Noiz argitaratua Astelehena, 2017.eko Irailak 25

Nafarroako Parlamentuak exigitu egiten du ETA banda terrorista desegin dadin

Legebiltzarrak bere elkartasuna adierazten die Mexikoko lurrikararen biktimei, krisiaren aurreko soldaten maila berreskuratzearen alde agertzen da eta lan-erreforma indargabetzeko eskaera egiten du

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak exigitu egiten baitu ETA banda terrorista desegin dadin. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

UPNk, PSNk eta PPNk aldeko botoa eman dute; EH Bildu Nafarroa abstenitu egin da, eta Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk 1. punturen aldeko botoa eman dute eta abstenitu egin dira 2. eta 3. puntuetan. Izquierda-Ezkerrak 1. eta 2. puntuen aldeko botoa eman du eta 3.ean abstenitu egin da.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak exigitu egiten du ETA banda terrorista desegin dadin.

 

2. Nafarroako Parlamentuak ETAri exigitzen dio arma guztiak baldintzarik gabe eman ditzan eta ebatzi gabe gelditzen diren krimenak argitzen lagundu dezan.

 

3. Nafarroako Parlamentuak ETAri exigitzen dio biktimei barkamena eska diezaien”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bere atsekabea adierazi nahi du Mexikon izandako lurrikararen ondorio izugarriengatik, eta bere babesa helarazi nahi die biktimen senitartekoei. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak deitoratu egiten ditu lurrikara horren ondorio izugarriak, bere babes guztia helarazten die biktimen familiartekoei, eta hondamendi horrek zauritutakoak eta ukitutakoak laster eta erabat sendatuko direla espero du.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Mexikoko herriaren saminarekin, eta Mexikoko Estatu Batuetako Gobernuaren esanetara nahiz naturaren eraso hori dela-eta beren normaltasuna hautsita ikusi duten tokiko agintarien esanetara dago.

 

3. Nafarroako Parlamentuak, une latz hauetan, bere babes eta maitasun osoa helarazten dizkio Nafarroako mexikarren erkidegoari, eta, halaber, horien esanetara dago.

 

4. Nafarroako Parlamentuak dei urgentea egiten die gobernuz kanpoko erakundeei, entitate eta erakunde publiko zein pribatuei eta gizarte zibilari, Mexikoko herriarekiko laguntza solidario eta humanitarioarekin bat egin dezaten.

 

5. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bere laguntza eta lankidetza eskain diezazkion Mexikoko herriari.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak azpimarratu egiten baitu garrantzitsua dela krisiaren aurreko errenta nazionalaren banaketan bere pisua berreskura dezaten soldaten igoerari buruzko akordioek. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta Nafarroako Alderdi Sozialistak aldeko botoa eman dute; UPNk 1. 3. eta 4. puntuen aldeko botoa eman du, eta 2.aren aurkakoa; Nafarroako Alderdi Popularra abstenitu egin da 1. 3. eta 4. puntuetan, eta 2.aren aurkako botoa eman du. Izquierda-Ezkerra abstenitu egin da.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak azpimarratu egiten du garrantzitsua dela soldaten igoerari buruzko urteko akordioak –negoziazio kolektiboaren eta akordio publikoen eskumena baitira– krisiaren aurreko errenta nazionalaren banaketan bere pisua berreskuratzera bideratu daitezen batik bat.

 

2. Nafarroako Parlamentuak dio Espainiako lansari-dinamika bidegabe eta desorekatua zuzentzeko beharrezkoa dela lan-erreforma indargabetzea, langileen negoziazio-ahalmena berreskuratzeko.

 

3. Nafarroako Parlamentuak defendatu egiten du eta apustu egiten du Lan-berdintasunari buruzko Lege bat prestatzearen alde, kontuan hartuko dituena laneratzea, lan-baldintzak eta ordainsariak –eta horrenbestez, pentsioak–, kualifikazioaren hobekuntza eta emakumeak lan-munduan sartzea, besteak beste.

 

4. Nafarroako Parlamentua Gazteendako Talka Plan baten alde dago, berariazko osagaiak jasoko dituena; esate baterako, errelebo-kontratuaren eta praktikaldiko kontratuaren berrikuspena eta sustapena; gazteendako enplegu-politika aktiboetako tresna berriak abian jartzea; lanekoak ez diren praktikei buruzko erregulazio berri bat, bekadunen programak, bekadunaren estatutua edo curriculumetik kanpoko praktikak. Lan-merkatuan sartu berriei dagokienez ematen ari den pitzadurari konponbidea eman beharra dago, beren soldatetan % 25eko deskontua egiten ari baitzaie gainerako langileen aldean”.