Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Azaroak 9

Parlamentuak Espainiako Gobernuari eskatu dio gehienez ere hiru hilabeteko epean bete ditzala errefuxiatuak hartzeari dagokionez dituen konpromisoak

Gogorarazi du Europar Batasunean egindako akordioen arabera Espainiak 17.337 pertsona hartzeko konpromisoa duela, baina 1.983 soilik hartu dituela

Parlamentuak, gaurko osoko bilkuran Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin, UPNren abstentzioarekin eta PPNren aurkako botoarekin onetsi duen ebazpen batean, Nafarroako Gobernua premiatzen du “gehienez ere hiru hilabeteko epean bete ditzan errefuxiatuak hartzeari dagokionez jada hartutako konpromisoak, hartara frogatuko baitu benetako borondatea daukala pertsona horiek Espainiako Estatura heltzeko beharrezkoak diren tresnak ezartzeko”.

 

Onetsi den ebazpenaren bigarren puntuan, aho batez, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio “errefuxiatuak EBn sartzeko legezko bideak taxutu ditzan, pertsona-trafikoko sareak amaiarazteko eta gure mugetan ikusten ari garen gizaki-dramari bukaera emateko”.

 

Hirugarren atal bat gehitu da, Geroa Baik eskatuta —ekimenaren titularrak, Podemos-Ahal Duguk, zuzenketa onartu dio—, eta bertan Espainiako Gobernuari eskatzen zaio indarrik gabe utz dezala Herritarren Segurtasunari buruzko martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoaren azken xedapenetatik lehenengoa. UPNk eta PPNk puntu horren aurka bozkatu dute eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek alde.

 

Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioak sustatutako ebazpen horren zioen azalpenean salatzen denez, duela hilabete baino gehiago bukatu da epea eta Espainiak 1.983 pertsona soilik hartu ditu, 17.337 pertsona hartzeko konpromisoa bazuen ere, EBn bi urtean 160.000 errefuxiatu birkokatzeko eta birfinkatzeko egin ziren akordioen arabera.

 

Horri dagokionez, proposatzaileak hau gogorarazten du: “NBErena den Errefuxiatuentzako Agentziaren arabera, 65 milioi pertsona baino gehiago daude beren etxeetatik alde edo ihes eginda, askotariko arrazoiak direla medio: gerrak, aldaketa klimatikoa, gosetea... Kopuru hori gora doa egunez egun, Europan nahiz munduko beste erregio batzuetan asilo-eremua murriztu bidenabar”.

 

  •