Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Irailak 28

Parlamentuak atzera bota du ikastetxe publiko eta itunduetako ikasleen onarpenari buruzko araudia aldatzeko eskatzen zuen mozioa

Eskolatze “egoki eta orekatuaren” beharra dagoela eta sare publikoak hezkuntzaren bikaintasuna bilatzeko erreferente izan behar duela azpimarratzen zuen

Parlamentuaren Osoko Bilkurak, UPN eta PSNren aurkako botoekin eta Geroa Bai eta EH Bilduren abstentzioekin, atzera bota du mozio bat zeinean Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen, Nafarroako hezkuntza-komunitatean zer egoera dagoen jabetuta, “alda dezan unibertsitatekoez bestelako irakaskuntzak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeari buruzko gaur egungo araua”.

 

Horretarako, mozioan aipatzen ziren beste jarduketa batzuen artean, “Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak Nafarroako lurralde osoan eskumena izanen duela berrestea” eskatzen zen. “Aldi berean, eta erakundeak eta eginkizunak ez biderkatzeko, batzorde nagusi horri Iruñerriko eskolatzea bereziki esleitzea, bai eta prozesuan gerta daitezkeen erreklamazioen ebazpena, hala berariaz esleitutako eremuko erreklamazioena, nola gainontzeko eskolatze batzorde eskualdekoetan izaten direnena”.

 

Ezetsitako mozioak bazuen bigarren puntu bat non, aurrekoaz gain, Foru Gobernua premiatzen zen “eskualdeko eskolatze batzordeak sor ditzan: Tuterakoa, Tafallakoa, Lizarrakoa, Zangozakoa eta Baztan-Bidasoakoa. Hala ere, hori ez da eragozpen izanen beste eskolatze batzorde batzuk abian jartzeko, tokikoak nahiz eskualdekoak, hori egitea beharrezkoa bada prozesua errazteko eta ziurtatze aldera ikasleek berdintasunezko sarbidea izanen dutela ikastetxe publikoetan nahiz itunduetan”.

 

Jada hirugarren atalean, bestalde, batzordeen osaera zehazteko eskatu ondoren, hau gehitzen zen: “paritarioa izanen da: batetik, Hezkuntza Departamentuko eta/edo udal ordezkariak, eta, bestetik, eskola-komunitatearen ordezkariak: ikastetxe publikoetako eta itunduetako zuzendaritza-taldeetako kideak (bi), ikastetxe horietako gurasoak (lau) eta arlo publikoko eta itunduko irakasleen erakunde sindikalak (bi). Batzorde guztiek izan beharko dute, hizpidearekin baina botorik gabe, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroko ordezkari bat edo eskualdeko orientabide zerbitzuetako ordezkari bat, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzat, eta gizarte-zerbitzuetako ordezkari bat, desabantaila soziokulturala duten ikasleen eskolatzerako”.

 

Esparru horretan, zehazten zenez, “Eskolatze Batzorde Nagusia izanen da ikasle berriek ikastetxeetan izena emateko epeak finkatuko dituena, bai lehenbizikoz eskolatzen diren ikasleentzat, bai beste ikastetxe batzuetatik datozenentzat; Batzorde Nagusia izanen da, halaber, lehentasun-irizpideak ezarriko dituena baldin eta ikastetxe batean ikasi nahi dutenak gehiago badira ikastetxe horrek dituen ikaspostuak baino, eta batzorde horrek onetsiko ditu aipatutako prozesurako prozedura eta dokumentazioa. Ulertzen da aurrekoak ikastetxe guztiei eragiten diela, eta unibertsitatekoaz bestelako eskolatze guztiari, maila eta etapa guztietan, funts publikoekin ordainduak badira, salbu eta Haur Hezkuntzako lehen etapari, hau da, 0-3 tarteari”.

 

Eta honako hau ere zehazten zen: “hezkuntza-plangintza eta kasu bakoitzeko ikaspostu-kopuruaren finkatzea ez da Batzorde Nagusiaren eskumenekoa izanen, baina bai, ordea, horren publizitate orokorra egitea eta informazioa ahalik eta komunikabide gehienen bidez zabaltzea, eskolatze-prozesuaren berdintasunaren eta gardentasunaren berme modura”. Baztertutako mozioaren lehenbiziko bost puntu horietan UPNk eta PPNk aurkako botoa eman dute, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu abstenitu egin dira eta PSNk eta I-Ek aldeko botoa eman dute.

 

Bestalde, “familien eskolatze-bermea prozesu informatizatu baten bidez gauzatuko da, besteak beste; prozesu hori bat bakarra izanen da eta Hezkuntza Departamentuan zentralizatua egonen da, nahiz eta horretarako sarbidea egonen den edo eskabideak aurkezteko modua izanen den Nafarroako edozein ikastetxetatik, edozein gailu pribatutik, pertsonala izan edo familiarra, Hezkuntza Departamentutik bertatik, udal-bulegoetatik edo informazio orokorreko zentroetatik, horretarako on line programa ireki bat erabiliz, sarbide libre eta errazekoa, izapide administratibo askotarako jada egiten den moduan”, zioen mozioak.

 

Honako hau ere planteatzen zen: “Hezkuntza Departamentua izanen da, eta ez beste inor, onartuen zerrendak argitaratuko dituena; horretarako, aldez aurretik, Eskolatze Batzorde Nagusiaren adostasuna beharko du, eta, kasua bada, eskualdeko edo tokiko eskolatze batzordearena”. Bi puntu horietan, azken puntuan bezala, UPNk eta PPNk aurkako botoa eman dute, Geroa Bai eta EH Bildu abstenitu egin dira, eta Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek aldeko botoa eman dute.

 

Proposatzen zen, gainera, “eskaerak ikaspostuak baino gehiago badira”, erabakitze-irizpide gisa “honakoak soilik erabiltzea (10 puntu guztira): familiaren egoitzaren hurbiltasuna, edo, bestela, modu justifikatuan, gurasoen edo tutoreen lantokiaren hurbiltasuna (% 40, gehienez; distantziaren proportzioa GPS bidez neurtuko da); anai-arrebak izena emanda izatea eskaera egindako ikastetxean (% 30); bestelako arrazoi sozial batzuk, hala nola familia ugaria edo hezkuntza-premia bereziak izatea, zeinak justifikatu egin beharko baitira eta batzordeak baloratu egin beharko baititu, aurkeztutako informazio eta/edo dokumentazioaren arabera (% 30, gehienez)”. Epigrafe horretan, lehenbiziko bostetan bezala, UPNk eta PPNk aurka bozkatu dute, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu abstenitu egin dira, eta PSNk eta I-Ek alde bozkatu dute.

 

Azkenik, hau adierazten zen mozioan: “eskolatze-prozesuan sortutako erreklamazioak, lehenbizi, eskualdeko edo tokiko eskola batzordeek ebatziko dituzte, eta, hurrengo, Eskola Batzorde Nagusiak. Gero, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Hezkuntzako kontseilariari, eta, kasua bada, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da”.

 

PSN talde parlamentarioak bultzatutako mozio horren zioen azalpenean, hezkuntza-sistemara sartzeko egungo prozedurari buruzko araudia berrikusteko eskatzen zen, horrela, “askatasuna, berdintasuna eta justizia soziala” ziurtatze aldera, irizpide berriak eta “gardentasun handiagoa” ekartzeko; hori guztia, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak xedatutakoarekin bat.

 

Proposatzaileak, testuinguru horretan, azpimarratu egiten zuen ikasleen eskolatzea “egokitu eta orekatu” beharra dagoela, eta “behar adina ikaspostu publiko dagoela bermatu, batik bat biztanleria berriko eremuetan”. Gainera, ziurtatu behar da sare publikoko ikastetxe eta institutu horiek “erreferente izanen direla hezkuntzaren bikaintasunaren helburua lortzean”.