Noiz argitaratua Astelehena, 2017.eko Azaroak 20

Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren karietara udalek onetsi duten genero-indarkeriaren aurkako adierazpen instituzionalarekin

Mahaian eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2017ko azaroaren 20an

Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren karietara udalek onetsi duten genero-indarkeriaren aurkako adierazpen instituzionalarekin. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpenaren aldeko botoa eman dute UPNk, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk, PSNk eta I-Ek; PPN, berriz, abstenitu egin da.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak bat egiten du honen eranskin gisa doan adierazpen instituzionalarekin, zeina Nafarroako zenbait udalek onetsi baitute heldu den azaroaren 25ean izanen den Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako NBEren Nazioarteko Egunaren karietara, genero-indarkeriaren aurkako udalen kanpainaren barruan, eta bat egiten du aipatu kanpainarekin.

 

Eranskina: 2017ko azaroaren 25eko adierazpen instituzionala

 

Hemezortzi urte igaro dira Nazio Batuen Batzar Nagusiak bere egin zuenetik aldarrikapen feminista, egun bat ezartzekoa emakumeen aurkako indarkeria ikusgai jartzeko eta mundu mailan arbuiatzeko. Horren xedea zen bai gobernuak eta erakunde publikoak bai nazioarteko erakundeak eta gizarte zibila hausnarketara eta konpromisoak hartzera bultzatzea.

 

Hemezortzi urte hauetan, azaroaren 25ero, arreta jarri dugu indarkeria matxistaren egiturazko izaeran; izan ere, patriarkatuaren oinarri diren emakume-menderakuntzako harreman asimetrikoen adierazpenetako bat da. Azaroaren 25ero ikusgai jarri nahi izan ditugu munduko bazter guztietan emakumeek eta neskek, emakume edo neska izate hutsagatik, aurre egin behar dioten indarkeriaren modu eta adierazpen anitzak, sakondu dugu indarkeria hori gauzatzen den eremu bakoitzaren identifikazioan eta baliabideak eta neurri berariazkoak exigitu ditugu indarkeria hori deuseztatzeko.

 

2017an, duela gutxi amaitu denean Europar Batasunak pertsona errefuxiatuak birkokatzeko ezarritako epea, ezinbestekoa zaigu arreta jartzea emakume eta neskato errefuxiatuek pairatzen duten berariazko indarkerian. Indarkeria horrek lotura du gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak sortzen eta birsortzen dituen egitura patriarkalarekin berarekin, baina, gainera, are larriagoa da neskato eta emakume errefuxiatuek bizi dutena bezalako ahuldade handiko egoeretan. Generogatiko desberdintasunak dira gure garaiko giza eskubideen urraketa iraunkorrenetako bat, eta, hori horrela, gerra eta gatazka armatuen testuinguruan dituen ondorioak onartezinak dira nazioarteko komunitatearentzat.

 

Azken bi urteetan, Europara iristen diren neskato eta emakume errefuxiatuen portzentajea areagotzen joan da, eta haien baldintzek eta errealitateak, gure begietatik gero eta hurbilago egonda, presenteago egon beharko lukete administrazio guzti-guztien agenda politikoetan. Badakigu neskatxa edo emakume izateak esponentzialki biderkatzen duela ahuldade maila, bai jatorrian, bai bidean, bai helmugan; eta, militarizazio testuinguruetan, menderatze patriarkalaren sistema indartu egiten dela eta desberdintasunak are sakonago egiten dituela. Neskato eta emakume errefuxiatuak zenbait egoera pairatzeko arriskuan suertatzen dira, hala nola sexu-indarkeriako egoerak, osasun- eta hezkuntza-baliabideak bezalako oinarrizko zerbitzuen ukazioa, bazterkeria sozialera kondenatuak izatea, beharturiko ezkontzak, haurdunaldi goiztiarrak, sexu- edo lan-esplotazioa helburu duten trata-sareen eskuetan erortzeko arriskua eta abar.

 

Errealitate horren aurrean, beharrezkoa eta premiazkoa da neskatoei eta emakumeei aukera berak eskaini eta ziurtatzeko betebehar legezko, politiko eta etikoari erantzutea, edozein dela ere haien jatorria edo egoera.

 

Hori guztia dela eta, toki entitateok kolektiboki ADIERAZTEN DUGU

GURE ARBUIOA, emakumeek pairatzen dituzten hainbat diskriminazioren ondoriozko edonolako indarkeria sexistaren aurrean, edozein alor eta testuingurutan.

 

GURE KONPROMISOA, administrazio publiko garen aldetik, lanean aktiboki jarraitzeko emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeriak eta ahuldade egoerak sortzen dituzten desberdinkeria guztien aurka.

 

GURE ESKAKIZUNA, bete dadin Europar Batasunean asiloa eskatu duten emakume errefuxiatuen egoeraren gaineko Ebazpena, iragan martxoaren 8an bozkatu zena. Ebazpen horrek dioenez, beharrezkoa da genero indarkeriaren aurkako estrategia integratuak aplikatzea eta emakumeak banan-banan inskribatu eta dokumentatzea haien segurtasuna eta autonomia bermatze aldera, bai eta jazarpentzat eta EBn asiloa emateko baleko arrazoitzat hartzea sexu- eta genero-indarkeria, emakumeen genitalen ebaketa, trata, behartutako ezkontzak, ohore-krimenak eta estatuek babestutako sexu-diskriminazioa, eta giza baliabide eta baliabide material egokiak jartzea haien eskura.

 

GURE ELKARTASUNA, erasoak pairatu dituzten edo erailak izan diren emakumeekin eta indarkeria sexistari aurre egin behar dioten emakume eta neskatoekin.

 

HERRITAR GUZTIAK GONBIDATZEN DITUGU jarrai dezaten emakumeen aurkako indarkeria arbuiatzen, eta konpromisoa erakusten indarkeria horren deuseztatzearekin, kontrol patriarkalaren adierazpen eta emakumeen askatasunerako eta autonomiarako muga eta baldintzapen oro salatzen, eta parte har dezaten azaroaren 25aren inguruan antolatzen diren ekitaldi guztietan.

 

Horrela bakarrik lortuko dugu aurrerapausoak ematea gizarte jasangarri, demokratiko, zuzen eta berdinzaleagoetarantz eta solidarioagoak eta bizitzeko egokiagoak diren komunitateak eraikitzerantz”.