Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Azaroa 9

Foru Legebiltzarrak adierazten du bere borondatea dela gaixotasun larriak dituzten nafar presoak espetxetik kanporatuak izan daitezen, lege indardunei jarraikiz, edo dagozkien neurri aringarriak aplika dakizkien

Osoko bilkuran onartua. 2017ko azaroaren 9an

1.- Legebiltzarrak txosten mediko egiaztatuen arabera gaixotasun larria eta bizi pronostiko laburra edo pairamen sendaezinak dituzten presoen kondenak arrazoi humanitarioengatik berrikusteari buruz indarrean dagoen Estatuko eta nazioarteko legeriaren oinarrizko zioak eta printzipioak sostengatzen ditu.

 

2.- Espetxe Erakundeetako Zuzendaritza Nagusiaren 3/2017 jarraibideak, pairamen sendaezinak dakartzan gaixotasun oso larria dela-eta txosten medikoa emateko eta espetxetik ateratzeko prozeduraren gainekoak, ezartzen dituen alderdi murriztaileak arbuiatzen ditu, batez ere jarraibide horrek ‘oso epe laburrean hiltzeko arrisku nabarmen’ gisa kalifikatzen dituen kasuetan, bai eta Barne Ministerioak eman dion interpretazioa ere, kontra egiten baitie espetxe araudiaren espirituari eta gizatiartasun-printzipiorik oinarrizkoenei, bai eta erabaki horiek ustez hartu beharko lituzketen sendagileen printzipio deontologikoei ere.

 

3.- Legebiltzarrak agintari eskudunei eskatzen die protokolo argi bat egin dezatela, hartara, Zigor Kodearen 91. artikuluarekin eta oinarrizko printzipio humanitarioekin bat etorriz, Espetxe Administrazioak arrazoi humanitarioengatik espetxe zigorraren forma arinagoak eskatu ahal izan ditzan, presoaren eskariz. Protokolo horrek zehaztu behar ditu neurri hori aplikatzeko gertatu behar diren inguruabarrak, kasu bakoitzari buruz isilpeko txostena emanen duen Adituen Batzordearen sorrera, adituok hartutako erabakia errekurritzeko aukera, erabakia jakinarazteko epeak eta abar.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak Estatuko espetxeetako medikuntza unitateen ekipamenduan hobekuntza handia egiteko eskatzen die agintari eskudunei, bereziki osasun mentaleko unitateetan, eta presoentzako desintoxikazio programen eskaintza handitzeko, Europako gomendioak bete daitezen eta gaixorik dauden preso guztiek behar duten tratamendu espezifikoa jaso ahal dezaten. Halaber, suizidioei aurrea hartzeko protokoloan behar diren hobekuntza guztiak egin ditzatela eskatzen die agintari eskudunei.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztua.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkako botoekin onartua.