazioa direla eta.

 

Hala, bada, epai horrek Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 175.2, 175.3 eta 178.4 artikuluak deusez deklaratu dituela kontuan izanik, aldaketa egokiak egin dira, 2017ko uztailaren 15etik aurrera, Konstituzio Auzitegiaren epaia jada publikoa zela, balio-gehikuntzarik izan gabe eskualdatu diren hiri-lurren kasuetan zergarik ez ezartzeko.

 

Esparru horretan, subjektu pasiboak frogatzen badu ez dela balio-gehikuntzarik izan, dela kostu bidezko eskualdaketetan, higiezina eskualdatzean eta eskuratzean ordaindutako balioak errealtzat harturik, dela kosturik gabekoetan, Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren aitorpenean ageri den balioa harturik, lurren eskualdaketa ez da zergapetuko, eta, hala behar denean, itzuli eginen dira ekitaldi honen bigarren erdian bidegabeki sorrarazitako zenbatekoak.

 

Aldiz, eskualdaketan balioa handitu dela egiaztatu eta eskualdaketa zergapetzen bada, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako zerga-egitateei ez zaie aplikatuko 2017ko uztailaren 15etik 2017ko abenduaren 31ra bitartean indarrean dagoen araudia, beste bat baizik.

 

Dena den, zergapetzeko edo ez zergapetzeko hasierako deklarazioa behin-behinekoa izanen da, eta behin betiko likidazioaren mendean geldituko da.

 

2017ko uztailaren 15a baino lehenagoko zerga-egitateen likidazio irmoei ez zaie aplikatuko foru lege hori, eta, beraz, ez da bidezkoa izanen ezer itzultzea (neurri honen aurkakoa proposatuz PSNk aurkeztutako in voce zuzenketa atzera bota dute nahiz eta UPN eta PPNren babesa eduki). Are gehiago, “guztiz amaitu arte aurrera jarraituko dute aipatutako likidazioen ondorioz hasitako diru-bilketa prozedurek, eta geroratutako edo zatikatutako zerga-zorrak osorik exijituko dira”.

 

2018ko urtarrilaren 1etik aurrera, Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 175. artikuluari emandako testu berriaren indarrez, zerga-oinarria zehazteko, lurren balioa koefiziente batez biderkatuko da, eta koefiziente hori balio-gehikuntzaren sortze-aldiaren araberakoa izanen da. Horrez gainera, oraingoan ere berrikuntza gisa, urtebetetik beherako sortze-aldia duten kasuak zergapetu eginen dira. Kasu horretan, urteko koefizientea hainbanatu eginen da, hilabeteen kopurua kontuan hartuz, baina hilabete zatiak kontuan hartu gabe.

 

Koefiziente horiek zehazteko, abiapuntutzat hartu dira Nafarroan kokatutako higiezinei urte bakoitzean dagozkien batez besteko balioak, eta katastro-baloraziorako onetsitako eraikuntza-kostuaren modulua kendu zaie.

 

Legean jasotako koefizienteak gehienekoak dira, eta, beraz, udalek koefiziente txikiagoak ezarri ahalko dituzte. Koefizienteak urtero eguneratu beharko dira.

 

Beste alde batetik, legeak bost puntu gehitzen dizkio udalek onets dezaketen gehieneko karga-tasari, eta orain % 8 - % 20 bitartekoa izan daiteke tasa hori.

 

Osoko Bilkurako eztabaidan PSN talde parlamentarioak aurkeztutako beste bi in voce zuzenketak ere atzera bota dituzte. Lehenak “modu eraginkorrean zergadunen erreklamazioak aintzat hartuko dituen judizioz kanpoko tresna baten sorrera” proposatzen zuen. Bigarrenak konpentsazio ekonomikoen funts bat defendatzen zuen, udalek diru-sarrera desegokiak itzultzeko erreklamazioei aurre egin diezaieten, KA 2017ko ekainaren 5eko 72/2012 epaitik eratorritakoak. UPNk eta PPNk babestu arren, ez dira aurrera atera.