Noiz argitaratua Ostirala, 2017.eko Urriak 6

Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du Erriberan nekazaritzako elikagaien sektorea, AHTa eta Nafarroako Ubidea laguntzeko

Onetsitako 16 erabakietan apustu egiten da, besteak beste, osasun publikoa eta ingurumena hobetzearen alde, ondare natural eta kulturala dinamizatzearen alde eta xenofobia prebenitzearen alde

Parlamentuaren Osoko Bilkurak Nafarroako Erriberaren egoera ekonomikoari, hezkuntzazkoari eta sozialari buruzko saio monografikoan eztabaidatutako 25 erabaki-proposamenetatik (talde bakoitzeko bost) 16 onetsi ditu (Geroa Bairen 2, EH Bilduren 1, Podemos-Ahal Duguren 1, PPNren 3, I-Eren 1, lau indarrek elkarrekin aurkeztutako 3 eta PSNren 5, horietako bat I-Erekin batera aurkeztua).

 

Gonbidatuen palkoan, Osoko Bilkura jarraitzen, honako alkate hauek egon dira, besteak beste: Tuterako Eneko Larrarte, Faltzesko Valentín García, Milagroko Yolanda Ibáñez, Cintruenigoko Raquel Garbayo, Cortesko Conchi Ausejo, Cascanteko Alberto Añón, Azkoiengo Juan Carlos Castillo, Corellako Gorka García, Zarrakazteluko Javier Igal, Murchanteko Tomás Aguado, Valtierrarako Vitori Montori, Alesbesko Delia Lizoain, Azagrako Ignacio Gutiérrez, eta Ribaforadako Jesús Mari Rodríguez. Gainera, Pachi Yanguas eta Cristina Sanz senatariak eta Iñigo Alli diputatua egon dira.

 

Bere erabaki-proposamenak aldeztu dituen lehen taldea NAFARROAKO ALDERDI POPULARRA izan da, eta aurkeztutako bost ekimenetatik hiru atera ditu aurrera; honako hauek eskatzen dituztenak, hain zuzen: AP-15 autobidearen doakotasuna, AHTa abian jartzea eta Nafarroako Ubidearen bigarren fasea eta Erriberaren garapen ekonomikoa.

 

PPNren lehenengo erabaki-proposamena, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren, PSNren, PPNren eta I-Eren aldeko botoekin eta UPNren eta Geroa Bairen aurkako botoekin onetsi da. Honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak premiatzen du legebiltzarraren Osoko Bilkurak 2016ko apirilaren 7an onetsitako mozioa bete dadin; hartan, AP-15 autobidea doan ezartzea eskatzen zen, Erriberako herritarrek historikoki eskatu bezala.

 

PPNren bigarren erabaki-proposamena, UPNren, PSNren eta PPNren aldeko botoekin onetsi da; honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Espainiako Gobernuarekin batera lan egin dezan, abiadura handiko trenaren iristea eta Nafarroako Ubidearen bigarren fasea berehala aktibatzeko eta abian jartzeko”.

 

PPNren aurkeztutakoetatik hirugarren erabaki-proposamena onetsi da UPNren, Geroa Bairen, PSNren, PPNren eta I-Eren aldeko botoekin eta EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren abstentzioekin; honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Erriberaren garapen ekonomikoa susta dezan ekonomia bultzatzeko eta dinamizatzeko neurriekin; honako hauek daude neurri horien artean:

 

-Enplegu-plan bat egitea, eskualdeko langabezia-tasa handia gutxitzeko.

 

-A-15 autobiako Tutera-Medinaceli tartearen eraikuntza bultzatzea.

 

-Ebroko Ardatza garatzearen alde egitea, Aragoiko, Errioxako eta Nafarroako autonomia erkidegoen baterako intereseko arloetan; horretarako, plan estrategiko bat eginen da, partekatzen dituzten erronketarako baterako ekimenak proposatuko dituena. Erronka horietako bat nekazaritzako elikagaien sektoreari dagokiona da.

 

-Erriberako ehun produktiboaren eta lanbide heziketako ikasketen eta NUPeko karreren arteko lotura erraztea”.

 

PPNren erabaki-proposamenetatik ezetsi den lehenengoak honako boto hauek izan ditu: Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoak eta UPNren, PSNren eta PPNren aldeko botoak. Honako hau dio:

 

“1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Erriberako hezkuntza-kalitatea hobetzera, Erriberako eta Nafarroako gainerako eskualdeetako ikasleen aukera-berdintasuna sustatzeko neurrien bitartez; honako neurri hauek, besteak beste:

 

-Hizkuntzak ikasteko programa eskaintzen dituzten ikastetxeen kopurua handitzea, ingelesaren irakaskuntza bermatzeko.

 

-Gobernuak bere gain hartzea Fernando Remacha kontserbatorioaren titulartasuna, Iruñeko kontserbatorioen titulartasuna bere gain duen bezala.

 

-Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Tuterako campusa bultzatzeko plan bat egitea.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du plan kultural estrategiko bat bultza dezan, honako xede hauekin: Erriberako tradizioak sustatzea, herri tradizioak identifikatu eta babestea eta agenda kulturala eta Nafarroako Gobernuak kultur ekintzen antolamenduan eta programazioan duen inplikazioa hobetzea".

 

PPNren erabaki-proposamenetatik ezetsi den bigarrenak honako boto hauek izan ditu: Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoak eta UPNren, PSNren eta PPNren aldeko botoak; honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Erriberaren errealitate soziolinguistikoa errespeta dezan esparru guztietan: hezkuntza, administrazioa, irudia, kartelak eta seinaleak eta are tokiko maparen erreforma ere. Horretarako, inposizioak baztertuko ditu, bereziki euskararena”.

 

UPNren BOST EKIMENAK EZETSI DIRA

 

UPNk aurkeztutako bost erabaki-proposamenak ezetsi egin dira, guztiak ere Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin eta UPNren, PSNren eta PPNren aldeko botoekin.

 

UNPren erabaki-proposamenetatik ezetsi den lehenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du 6 hilabeteko epean Erriberarako berariazko enplegu-plan bat ezar dezan. Plan horrek behar diren neurri eta ekimenak jasoko ditu, beren kronogramarekin, eta lagungarri gertatuko dira Erriberako langabetuen eta enplegu-eskatzaileen laneratzerako eta enpresa berriak ezartzeko. Halaber, plan horrek langileen etengabeko prestakuntzara bideratutako ekimen batzuk jasoko ditu. Prestakuntza horretarako, kontuan hartuko dira Erriberan dauden ikastetxe eta heziketarako zentroetako baliabide materialak eta giza baliabideak.

 

Lanketarako eta azterketarako, kontuan hartuko da eskualdeko eragile ekonomiko eta sozialen laguntza.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du hiru hilabeteko epean plan bat presta dezan, banda zabala Erriberako industrialde guztietara eramateko eta hori 2018 eta 2020 bitartean egiteko.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du 2018. urtetik aurrera inbertsio berriak erakartzeko urteko laguntzetarako deialdia egin dezan, bai jada ezarrita dauden enpresentzat, bai sektoreko enpresa berriak abian jartzeko eta haietan inbertsioak egiteko gastuetarako.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du 6 hilabeteko epean Nafarroako Erriberarako turismoaren eta harekin lotutako jarduera ekonomikoen arlorako berariazko plan bat ezar dezan.

 

Planak behar diren neurriak edukiko ditu Erriberako turismoaren, aisiaren eta kulturaren arloko potentzialtasun guztiak garatzeko. Horretarako, herri bakoitzak dauzkan aukerak hartuko dira kontuan: aisiarako eta astialdirako instalazioak, ostatu-azpiegiturak, gastronomia, enologia, ingurumena, kirola, kultura, artisautza, paisaiak, ibiliak egiteko aukera, ondare historiko-artistikoa, bainu-etxeak, tradizioak eta abar.

 

Horretarako, 2018rako Nafarroako aurrekontu orokorrek kasuko partida jasoko dute, plan hori garatzea bideratuko duena, aurrekontu-ekitaldi horri dagokion guztian”.

 

UNPren erabaki-proposamenetatik ezetsi den bigarrenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Erriberako ikastetxeetan dibertsitateari arreta emateko baliabide materialak eta giza-baliabideak areagotu ditzan. Ratioak gutxituko dira eta arreta indartuko da hezkuntza-premiak dituzten ikasleen edo sozioekonomikoki egoera ahulean dauden familietatik heldutako ikasleen, ikasle etorkinen edo berandu sartu diren ikasleen kopuru handia dagoen ikastetxeetan. Eman beharreko laguntzen arabera, ikasturte honetan zehar edo/eta 2018-2019 ikasturtean ezarriko dira.

 

Halaber, 2018-2019 ikasturtean oinarrizko prestakuntzako ikasketak ezarriko dira Erriberako herri garrantzitsuenetan, bai eta haien laneratzea bidera dezakeen enpresa-jarduera oso berariazkoa dagoen beste batzuetan ere.

 

Lanbide heziketaren atalean, 2018-2019 ikasturtean ikasleentzako tokien kopuru handiagoa ezarriko da eskaera handiena duten gradu ertainetan eta goi mailako graduetan. Halaber, datorren ikasturterako LHko ikasketen eskaintza handiagoa eginen da, eskualdearen beharren arabera eta enpresetako ordezkarien parte-hartzearekin.

 

Arte-irakaskuntzen atalean, ikasketa horiek indartuko dira, eta Erriberan ezarrita dagoen hezkuntza-eskaintza horri buruzko informazio gehiago emanen da”.

 

UNPren erabaki-proposamenetatik ezetsi den hirugarrenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroako Ubidea guztiz gara dezan, Erriberaren garapenerako ezinbesteko tresna den aldetik, eta Nafarroako ubidearen bigarren fasea has dezan (Pitillasko aintziratik Ablitasko Lor aintzirara); halaber, gizakientzako eta industrietarako hornidura bermatuko du, bai eta hasiera batean Espainiako eta Nafarroako gobernuen artean ezarritako 21.500 hektareako ureztalurretarako hornidura ere.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du 9 hilabeteko epean, Ebroko Konfederazio Hidrografikoarekin koordinatuta, azterlan bat egin dezan Erriberan zehar doazen ibaien ibilguetarako jarduketa-beharrei buruz, uholdeen eraginak gutxitzeari begira”.

 

UNPren erabaki-proposamenetatik ezetsi den laugarrenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du abiadura handiko trenaren garapena babestu eta susta dezan Nafarroako lurretan, eta Erriberan salgaietarako geraleku bat sortzearen alde lan egin dezan.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du logistikaren, nekazaritzako elikagaien eta beste aukera batzuen aprobetxamendu optimorako neurri batzuk presta ditzan, garapen ekonomikorako, horien bidez enplegu egonkorra, kalitatezkoa eta aukera-berdintasunaren aldekoa sortzeko.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du 6 hilabeteko epean sistema bat ezar dezan, zerga-neurrien eta neurri ekonomikoen bitartez edo bestelako neurrien bitartez, Nafarroako Autobidetik (AP-15) iragatea doan izan dadila bermatzeko.

 

Sistema hori autobidearen emakidadunarekin adostuko da, 2018ko irailean indarrean sar dadin”.

 

UNPren erabaki-proposamenetatik ezetsi den bosgarrenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du ez dezan euskarari buruzko inongo araudirik alda, halako aldaketen bidez eragiten bada Erriberako herritarrek enplegu publikoak eskuratzeko baldintza okerragoak izan ditzatela”.

 

GEROA BAIren BOST ERABAKI-PROPOSAMENAK ONETSI EGIN DIRA, HORIETATIK HIRU BILDUREN, PODEMOSEN ETA I-Erekin ITUNDUTA

 

GEROA BAIk aurkeztutako bost erabaki-proposamenak onetsi egin dira, horietatik lau aho batez. Horien artean daude EH Bildurekin, Podemos-Ahal Dugurekin eta I-Erekin itundutakoak, zeinak honako gai hauei buruzkoak baitira: Tuterako osasun barrutia hobetzea, ingurumenaren jasangarritasuna eta nekazaritzako elikagaien sektorea garatzea.

 

Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek itundutako ebazpenetatik lehenak, aho batez onetsi denak, honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du kalitatezko osasun publikoaren aldeko apustua egin dezan, Tuterako Osasun Barrutian behar diren berariazko neurriak ezarriz, honako arlo hauetan hain zuzen:

 

  • Oinarrizko osasun laguntzari dagokionez, hiru hilabeteko epean osasun etxeetako eta kontsultategietako azpiegiturak eta ekipamenduak hobetzeko berariazko plan bat diseinatuko da, eta hartan beharrizanen diagnostiko bat eginen da eta lehentasunak, egutegi zehatz bat eta behar diren baliabideen aurreikuspena ezarriko dira.
  • Laguntza espezializatuari dagokionez, neurri zehatzak ezarriko dira Reina Sofía Ospitaleko instalazioak eta ekipamendua hobetzeko, lehentasuna emanez errehabilitazioaren, hemodialisiaren eta larrialdien arloei, eta jada aurreikusita dagoen erresonantzia magnetikoko aparatua ezartzeari. Horretarako, hiru hilabeteko epean, inbertsio-plan progresibo bat diseinatuko da, eta horretan profesionalen parte-hartzea hartuko da kontuan.
  • Larrialdiei dagokienez, epe laburrean behar diren neurriak hartuk dira Tuterako Larrialdi Zerbitzu Arruntean gutxi-asko gertatzen diren arazo batzuei aurre egiteko, medikuntzako eta erizaintzako lantaldeak sendotuz eta ekipamenduaren arloko gabeziei konponbidea emanez. Halaber, Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartuko du epe ertainean egiturazko neurriak hartzeko, osasun etxe eta larrialdi zerbitzu arrunt berriak eraikitzeko aukera aztertuz, egungo Tuterako Mendebaldeko osasun etxea eta larrialdi zerbitzu arrunta ordezteko.
  • Azkenik, giza baliabideen esparruan, hilabeteko epean egungo egoeraren eta epe laburreko eta epe luzeko beharrizanen diagnostiko bat eginen da, eta hiru hilabetean Tuterako Barrutiko erretiroak eta laneko ez-joateak estaltzeko plan bat diseinatuko da, lehentasuna emanez profesionalen kontratazioari eta plantillen egonkortze eta fidelizazioari”.

 

Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk e I-Ek itundutako bigarren erabakiak, GBren, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta UPNren, PSNren eta PPNren aurkako botoekin onetsi denak, honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Erriberako ingurumena zaindu eta hobetzeko, neurriak hartuz uraren, basoen, hondakinen eta ingurumen-kalitatearen zaintzaren arloko kudeaketa integralaren inguruan; haietan, honako hauek jasoko dira, besteak beste:

 

  • Erriberan basoen kudeaketa jasangarria sustatuko da, hura zainduz eta biodibertsitatearen galera eta desertizazio-arriskua saihesten lagunduko duten espezie autoktonoen basoberritzea areagotuz, paisaiaren mosaikoa hobetzeaz gainera. Monitorizatuko da Erriberako herriek ingurumenaren arloan berrinbertitu dezatela diru-sarrerak sortzen dituzten esku-hartzeetan lortutako guztiaren % 25.
  • Hondakinei buruzko 200/98/EEE Esparru Zuzentarauak eta 2017-2027 urteetarako Nafarroako Hondakinen Planak berak ezartzen dituen printzipioen (autoaskitasuna eta hurbiltasuna) eta helburuen (gutxitzea, berrerabiltzea eta birziklatzea) betetzea bermatzea, “El Culebrete” (Tutera) plantako hondakinen kudeaketa dela eta.

 

Emisio kutsagarri handienak sortzen dituzten enpresetan ingurumen-baimenak monitorizatzea eta berrikustea, immisioen arloan dagoen araudia betetze aldera, ozono troposferikoaren sorkuntza eragiten duten kutsatzaile aitzindarien aurka jardunez, haien presentzia kezkagarria baita Erriberan”.

 

Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek itundutako ebazpenetatik hirugarrenak, Geroa Baik aurkeztu eta aho batez onetsi denak, honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du nekazaritzako elikagaien sektorearen garapenean ari diren organismo eta erakunde guztiekin laguntzako, koordinazioko eta lankidetzako neurriak bultzatzen laguntzeko”.

 

Geroa Bairen laugarren erabaki-proposamena aho batez onetsi da; honako hau dio:

 

  • “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Erriberaren, haren baliabideen eta haren tradizioen eta kulturen kulturaren, mestizaiaren eta gastronomiaren balioa ikustaraz ditzan, Nafarroako destino ezaguna eta erreferentziakoa izan dadin. Enplegu-aukera berriak sortzeko gai den destinoa izango da, ingurumen-, kultura-, nekazaritza- eta gastronomia-balioak integratzen dituena.
  • Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du naturaguneak dinamizatu, sustatu eta hedatzeko ildoak indar ditzan, eta haiek sar ditzan Nafarroa osoan sustatzen ari den Naturagune eta Gune Berezien Sarean.
  • Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Erriberako hainbat herritan dagoen ondare industriala, ez-materiala eta baratzezaintza-tradizioaren arlokoa berreskuratzeko funtsak jar ditzan, iraganeko bizimoduak aurkezteko harrera-lekuak izan baitaitezke, bai eta, azken batean, bisitarien eta bertakoen arteko topagunerako eta esperientziak trukatzeko aukera bat ere, betiere NAFARROAKO BARATZEAREN ibilbide historikoari eta egungoari balioa emanez.
  • Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Erriberan zikloturismoa susta dezan, Bideen eta Bide Berdeen Sarearen bitartez, eta baliabideak bidera ditzan bideak egokitzeko eta haien irisgarritasun unibertsala lortzeko.
  • Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du susta dezan Erribera Nafarroako lurralde desberdinetako kalitatezko produktuen topagunea izan dadila, uztarketa eta haiek batera biltzea erraztuz. Horrek berekin dakar Erriberako sukaldarien lana aintzat hartzea, baloratzea eta laguntzea, beren sukaldeetara eta bezeroarengana eramateagatik produktu horietan eta tradiziotik berrikuntzara doazen lan egiteko modu batzuetan oinarritutako gastronomia bat.

 

Geroa Bairen bosgarrena erabaki-proposamena ere aho batez onetsi da; honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du lan egiten jarrai dezan —Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Departamentuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren bitartez—, gainerako departamentuekin koordinatuta eta zeharkako eraz, eta toki-entitateekin, elkarteen ehunarekin eta komunitate islamiarrekin beraiekin batera, erradikalizazioaren eta xenofobiaren prebentzioan, eta bakearen, errespetuaren eta bizikidetzaren kultura sustatzen jarrai dezan”.

 

EH BILDUk BAKARKA ALDEZTUTAKO BIETATIK BAT ONETSI DA

 

Geroa Bairekin, Podemos-Ahal Dugurekin eta I-Erekin itundutako hiruez gainera, EH BILDUk beste bi erabaki-proposamen aldeztu ditu; horietatik bat onetsi da, lankidetzarako eta koordinaziorako espazio misto bat sortzeari buruzkoa, zeinean eragile sozial, politiko eta instituzionalek tokia izanen baitute.

 

EH BILDUren erabaki-proposamena Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren, PSNren, eta I-Eren aldeko botoekin eta UPNren eta PPNren aurkako botoekin onetsi da. Honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du lankidetzarako eta koordinaziorako espazio misto bat sor dezan, zeinean eragile sozial, politiko eta instituzionalek parte hartuko baitute, bai eta Erriberako erakundeek ere. Espazio horretan, gainera, jatorri kultural guztiek izango dute ordezkaritza. Erabakiak hartzeko eta dibertsitate kulturaleko eta migrazioko politikei buruzko neurriak abian jartzeko espazio bat izanen da, haien bitartez kulturen aniztasunean oinarritutako bizikidetza hobetu eta bultzatzeko, bai eta Erriberan harrerarako protokolo integral bat sortzeko ere, Erriberara iristen diren edo berriki iritsi diren etorkin guztiei zuzendua, horren barne direla egoera administratibo irregularrean daudenak. Herritar guztien eskubide- eta aukera-berdintasuna bermatuko du protokolo horrek”.

 

EH BILDUren erabaki-proposamena ezetsi egin da, UPNren, Geroa Bairen eta PPNren aurkako botoekin, PSNren abstentzioarekin eta EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin. Honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du eskolaratzeari buruzko araudia alda dezan, Tuterako eremu bakarra desagerrarazteko, zeren eta horrek aukera ematen baitie ikastetxe itunduei ikasleak hautatzeko, hurbiltasunaren irizpidea zaharkiturik utzita. Atzerapen bat da hori orekari, hezkuntza-konpentsazioari eta ikasleen gizarteratzearekin zerikusia duten guztiari dagokionez. Aldaketarekin saihestuko da ghettoak eta ikasleen kontzentrazioak gerta daitezela, ezaugarrien arabera (sexuaren, erlijioaren eta abarren arabera)”.

 

PODEMOS-AHAL DUGUk BAKARKA ALDEZTUTAKO BIETATIK BAT ONETSI DA

 

Geroa Bairekin, EH Bildu eta I-Erekin itundutako hiruez gainera, PODEMOS-AHAL DUGUk beste bi erabaki-proposamen aldeztu ditu; horietatik bat onestea lortu du, emakumeek nekazaritzako elikagaien erakundeetan duten presentzia sustatzeari buruzkoa.

 

PODEMOS-AHAL DUGUren erabaki-proposamena aho batez onetsi da. Honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du susta dezan emakumeek nekazaritzako elikagaien erakundeetan daukaten presentzia, zeren eta gutxiegi ordezkatuta baitaude, eta gaitasun tekniko eta prestakuntza maila altuak baitauzkate. Gainera, haien lanak aitorpena merezi du, landa ingurunearen dinamizatzaileak baitira”.

 

PODEMOS-AHAL DUGUren erabaki-proposamena ezetsi egin da, UPNren, PSNren eta PPNren aurkako botoekin, Geroa Bairen abstentzioarekin eta EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin. Honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du azterlan bat egin dezan, non klima aldaketak erkidegoaren ureztalurretan ekarriko dituen agertoki berrien ondorioak jasoko baitira, zehazkiago Nafarroako Ubidearen bigarren fasearen garapenari dagokionez; horrekin, aurrera egin nahi da 2030 Agendarekin eta Garapen Jasangarriaren Helburuekin hartutako konpromisoan”.

 

BEHAR ADINAKO BABESA PSNren PROPOSAMEN GUZTIENTZAT

 

PSNk lortu du aurkeztu dituen bost erabaki-proposamenak onets daitezen; horietako bat aho batez onetsi da.

 

PSNren lehen erabaki-proposamena UPNren, EH Bilduren, PSNren, PPNren eta I-Eren aldeko botoekin eta Geroa Bairen eta Podemos-Ahal Duguren abstentzioekin onetsi da; honako hau dio:

 

"Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:

 

  • Konpromisoa har dezan Nafarroako Erriberan enpresa eragileak ezartzearekin, nola baitira metalaren sektorekoak, eta produkzio-ehundura dibertsifikatzeko, enpresa eta sektore berriak ezarriz; gutxienez ere, energia berriztagarrien, turismoaren, nekazaritzaren edo autogintzaren arloetako enpresak ezartzea nahi da. Hori guztia Espezializazio Adimendunaren Estrategiaren helburuekin bat.
  • SODENARI eskatzea lurralde horren aldeko jarrera proaktiboagoa izan dezan, inbertsio-egileei laguntza emateko eta enpresen finkapenerako eta hazkunderako programa berariazkoekin, enpresa berriak ezartzeko programa bultzatuz eta Erriberak dauzkan abantailak nazioartean sustatuz.
  • Datozen 6 hilabeteetan, industria- eta nekazaritza-jarduera laguntzeko egituren garapenaren plangintza aurkeztea; honako hauek, besteak beste: portu lehorra, Nekazaritzako Elikagaien Hiria, Erriberako herrietako industrialdeak eta ekintzailetzarako gune/haztegiak. Plangintza horretan, datozen ekitaldietarako, Erriberan inbertsioa laguntzeko deialdien sendotzea jasoko da, bereziki Erriberan irmoki instalatuta dauden sektoreei zuzenduta; esate baterako, kontserba-enpresak eta nekazaritzaren sektorekoak.
  • Erriberako langabeziaren aurkako berariazko plan bat egitea (jada 2015ean hori egiteko premiatu zuen Parlamentu honek), zailtasun handienak dituzten sektoreentzako berariazko neurri urgenteekin, bai eta eskualde ahulenetarako ere, aldagai geografikoa eta soziala landuz. Gainera, enplegu-politika aktiboak areagotu eta indartuko dira, eta langabeziaren adierazleei, datu demografikoei eta pertsonen gaitasun eta ahalmenei egokituko zaizkie.

 

PSNk aurkeztutako bigarren erabakia onetsi da UPNren, Geroa Bairen, PSNren, eta PPNren aldeko botoekin eta EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin; honako hau dio:

 

"Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:

 

  • Lehentasuna eman diezaion Nafarroan AHTaren azpiegitura abian jartzeari, Espainiako Gobernuarekin koordinatuta eta epe ahal diren laburrenak ezarriz; gainera, geratoki bat jarriko da Erriberan, bai bidaiarientzat, bai salgaietarako ere.
  • Gobernu Zentralarekin izapideak arintzea, Nafarroako Ubidearen bigarren fasea lizitatu dadin eta obrak has daitezen, Erriberan ur-beharrei erantzuna emateko behar adinako baldintzekin eta kalitatearekin. Halaber, paraleloki, ureztatze-eremuak hobetu beharko dira, haien erabilera efizienteagoa eginez eta haien osagai guztiak modernizatuz.
  • A-15 Nafarroako Autobiaren amaierari ekitea (Tutera-Madril tartea), Nafarroako Foru Komunitateko herriei zerbitzua emateko behar diren lotuneekin, bereziki Erriberakoei, haietarako sarbidea eta komunikazioa erraztuz”.

 

PSNren hirugarren erabaki-proposamena onetsi da UPNren, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren, PSNren, PPNren eta I-Eren aldeko botoekin eta Geroa Bairen abstentzioekin; honako hau dio:

 

"Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:

 

  • Nafarroako Erriberako pediatriako arreta hobetu dezan.
    • Bermatuko du ospitaleetako pediatriako larrialdiak zuzenean sendagile pediatra batek artatuko dituela 24 orduz, asteko zazpi egunez. Era berean, pediatriako triajerako sistema bat ezar dadin, eta pediatriako laguntza bermatzeko beharrezkoak diren prozedurak sor daitezen, gure erkidegoko beste ospitale-zentro batzuekiko berdintasuneko baldintzetan.
    • Pediatriako laguntza pixkanaka ezarriko da Tuterako Osasun Barrutiko osasun etxe eta kontsultategietan, sendagile pediatra baten eskutik.
    • Aztertuko da ospitale horretan pediatriako irakaskuntza-unitate bat sor dadila, eta Espezialitateen Batzorde Nazionalari egiaztapena eska dakiola.
    • Enplegu-eskaintza publikoan jasotako pediatriako lanpostuak handituko dira, eta Tuterako Reina Sofía Ospitaleari atxikitako lanpostu berriak jasoko dira”.

 

PSNren laugarren erabaki-proposamena (I-Erekin partekatua) Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren, PSNren, eta I-Eren aldeko botoekin eta UPNren eta PPNren aurkako botoekin onetsi da. Honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Erriberan irakaskuntza publikoaren esparruan jarduketa bat egin dezan, baliabide gehigarriak, prozedurak eta egutegi bat ezarriz eskola publikoan egoera ahulean dauden ikasleen kontzentrazio-tasak gutxitzeko eta funts publikoekin ordaindutako ikastetxe guztietan jatorri soziokultural desberdinetako ikasleen banaketa egoki eta orekatua lortzeko aurrerapenak eginez; gainera, jarduketa-ildoak zehaztu, proiektatu eta definituko dira derrigorrezkoaren ondorengo esparruan eta unibertsitatearen esparruan, Erriberako NUPen campusaren eta lanbide-heziketako institutuen prestakuntza-eskaintza estrategikoa izan dadin Erriberarako garapen-arloetan”.

 

PSNren bosgarren erabaki-proposamena aho batez onetsi da; honako hau dio:

 

"Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:

 

  • Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legearen Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako programen eta finantzaketaren arloan garatzeko Erregelamendua onesten duen maiatzaren 22ko 33/2013 Foru Dekretua hiru hilabeteko epean aldatzea, Nafarroako Erriberaren errealitate sozial berriari egokitzeko.
  • Enplegu-zerbitzuak teknikoki indartzea (EISOL eta Nafarroako Enplegu Zerbitzua) eta haiek ibilbide pertsonalizatuak egiteko daukaten ahalmena handitzea, gizarte bazterketaren arriskuan dauden pertsonen gizarteratzearen eta laneratzearen alde egiteko; aldi berean, gizarte zerbitzuen eta enplegu zerbitzuen arteko koordinazioa indartuko da, pertsona guztien enplegagarritasuna sustatzeko.
  • Politika eraginkorrak ezartzea, baliabide tekniko eta ekonomiko egokiekin, immigranteen integrazioa indartzeko”.

 

IZQUIERDA-EZKERRAren guztiak

 

Geroa Bairekin, EH Bildurekin eta Podemos-Ahal Dugurekin itundutako hiruez gainera eta PSNrekin batera aurkeztutakoaz gainera, IZQUIERDA-EZKERRAk beste erabaki-proposamen bat aldeztu du, eta onetsi ere egin da.

 

I-E erabaki-proposamena Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren, PSNren, eta I-Eren aldeko botoekin eta UPNren eta PPNren aurkako botoekin onetsi da. Honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak babesten du Erriberako toki entitateek eta eragile ekonomiko eta sozialek garatutako lana eta partaidetza-prozesua, Nafarroako Erriberaren Espezializazio Adimendunaren Eskualdeko Estrategia prestatzeari begirakoa, eta Nafarroako Gobernua premiatzen du, behin onetsi ondoren, haren aplikazioa babes dezan”.