Noiz argitaratua Astelehena, 2017.eko Urria 2

Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten ditu errepresioa eta U-1aren ostean aldebakarreko independentzia-aldarrikapena egiteko saiakera

Legebiltzarrak Bardeako tiro-poligonoa desegiteko plan bat exigitzen du eta pertsona gorren nazioarteko egunarekin nahiz autismoaren Europako egunarekin bat egiten du

- Eledunen Batzarrak lau adierazpen instituzional onetsi ditu Kataluniako U-1a dela-eta.

 

PSNren ekimenez onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak zuzenbide estatuarekiko konpromiso sendoa adierazi nahi du estatu demokratikoetako herritarrentzako segurtasun-esparrua den aldetik, bai eta herritarren eskubideen eta betebeharren berme-emaile ere.

 

2. Nafarroako Parlamentuak elkarrizketarako, lasaitasunerako, sosegurako eta norbere buruari eusterako dei egiten du, zuzenbideko estatua bermatu behar duen egonkortasuna eraikitzeko”.

 

Adierazpena UPN, PSN, PPN eta I-Eren aldeko botoekin onetsi da; Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak eta Podemos Ahal Duguk aurkako botoa eman dute.

 

PSNren proposamenak beste hiru puntu zeuzkan, baina ez dira onetsi. Lehenengoak honako hau zioen: “Nafarroako Parlamentuak salatu egiten du egoera hau eragin duen elkarrizketa-eza; halatan, egoeraren erantzule egiten ditu aurrena Kataluniako Gobernua, egindako ageri-ageriko legezkontrakotasunagatik, eta hurrena Espainiako Gobernua”. PSNk aldeko botoa eman du, I-E abstenitu egin da eta gainerako guztiek aurkako botoa eman dute.

 

Baztertu den bigarren puntuak –PSNk bakarrik babestu du– honako hau zioen: “Nafarroako Parlamentuak adierazi nahi du ez dagoela ados gertatutako polizia-oldarraldiekin, gaitzetsi egiten ditu eta Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoei oldarraldi horiek egiteko agindua eman zieten buruzagi politikoei erantzukizunak eskatzen dizkie –agindu horien arabera jardun baitzuten–, eta laster senda daitezen opa die Generalitateko lehendakariaren arduragabekeriaren biktima izan diren zauritutakoei; izan ere, jendea kalera atera zuen perbertsio demokratikoko ekintza batean”.

 

Baztertu den hirugarren puntuak, azkenik, honako hau zioen: “Nafarroako Parlamentuak elkarbizitzaren alde egiten du, oraingo hau arrazoiaren eta zentzuaren unea baita, interes orokorra interes partidisten aurretik jartzekoa, eta bere babesa ematen die zuzenbideko estatuaren erakundeei, gure demokraziarekin eta gure lurralde-batasunarekin kontraesanean dauden erronken aitzinean”. UPNk, PSNk eta PPNk aldeko botoa eman dute, eta Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek, berriz, aurkakoa.

 

Izquierda-Ezkerraren ekimenez onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du Alderdi Popularreko Gobernuak urriaren 1ean Katalunian izandako jokabide autoritario eta errepresiboa, Kataluniako gizartearen parte batek askatasun demokratikoak baliatzearen aurkakoa. Hori dela-eta, Nafarroako Parlamentuak uste du Gobernuko lehendakari Mariano Rajoyk dimisioa eman behar duela.

 

2. Nafarroako Parlamentuak uste du Kataluniako gizartearen parte batek urriaren 1ean egindako mobilizazioak ez duela legitimatzen aldebakarreko independentzia-aldarrikapen bat.

 

3. Nafarroako Parlamentuak argi ikusten du Katalunian urriaren 1ean izandako errepresioa 1978ko Konstituzioaren erregimen politikoak gaur egungo arazo politiko, sozial eta nazional larriak konpontzeko ezintasunaren beste erakusgarri bat dela”.

 

Adierazpeneko 1. puntua Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin onetsi da; UPNk eta PPNk aurkako botoa eman dute eta PSN, berriz, abstenitu egin da.

 

2. puntua UPN, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-Eren aldeko botoekin onetsi da; EH Bildu Nafarroak aurkako botoa eman du eta Geroa Bai, berriz, abstenitu egin da.

 

Adierazpeneko 3. puntua Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin onetsi da; UPNk eta PPNk aurkako botoa eman dute eta PSN, berriz, abstenitu egin da.

 

I-Eren proposamenak beste bi puntu zeuzkan, baina ez dira onetsi. Lehenengoak honako hau zioen: “Nafarroako Parlamentua Katalunian dagoen gatazka politikoari elkarrizketan oinarritutako konponbidea ematearen alde dago, horren bidez Kataluniako herriak libreki erabaki dezan bere etorkizunari buruz, erreferendum itundu eta bermedun baten bidez, zeinean Kataluniako herritarrek Kataluniaren eta Espainiaren arteko harremanari buruzko proposamen desberdinak bozkatu ahal izanen baitituzte (independentzia, estatu federala, autonomia)”. Pdemos-Ahal Duguk eta I-Ek aldeko botoa eman dute; UPNk eta PPNk aurkakoa, eta Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta PSN, berriz, abstenitu egin dira.

 

Baztertu den bigarren puntuak honako hau zioen: "Nafarroako Parlamentuak dio aldaketa konstituzionaleko prozesu bat ireki beharra dagoela, Espainiako estatuan gaur egun dagoen krisi demokratikoari nahiz erregimen-krisiari aurre egin ahal izateko”. Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aldeko botoa eman dute; UPNk, EH Bildu Nafarroak etea PPNk aurkako botoa eman dute eta PSN abstenitu egin da.

 

EH Bilduren ekimenez onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazi nahi die Espainiako estatuak baliatutako indarkeria polizialaren biktimei, eta nazioarteko agintariak premiatzen ditu neurriak har ditzaten Espainiako Gobernuaren jokabidea eraginkortasunez salatzeko”.

 

Adierazpena Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin onetsi da, eta UPNk, PSNk eta PPNk aurkako botoa eman dute.

 

EH Bildu Nafarroaren proposamenak beste bi puntu zeuzkan, baina ez dira onetsi. Lehenengoak honako hau zioen: “Nafarroako Parlamentuak Kataluniako herritarrak zoriondu nahi ditu, beren etorkizuna bide baketsu eta demokratikoen bidez erabakitzeko eskubidea baliatzeko erakutsi duten duintasunagatik eta erabakitasunagatik”. Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk aldeko botoa eman dute, eta UPNk, PSNk, PPNk eta I-Ek, berriz, aurkakoa.

 

Baztertutako bigarren puntuak honako hau zioen: “Nafarroako Parlamentuak zeharo arbuiatzen du Kataluniako herritarrek egindako ariketa demokratiko legitimoari Espainiako Gobernuak eman dion erantzun bortitz eta errepresiboa”. UPNk, PSNk eta PPNk aurkako botoa eman dute; Geroa Baik eta EH Bildu Nafarroak, aldekoa, eta Podemos-Ahal Dugu eta I-E abstenitu egin dira.

 

Geroa Bairen ekimenez onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du Espainiako Gobernuak atzo Katalunian izandako jokabidea, Estatuko segurtasun kidego eta indarrak erabili baitzituen milaka eta milaka katalani eragozte aldera Kataluniako erakundek deitutako kontsultan bozkatu ahal izatea, halako moduan non ehunka pertsona zauritu baitziren, zaurien larritasuna gorabehera.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Alderdi Popularraren Gobernuari eskatzen dio albo batera utz dezan oinarrizko askatasunekiko estrategia errepresibo oro, demokrazia bateko oinarrizko printzipioen aurkakoa dela uste baitu.

 

3. Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten die Kataluniako herriari eta atzo zauritutako eta erasoak pairatutako pertsona guztiei.

 

4. Nafarroako Parlamentuak berriro ere salatu nahi du Katalunian gertatzen ari den salbuespen demokratikoko egoera, eta askatasunarekiko, demokraziarekiko eta eskubide zibil eta politikoekiko konpromisoa adierazi nahi du, elkarrizketaren eta negoziazioaren aldeko apustua berretsi bidenabar, horiexek baitira gatazka politikoak ebazteko bide bakarrak”.

 

Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezquerrak alde bozkatu dute; UPNk eta PPNk aurka; PSNk 3. puntuaren alde bozkatu du, 1. eta 2. puntuen aurka, eta 4. puntuan abstenitu da.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentua Bardeako tiro poligonoa ixtearen eta desegitearen alde azaltzen baita. Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aldeko botoa eman dute; UPNk, PSNk eta PPNk, berriz, aurkakoa.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten ditu Espainiako Armadak eta NATOk Bardeako tiro poligonoan urriaren 2an, 3an, 4an eta 5ean su errealarekin egin nahi dituzten ariketak.

 

2. Nafarroako Parlamentua Bardeako tiro poligonoa ixtearen eta desegitearen alde dago.

 

3. Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da gobernu zentralak indargabetu dezan Bardeako tiro poligonoa Defentsarako lehentasunezko intereseko eremu deklaratu zuen dekretua.

 

4. Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Bakearen Kultura sustatzea, gatazka politikoak eta sozialak bakearen eta justizia sozialaren bideetatik birdefinitzen eta konpontzen laguntzeko.

 

5. Nafarroako Parlamentua NATO Espainiako estatutik alde egitearen alde eta atzerritarren base militar guztiak erretiratzearen alde dago.

 

6. Nafarroako Parlamentuaren ustez, gobernu zentralak geldiarazi egin behar du bere arma-karrera, eta defentsarako aurrekontua herritarren beharrizan sozialei erantzutera bideratu behar du.

 

7. Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da nafar erakundeek –Gobernua, Parlamentua, Bardeako Erkidegoa eta udalak– gobernu zentralari erakuts diezaioten tiro poligonoaren aurka daudela, eta poligonoa berehala desegiteko plan bat exigi diezaioten”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Gorren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin. PSN talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Gorren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin.

 

2. Nafarroako Parlamentuak entzumen-desgaitasuna daukaten pertsonekiko konpromisoa adierazi nahi du, horien gizarteratzea eta erabateko normaltasuna errazteko beharrezkoak diren ekintza guztiak egin eta bultzatuz.

 

3. Nafarroako Parlamentuak bere komunikazio-sistema digitalak, ikusizkoak, entzunezkoak edo/eta analogikoak kolektibo horren egokigarritasun-eskakizunetara egokitzeko borondatea duela adierazi nahi du”.

 

Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Autismoaren Europako Egunaren ospakizunarekin. PSN talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Autismoaren Europako Egunaren ospakizunarekin –2017ko urriaren 5ean da–, eta horren karietara antolatutako jarduera guztiak babesten ditu.

 

2. Nafarroako Parlamentuak dio Nafarroako Gobernuak gizarte inklusibo bate alde lan egin behar duela eta Irisgarritasun Unibertsalari eta Ororentzako Diseinuari buruzko apirilaren 6ko 5/2010 Foru Legea urgentziaz bultzatu behar duela, desgaitasunak dauzkaten pertsonen eskubideak direla-eta Nazio Batuen Konbentzioa betetzen dela ziurtatzeko.

 

3. Nafarroako Parlamentuaren ustez beharrezkoa da Nafarroako Gobernuak zuzkidura ekonomiko egokiko partidak bultzatzea eta hornitzea hurrengo aurrekontuetan, abian jar dadin iragan martxoan onetsitako protokoloa, 0tik 3 urtera bitarteko haurrengan autismoaren esparruko nahasketak detektatzeko.

 

4. Nafarroako Parlamentuaren ustez beharrezkoa da Nafarroako Gobernuak plan bat egin dezan 3tik 6 urtera bitarteko haurrengan autismoaren esparruko nahasketetan esku hartzeko”.