Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Azaroa 9

Osasunaren eta Gizarte Zerbitzuen arloetako Itun Sozialak arautzen dituen Foru Legea onartu dute

Irabazi-asmorik gabeko erakundeekin itun sozial egokiak mantentzea, gai teknikoak lehenestea eta lan eskubideak indartzea azpimarratu dute

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak Osasunaren eta Gizarte Zerbitzuen arloetako Itun Sozialen Foru Legea onartu du gaur, toki entitateetan ere ezarriko dena, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren abstentzioarekin.

 

Foru Legearen helburua “itun sozialak arautzea da, irabazi-asmorik gabeko erakundeek osasun eta gizarte zerbitzuen alorretan zerbitzuak eskain ditzaten baliabide publikoak nahikoak edo aproposak ez direnean”.

 

Arauak berariazko araubide bat ezartzen du zeharkako kudeaketa hori gauzatu ahal izateko, merkataritza-enpresekiko kontratazio publikoaren arauditik kanpo.

 

Baliabide falta eta hitzartutako zerbitzuak martxan jartzeko ezintasuna, aurrekontu edo bestelako arazoak direla eta, txosten baten bidez justifikatu beharko da. Baliabide propioekin edo zuzenean eskaintzen diren zerbitzuak inolaz ere ezingo dira hitzarmen baten bidez zeharka kudeatu.

 

Batzordean arauaren idazketa argitzeko eginiko zuzenketen arabera, hitzartutako zerbitzuen mantentze egokia, gai teknikoak lehenestea eta lan eskubideak indartzea azpimarratu da.

 

Irabazi-asmorik gabeko erakunde bezala eratu eta erregistratutako erakundeekin egingo dira hitzarmenak, beste kudeaketa modu batzuekin alderatuz kostuak areagotu gabe zerbitzuak eskaintzeko gai izango diren erakundeekin, eta euren helburu sozialen onurarako berrinbertsioarekin estatutuetako konpromisoa dutenekin.

 

Adjudikazio hartzaile izateko baldintzen artean aipatzen dira “hitzarmen deialdiaren aurreko bost urteetan irabazi-asmorik gabeko erakunde gisa burututako ekintzen edo zerbitzuen eskaintza egokiaren egiaztagiria, eta epe hau bi urtekoa izango da Lege hau indarrean sartu aurretik eratutako erakundeen kasuan”, eta “ezartzen den epealdian hitzarmenaren helburu edo izaeraren araberako esperientzia iraunkorra”.

 

Era berean, Nafarroako Administrazioko eta hitzartutako erakundeetako langileen arteko lansari eta lanaldietako desberdintasunen murrizketa aintzat hartzea aurreikusten da (desberdintasunak handiagoak diren kategoriak lehenetsiz), beti ere hitzartutako zerbitzuaren gastuak areagotzen ez badira. Esparru honetan, arauak “Nafarroan ezarri daitekeen hitzarmen kolektiboa” aipatzen du arrazoitzat.

 

Aintzat hartuko da eskaintzaren balio teknikoa, esperientzia, formazio espezifikoa, hizkuntza-profila, sareko lana, arreta integrala edo erabiltzaileen iritzia, eta horrez gain, lan merkatura sartzeko zailtasunak dituzten pertsonen kontratazioa ere kontuan hartuko da, baita zuzendari postuetarako emakumeen kontratazioa ere.

 

Hitzarmenaren prezioari dagokionez, aditzera eman dute itundutako zerbitzuen mantentze egokia bermatuko duela, modu honetan esleipen ekonomikoa nahikoa izango da maila baxueneko sektoreko hitzarmen kolektiboko soldata-gastuak eta segurtasun sozialeko gastuak betetzeko, baita zerbitzuen garapenerako beharrezkoak diren zeharkako eta zuzeneko gainerako karguak asetzeko ere.

 

Kostuen eguneratzeak utzi gabe, kalitatearen estandar berrietatik eratorritako kosteak ere aintzat hartuz, prezioak ezingo du inolaz ere “indarrean dagoen tasa eta prezio publikoen foru arautegiak ezartzen duena gainditu”.

 

Soldata kostuak, adierazten denaren arabera, aurretik aipatutako lansarien desberdintasun murrizketaren printzipioaren esparruan kalkulatuko dira, eta zehaztasunez adierazi beharko dira, lan kategorien arabera, “maila baxueneko sektoreko hitzarmen kolektibokoaren” arabera, eta kasua ematen bada, lansari desberdintasunak murrizteko hitzarmenaren prezioan adierazitako areagotzea azpimarratu beharko da.

 

Zerbitzuak zuzenean esleitu ahal izango dira baldin eta erakundeak zerbitzu publikoaren finantzazioaren zati bat bere gain hartzen badu, Administrazioarentzat hitzarmenaren prezioa baxuagoa izango da honela aipatutako arau orokorrak aurreikusten duena baino. Hau guztia hitzartutako zerbitzuen mantentze egokia eta esleipen irizpideak errespetatuz egingo da.

 

Legeak “eguneko zentroak” eta erresidentziak esleipendun zuzen posibletzat hartzen ditu “asistentzia jarraipena bermatzea” beharrezkotzat hartzen denean.

 

Bestalde, Lege hau indarrean sartu eta bi urteko epean, itun sozialak hitzartuko dituzten Departamentuek ikerketa bat egingo dute zeharkako kudeaketaren bitartez eskainitako zerbitzuei buruz, eta Nafarroako Parlamentuari berrikusketa eta planifikazio ibilbide bat aurkeztuko diote, berreskuratze aurrerakor bat egiteko helburuarekin.

 

10/1990 Osasunari buruzko Foru Legeak 77. artikuluan ezartzen duenaren arabera, Zentro eta zerbitzuen Erabilera Publikoaren Asistentzia Sarean sartzea Lotura Hitzarmen Bereziaren bidez eramango da aurrera eta Nafarroako Parlamentuaren aurretiazko berrespena beharrezkoa izango da.

 

Osasunaren eta Gizarte Zerbitzuen arloetako Itun Sozialen Foru Legearekin batera eta toki entitateetan lege honen aplikazioa ahalbidetzeko, 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioarena eraldatzea onartu da, babes berdinekin.

 

Legearen enuntziatu bakarrak 6/1990 Foru Legeko 203 artikuluari 3. atal bat gehitzen dio, Nafarroako toki entitateei ahalmena emateko osasunaren eta zerbitzu sozialen arloko hitzarmen hauen arautegia aplika dezaten.

 

Toki entitateei dagokien edukiaren zehaztasuna, lege proiektutzat tramitatu da, 6/1990 Foru Legeak, uztailaren 2koak, Nafarroako Toki Administrazioarenak gehiengo absolutua eskatzen baitu.

 

  • www.parlamentodenavarra.es
  • Foru Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 110. Zk, 2017-09-08)
  • Foru Lege proiektuaren zehaztasunen argitalpena (NPAO, 125. Zk, 2017-10-17)
  • Zuzenketen argitalpena (NPAO, 125. Zk, 2017-10-17)
  • Irizpenaren argitalpena (NPAO, 131. Zk, 2017-10-27)