Noiz argitaratua Astelehena, 2017.eko Iraila 25

2017ko irailaren 25eko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, IRAILAK 25, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, irailak 25–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:

 

MOZIOAK:

- Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak adierazten du bere borondatea dela Nafarroak balia ditzan Iruñeko espetxearen gaineko eskumen historikoak, Foruaren Hobekuntzak esleitzen dizkionak. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Horren bidez, Hezkuntza Departamentua premiatzen da irakaskuntza publikoan izandako murrizketak egiaz lehengoratzeko plan bat ezar dezan, epe eta guzti. Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Mendekotasuna daukatenei laguntzeko Hitzarmeneko talka-planean jasotako neurriak aplika ditzan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Maribel García Malo andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da ikastetxeetako zuzendaritza-taldeen lana aintzatets dezan eta irakasleak zuzendaritza-taldeetan sartzea sustatzeko neurriak har ditzan. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

 

AGERRALDIAK:

- Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzailearena, profesionalak lortzeko kanpainarako departamentuak baliatu dituen irizpideak azal ditzan. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

- Eskubide Sozialetako kontseilariarena, azter eta balora dezan langabetuei zuzendutako “Eskola Tailerrak” eta “Programa Integratuak” izeneko prestakuntza- eta enplegu-programak 2017an eta 2018an garatzeko diru-laguntzen deialdiaren emaitza. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Maribel García Malo andreak aurkeztu du.

- Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariarena, Nafarroako Foru Komunitateko gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako foru lege berriaren aurreproiektuari buruz informatzeko. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du. (9-17/COM-00171).

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- ADECANA-Nafarroako Ehiztarien Elkartearen ordezkariekin, beren iritzia eman dezaten espezie aloktonoak legez kanpo sartzeari buruz eta espezie aloktonoek ingurumenari eta gure espezieei egiten dieten kalte larria murrizteko balizko neurriei buruz. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Luis Casado Oliver jaunak aurkeztu du.

- Animalien Askatasuna Nafarroa Elkartearen ordezkariekin, animalien eskubideak babesteko eta defendatzeko egiten dituzten proposamenak azal ditzaten. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- ELA sindikatuaren ordezkariekin, zerrenda bakarrari buruz informa dezaten. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko María Esther Korres Bengoetxea andreak aurkeztu du.

- LAB sindikatuaren ordezkariekin, zerrenda bakarrari buruz informa dezaten. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko María Esther Korres Bengoetxea andreak aurkeztu du.

- Steilas sindikatuaren ordezkariekin, zerrenda bakarrari buruz informa dezaten. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko María Esther Korres Bengoetxea andreak aurkeztu du.

- ATENA fundazioaren ordezkariekin, beren lana azal dezaten eta “zahartze aktiboa” proiektu berria aurkez dezaten. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute. (9-17/SET-00116).

- Nafarroako Gobernuko Administrazio Erroan 1973ko montepio-sistemari atxikitako funtzionarioen ordezkariekin, eskubide pasiboei dagokienez hautaketa egiteko epe berri bat irekitzearen komenigarritasuna azal dezaten. Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

- Bisita Iruñeko espetxera. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Bisita Iruñeko salestarren ikastetxera. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

- Bisita Anfas-Desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko Nafarroako elkartera. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Eskaria, erantzun idatzia eman dakion Nafarroan bidaiariak eta salgaiak abiadura handiko trenaren bidez garraiatzeko dagoen eskariari buruz aurreko bilkuraldian aurkeztutako ahozko galderari. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Rubén Velasco Fraile jaunak aurkeztu du.

- Eskaria, batzordean izapidetu dadin Sunbillan ikastetxe publiko berri bat eraikitzeko egin diren urratsei buruzko galdera. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko María Esther Korres Bengoetxea andreak aurkeztu du.

- Antzerki amateurrari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Carlos Gimeno Gurpegui jaunak aurkeztu du.

- Museoen jarduketetarako diru-laguntzen deialdiak daraman atzerapenari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Carlos Gimeno Gurpegui jaunak aurkeztu du.

- Museoetarako inbertsioen partidari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Carlos Gimeno Gurpegui jaunak aurkeztu du.

- Organorako musikarako Nafarroan programatutako hamaika kontzertuetatik Erriberan bakar bat ere ez egiteko arrazoiari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Luis Casado Oliver jaunak aurkeztu du.

- Jakiteko ea Espainia estatu ez demokratiko bat den, herritarren eskubide zibil eta politikoak bermatzen ez dituena. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Carlos García Adanero jaunak aurkeztu du.

- “Gizarteratze Plana abiarazteko jarduketak” aurrekontu-partida dela-eta Eskubide Sozialetako Departamentuak egindako jarduketei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Maribel García Malo andreak aurkeztu du.

- Hezkuntzako Mahai Sektorialeko negoziazioei buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Carlos Couso Chamarro jaunak aurkeztu du.

- Jakiteko ea Enplegu Plana zertan den. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.

- Poliziei buruzko Legea onesteari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Sergio Sayas López jaunak aurkeztu du.

- Egoera ekonomiko txarrean dauden ikasleei baliabide ekonomikoak esleitzeari begira irakaskuntza itunduaren eta publikoaren artean dauden ezberdintasunei buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Nafarroako Unibertsitate Publikoan Medikuntzako gradua ezartzeari buruzkoa. Bildu-Nafarroa talde parlamentarioko foru parlamentari Bakartxo Ruiz Jaso andreak aurkeztu du.

 

GALDERA IDATZIAK:

- Gizarte eragileekiko eta GKE-ekiko hitzarmenei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Maribel García Malo andreak aurkeztu du.

- Nafarroako errepideetako errotuluei buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Dabid Anaut Peña jaunak aurkeztu du.

- Espazio estali bat eraikitzeko eta aire zabalean metro gehiago izateko Iruñeko San Frantzisko Ikastetxe Publikoko Eskola Kontseiluak egindako eskariari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Altsasu-Etxarri Aranatzen eta Mendillorrin gaixotasun arraroak dauzkaten ikasleei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Sergio Sayas López jaunak aurkeztu du.

 

GOBERNUAREN BESTELAKO EKIMENAK (HITZARMENAK, FORU DEKRETUAK, KOMUNIKAZIOAK, PLANAK ETA PROGRAMAK):

 

- Nafarroako Foru Komunitatearen egoerari buruzko politika orokorreko eztabaida antolatzeko arauak onetsi dira. Eztabaida urriaren 26an eta 27an eginen da.

 

Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, Nafarroako Foru Komunitatearen egoerari buruzko politika orokorreko eztabaida antolatzeko arauak onetsi ditu. Eztabaida urriaren 26an eta 27an eginen da.

 

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Gobernuaren 2017ko irailaren 6ko erabakia, zeinaren bidez eskatu baitu Nafarroako Foru Komunitatearen egoerari buruzko politika orokorreko eztabaida egin dadin, eta eztabaida antolatzeko arauak onetsi ditu.

 

Onetsitako arauekin bat, eztabaida honela eginen da:

 

Urriaren 26a

Eztabaida Erregelamenduko 201. artikuluan aurreikusitakoaren arabera eginen da, eta Nafarroako Gobernuko Lehendakariaren mintzaldiarekin hasiko da.

Mintzaldi hori bukatutakoan, bilkura eten eginen da ordu erdi. Bilkura berriz hasten denean, mintzatuko dira mintzaldi-eskaera egiten duten talde parlamentarioen eta foru parlamentarien elkarteen eledunak, 30 minutuz gehienez ere.

Mintzaldien hurrenkera parlamentari gehien dituen taldetik gutxien dituenerakoa izanen da. Gobernua babesten duten talde parlamentarioen eta foru parlamentarien elkarteen eledunak azkenik mintzatuko dira, hurrenkera berean.

Mintzaldiak bukatutakoan, Gobernuko lehendakariak erantzun eginen du. Ondoren, ihardespen-txanda bat irekiko da, hamar minutukoa gehienez, horretarako eskaera egiten duen talde parlamentarioen edo foru parlamentarien elkarteen eledun bakoitzarentzat, hasierako mintzaldien hurrenkera berean.

Azkenik, eztabaida Lehendakariaren mintzaldiarekin bukatuko da.

Eztabaida bukatutakoan, ordu laurdeneko epe bat irekiko da, talde parlamentarioek eta foru parlamentarien elkarteek Mahaiari erabaki proposamenak aurkeztu ahal izateko. Talde parlamentario edo foru parlamentarien elkarte bakoitzak gehienez ere bost proposamen aurkeztu ahalko ditu. Halaber, erabaki proposamen horien sinatzaileek bere garaian emanen den posta elektronikora igorriko dituzte proposamenak. Mahaiak eztabaidagaiarekin koherente diren proposamenak onartuko ditu, eta talde parlamentarioen zein foru parlamentarien elkarteen eledunei helaraziko zaizkie, azter ditzaten.

 

Urriaren 27a

Mahaiak onarturiko proposamenak 09:30etik aitzina eztabaidatuko dira Osoko Bilkuran. Erabaki proposamenak aurreko eguneko mintzaldien hurrenkera berean eztabaidatuko dira.

Talde parlamentario eta foru parlamentarien elkarte bakoitzak bere proposamenak batera defendatuko ditu, hamar minutuz gehienez. Ondoren, txanda bat irekiko da talde parlamentarioak eta foru parlamentarien elkarteak, alde nahiz kontra, mintzatzeko, eztabaidaren hurrenkera berean, eta ihardespen-txanda bat ere bai.

Talde parlamentario eta foru parlamentarien elkarte bakoitzaren proposamenak eztabaidatu ondoren, banan-banan bozkatuko dira erabaki proposamenak.

 

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Zerbitzu Juridikoen txostena, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesteko eskuordetze-epeari, epe hori ez betetzearen ondorioei eta balizko konponbideei buruzkoa.

Nafarroako Gobernuak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua igorri zion Nafarroako Parlamentuari 2017ko uztailaren 27an.

Legebiltzarreko Zerbitzu Juridikoen txostenaren arabera, “Nafarroan hirigintza iraunkorra, hiri-berrikuntza eta hirigintza-jarduera laguntzeko neurriei buruzko martxoaren 5eko 5/2015 Foru Legearen azken xedapenetako lehenean ezarritakoaren babesean, Parlamentuak baimena eman zion Gobernuari testu bategin bat onets zezan, legegintzako foru dekretu baten bidez, sei hilabeteko epean, eta epe hori 2015eko abenduaren 16an agortu zen, foru legea 2015eko ekainaren 16an sartu zelako indarrean”.

Konponbide gisa, txostenak honako aukera hau aipatzen du: “Parlamentuak bere talde parlamentarioen bidez legegintzako ekimen bat abiaraz dezake ahalbidetze aldera neurriz gaineko eskuordetzea baliozkotzea lege-testu hori onetsiz foru lege baten maila izan dezan”, edo, bestela, “artikulu bakarreko lege proiektu bat onets dezake, Gobernuari zenbait testu bategin diktatzeko ahalmena ematen dion urriaren 29ko 20/2014 Legean velis nolis oinarrituta, Espainiako Konstituzioaren 82. artikuluetan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz; hartara, Gobernuak denbora gutxian baliozkotu ahal izanen bailuke legegintzako errege dekretuaren testua”, edo, azkenik, “Foruaren Hobekuntzaren 21. bis artikuluan jasotako urgentziazko legegintzaren esparruan Nafarroako Gobernuak horren balizko mugei buruz informatu beharko luke eta horren balorazioa egin beharko luke, Parlamentuak ezin baitu hura ordeztu eta ez du hura ordeztu behar erabakiak hartzeari dagokionez”.

Kontrola egiteko aukerei dagokienez, txostenak dio “foru parlamentari edo talde parlamentario bakoitzak, Legebiltzarrari jakinarazitako testu bategina ikusita, edozein ekimen abiaraz” dezakeela, “kontrola egiteko nahiz legegintza bultzatzeko, baina Erregelamenduaren xedapen orokorren esparruan betiere eta eskuordetze honi atxiki gabe”, eta orobat dio “ondorioak ezberdinak” direla “eskuordetzearen kontrol judizialaren ikuspuntutik, zeren legegintzako foru dekretuek lege-mailako xedapenen izaera baitute, baina soilik legegintzako eskuordetzea errespetatu baldin bada, halako moduan non eskuordetze horretatik harago joan den kasuetan, ezarritako epea errespetatu ez denean edo gainditu denean, erregelamenduzko xedapen soilen izaera izanen” dutela, “eta beraz administrazioarekiko auzien jurisdikzioan haien aurka jotzen ahalko baita, Nazioko Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia etengabearen arabera”.

(ohar honekin batera doa txostena).

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:

- Mahiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eginiko aurrekontu-aldaketei buruzko legezkotasunezko txostena. Aldaketa horiek 2017ko apirilean, maiatzean, ekainean eta uztailean igorri ziren Parlamentura.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Auzitegi Nagusiaren jarduerei eta funtzionamenduari buruzko 2016ko oroitidazkia, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiko lehendakariarekin lan-bilkura bat egitea erabaki dute, oroitidazkia batzordean aurkezteko.

 

- Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, Nafarroako Erriberaren egoera ekonomikoari, hezkuntzazkoari eta sozialari buruzko eztabaida antolatzeko arauak onetsi ditu.

 

Eztabaida hasiko da Osoko Bilkura monografikoa proposatu duen talde parlamentarioaren edo foru parlamentarien elkartearen eledunaren mintzaldiarekin, eta horrek, gehienez ere, hogei minutu iraunen du. Jarraian, talde parlamentarioen eta foru parlamentarien elkarteen eledunek parte hartuko dute –gehienez ere, hogei minutu–, eserleku gehien dituenetik hasi eta gutxien dituenekin bukatzeko.

Txanda hori bukatuta, Nafarroako Gobernuaren ordezkari bat mintzatzen ahalko da, eztabaidagai diren gaien inguruko bere jarrera azaltze aldera, iraupen berarekin.

Eztabaida bukatuta, bilkura ordubetez etenen da, eta Mahaiari erabaki proposamenak aurkezteko epe bat irekiko da. Talde bakoitzak gehienez ere bost proposamen aurkezten ahalko ditu.

Proposamenak batera defendatuko dira –gehienez ere, hamar minutu–, handitik txikira. Txanda horretan, eledunek orobat eman beharko dute beste taldeek aurkeztutako proposamenei buruzko iritzia. Eztabaida bukatuta, erabaki proposamenak bozkatuko dira.

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute talde parlamentarioetako eledunak aldatzeko legitimazioari buruz Zerbitzu Juridikoek egindako txostena.

 

Legebiltzarreko Zerbitzu Juridikoen txostenaren arabera, “Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 30. artikuluak berariaz arautzen du talde parlamentarioen eraketa, beharrezkotzat jotzen duena taldea eratu nahi duten guztiek sinatzea baldin eta taldea behar bezala eratuko bada, baina horrek ez du esan nahi geroago egindako edozein aldaketarako behar denik guztien adostasuna”. Txostenak orobat dio Legebiltzarreko Erregelamenduak ez duela “deus ere ezartzen talde parlamentarioaren barruan erabaki hori hartzeko moduari buruz; halere, deus ere ez ezartze horrek ezin du berekin ekarri egoera blokeatzea”, eta “taldearen eraketa aldatzeko talde guztiaren adostasuna exigituz gero, kide baten borondatea gailenduko litzateke gainerako kideen borondatearen gainetik, eta horrek urratu eginen luke gehiengoak behar bezala adierazitako borondatea”. Hortaz, txostenak ondorioztatzen du “Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa osatzen duten zazpi kideetatik lauk 2017ko uztailaren 20an sinatutako idazkiak bete egiten zituela Legebiltzarreko Mahaiak idazkia izapidetu zezan behar ziren legitimitate-baldintzak eta jasotzat eman zezan, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, eledun berriaren eta eledunaren ondoko berriaren izendapena”.

Gogoratu beharra dago 2017ko uztailaren 3an idazki bat aurkeztu zutela Ainhoa Aznárez Igarza eta Mikel Buil García foru parlamentariek, zeinaren bidez Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioaren eledun izendatzen baitzen Mikel Buil García, eta eledunaren ondoko, berriz, María Teresa Sáez Barrao. 2017ko uztailaren 5ean, Laura Pérez Ruanok idazki bat igorri zuen, zeinean besteak beste adierazten baitzuen “nik ordezkatzen dudan talde parlamentarioaren eledunak aldatzeko eskaerak ez datorrela bat Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 30. artikuluan ezarritakoarekin, taldeko kide guztien sinadura beharrezkoa dela jasotzen baitu”.

(ohar honekin batera doa txosten juridikoa).

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak exigitu egiten baitu ETA banda terrorista desegin dadin. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

UPNk, PSNk eta PPNk aldeko botoa eman dute; EH Bildu Nafarroa abstenitu egin da, eta Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk 1. punturen aldeko botoa eman dute eta abstenitu egin dira 2. eta 3. puntuetan. Izquierda-Ezkerrak 1. eta 2. puntuen aldeko botoa eman du eta 3.ean abstenitu egin da.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak exigitu egiten du ETA banda terrorista desegin dadin.

 

2. Nafarroako Parlamentuak ETAri exigitzen dio arma guztiak baldintzarik gabe eman ditzan eta ebatzi gabe gelditzen diren krimenak argitzen lagundu dezan.

 

3. Nafarroako Parlamentuak ETAri exigitzen dio biktimei barkamena eska diezaien”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bere atsekabea adierazi nahi du Mexikon izandako lurrikararen ondorio izugarriengatik, eta bere babesa helarazi nahi die biktimen senitartekoei. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak deitoratu egiten ditu lurrikara horren ondorio izugarriak, bere babes guztia helarazten die biktimen familiartekoei, eta hondamendi horrek zauritutakoak eta ukitutakoak laster eta erabat sendatuko direla espero du.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Mexikoko herriaren saminarekin, eta Mexikoko Estatu Batuetako Gobernuaren esanetara nahiz naturaren eraso hori dela-eta beren normaltasuna hautsita ikusi duten tokiko agintarien esanetara dago.

 

3. Nafarroako Parlamentuak, une latz hauetan, bere babes eta maitasun osoa helarazten dizkio Nafarroako mexikarren erkidegoari, eta, halaber, horien esanetara dago.

 

4. Nafarroako Parlamentuak dei urgentea egiten die gobernuz kanpoko erakundeei, entitate eta erakunde publiko zein pribatuei eta gizarte zibilari, Mexikoko herriarekiko laguntza solidario eta humanitarioarekin bat egin dezaten.

 

5. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bere laguntza eta lankidetza eskain diezazkion Mexikoko herriari.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak azpimarratu egiten baitu garrantzitsua dela krisiaren aurreko errenta nazionalaren banaketan bere pisua berreskura dezaten soldaten igoerari buruzko akordioek. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta Nafarroako Alderdi Sozialistak aldeko botoa eman dute; UPNk 1. 3. eta 4. puntuen aldeko botoa eman du, eta 2.aren aurkakoa; Nafarroako Alderdi Popularra abstenitu egin da 1. 3. eta 4. puntuetan, eta 2.aren aurkako botoa eman du. Izquierda-Ezkerra abstenitu egin da.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak azpimarratu egiten du garrantzitsua dela soldaten igoerari buruzko urteko akordioak –negoziazio kolektiboaren eta akordio publikoen eskumena baitira– krisiaren aurreko errenta nazionalaren banaketan bere pisua berreskuratzera bideratu daitezen batik bat.

 

2. Nafarroako Parlamentuak dio Espainiako lansari-dinamika bidegabe eta desorekatua zuzentzeko beharrezkoa dela lan-erreforma indargabetzea, langileen negoziazio-ahalmena berreskuratzeko.

 

3. Nafarroako Parlamentuak defendatu egiten du eta apustu egiten du Lan-berdintasunari buruzko Lege bat prestatzearen alde, kontuan hartuko dituena laneratzea, lan-baldintzak eta ordainsariak –eta horrenbestez, pentsioak–, kualifikazioaren hobekuntza eta emakumeak lan-munduan sartzea, besteak beste.

 

4. Nafarroako Parlamentua Gazteendako Talka Plan baten alde dago, berariazko osagaiak jasoko dituena; esate baterako, errelebo-kontratuaren eta praktikaldiko kontratuaren berrikuspena eta sustapena; gazteendako enplegu-politika aktiboetako tresna berriak abian jartzea; lanekoak ez diren praktikei buruzko erregulazio berri bat, bekadunen programak, bekadunaren estatutua edo curriculumetik kanpoko praktikak. Lan-merkatuan sartu berriei dagokienez ematen ari den pitzadurari konponbidea eman beharra dago, beren soldatetan % 25eko deskontua egiten ari baitzaie gainerako langileen aldean”.

 

- Mahaiak erabaki du Parlamentuan heldu den urriaren 4an Taxuzko Lanaren Nazioarteko Egunaren karietara mintzaldi bat egitea, “Indigenen Erresistentziaren Eguna” ekitaldia egitea eta Nafarroako Parlamentuko atalondoan “Larrua eta oinetakoak Bangladeshen ekoiztearen benetako kostua” erakusketa jartzea. Erakusketa SETEM Federazioak antolatu du, Taxuzko Lanaren Nazioarteko Egunaren karietara.

 

- Mahaiak Nafarroako Parlamentuaren 2018ko ekitaldirako aurrekontuaren aurreproiektua onetsi du, zeina 13.703.081 eurokoa baita –2017ko aurrekontu diru-kopuru berbera–. Aurreproiektua Eledunen Batzarrari igorriko zaio, hurrengo bilkura batean onesteko.