Noiz argitaratua Asteazkena, 2017.eko Irailak 20

Nafarroako Aurrezki Kutxari buruzko Ikerketa Batzordeak urriaren 20a ezarri du agerraldiak egiteko epe-muga gisa

Abuztuaren 11ra arte egindako azterketaren ondoren, UPN, GB, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek finantza-entitatearen gobernu-organoen akta batzuen kopiak eskatu dituzte

Nafarroako Kutxaren desagertzea aztertzen ari den ikerketa batzordea gaur bildu da, bi helbururekin: batetik, berrespena ematea Nafarroako Kutxaren gobernu-organoen bilkuretako aktak kontsultatzeko epea abuztuaren 11ra arte luzatu izanari; bestetik, beste bi informazio-eskari egitea eta urriaren 20a ezartzea taldeek agerraldi-eskaerak egiteko epe-muga gisa.

 

UPNren informazio-eskariak honako hauen akten kopiak aipatzen ditu: Nafarroako Kutxako Kontseilu Nagusia, Nafarroako Kutxaren Batzorde Exekutiboa, Nafarroako Kutxaren Administrazio Kontseilua eta Nafarroako Kutxaren Kontrol Batzordea.

 

Bigarren informazio-eskarian, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda Ezkerraren ekimenez izapidetutakoan, honako organo hauen akten eta eranskinen kopiak aipatzen dira: Nafarroako Kutxaren Auditoretza Komitea, Kontrol Batzordea, Administrazio Kontseiluaren Exekutiba, Administrazio Kontseilua, Izendapen eta Ordainsarien Batzordea eta Kontseilu Nagusia.

 

Bi kasuetan, irailaren 30a ezartzen da hura jasotzeko epe-muga gisa.

 

Ikerketa Batzordeak bere eginkizunak garatuko ditu esleitu zaion lana amaitu arte. Ikerketa-lanak egiteko epea 2017ko abuztuaren 11ra arte luzatu ondoren, egiteko horrek, beranduenez, abenduaren 31n egon beharko du amaituta eta txosten batean jasota.

 

Onetsitako arauei jarraituz, 2016ko apirilaren 27an eratutako Ikerketa Batzordeak helburu du jakitea eta zehaztea ea Nafarroako Kutxaren, haren Enpresa Korporazioaren eta lotutako gainerako enteen jarduketak bat etorri ote ziren sorrerako printzipioekin, desagertzetik heldu den ondarearen guztizkoa zein egoeratan dagoen argitzeaz gainera.

 

Unai Hualde (Geroa Bai talde parlamentarioa) buru duen Ikerketa Batzordea honako beste hauek ere osatzen dute: Luis Casado, Luis Zarraluqui (UPN talde parlamentarioa), Koldo Martínez (Geroa Bai talde parlamentarioa), Adolfo Araiz, Arantza Izurdiaga (EH Bildu talde parlamentarioa), Laura Pérez, Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa), Guzmán Garmendia, Inma Jurío (PSN talde parlamentarioa), Ana Beltrán (PPNko foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea).