Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Irailak 14

Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du amiantoa desagerrarazteko plan zuzendari bat aurkez dezan

Foru Komunitatean ia 3.000 mila kaltetu daude eta Legebiltzarrak duela urtebete Estatuari eskatu zion kalte-ordaina emateko funts bat sortzeko

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi duen ebazpen batean Legebiltzarrak Nafarroako Gobernua premiatzen du “Nafarroan amiantoa desagerrarazte aldera garatu beharreko prozesuari buruzko plan zuzendari bat aurkez dezan, urtebeteko epean”.

 

Zehazten denez, plan horretarako talde tekniko bat izendatu beharko da Nafarroako Administrazio Publikoan, eta talde horretan egonen dira auziarekin zerikusia daukaten Nafarroako Gobernuko departamentuetako langile tekniko kualifikatuak; bereziki, osasun publikoaren eta lan osasunaren, sustapenaren, industriaren, etxebizitzaren eta landa garapenaren arloei lotutakoak. Orobat egonen dira toki administrazioen, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren eta egoki iritzitako eragile ekonomiko eta sozialen ordezkariak. Talde horrek eginkizun izanen du plan honen betetzearen kontrola, jarraipena, bultzada eta zuzendaritza”.

 

Nafarroan amiantoa desagerrarazteko Plan Zuzendariak tokiak ikertzeko eta ikuskatzeko programa eta protokoloak ere bilduko ditu, instalazio eta eraikuntza mota orotan –bai esparru publikoan, bai pribatuan– amiantorik ote dagoen detektatze aldera, eta seinalizazio-mapak prestatze aldera; hartara, kalkulatuko da zenbateko giza baliabideak behar diren lan hori egiteko, langile horientzat beharrezkoa den prestakuntzarako eta lanbide-kreditaziorako, zenbateko bitartekoak diren nahikoak, zenbatekoak aurrekontuak eta zer denbora-epe diren beharrezkoak jarduketak aurrera eramateko”.

 

Planean jasoko dira, halaber, “jarduteko eta arrisku-ebaluazioa egiteko protokoloak, eta detektatutako amiantoa kentzean zein diren lehentasunak”.

 

Eta “eremu publikoek eta pribatuek amiantoa behar bezala kentzera bideratu litzaketen giza baliabideek eta baliabide materialek eduki beharreko ezaugarrien azalpena, horiek bete beharreko baldintza eta ziurtagiri teknikoak eta profesionalak zehaztuta”.

 

Nafarroan amiantoa desagerrarazteko Plan Zuzendariak honako hauek ere bilduko ditu: “lanak esparru publikoan finantzatzeko programak, eta esparru pribatuetarako diru-laguntzen programak, urteko kostuen zenbatespen bat eginda, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horietarako partida berariazkoak paratu ahal izateko”.

 

Era berean, “erretiratutako amiantoa behar bezala biltegiratu, tratatu eta “geldotzeko” hondakindegiak Nafarroan eraikitzeari eta egokitzeari dagokionez zer beharrizan dagoen” ezarriko da, “proposamen zehatzak eta kostu ekonomikoen zenbatespena eginez”.

 

Planaren barnean, azkenik, “herritarrentzako informazio, prestakuntza eta sentsibilizazio kanpainak” eginen dira amiantoaren arriskuei buruz, “bai eta amiantoa espazio publiko nahiz pribatuetan detektatu eta horietatik desagerrarazte aldera abian jarritako planei eta programei buruz ere, horien kostu ekonomikoaren zenbatespena eginda”.

 

Hori guztia, gainera, “Estatuan, Europan nahiz munduan eskumena daukaten botere publikoek eta erakundeek auzi honi buruz emandako jarraibide eta legedi oparoa aplikatuz eginen da, interes orokorra nahiz herritarren segurtasunerako eta osasunerako eskubidea aldeztuz. Eta noski, lanean osasuna babesteko eskubidea aldeztuz, zeina biziki garrantzitsua baita kasu honetan”.

 

PSN talde parlamentarioak aldatzeko zuzenketa bat aurkeztu du, eta ekimenaren titularrak, Podemos-Ahal Dugu taldeak, ez du onartu. Zuzenketa horretan Espainiako Gobernuari eskatzen zitzaion “Europako Parlamentuaren 2013ko martxoaren 14ko 2012/2065 (INI) Ebazpena betetzea ahalbidetuko duten jarduketak prestatzeko urtebeteko epean, horretarako diagnostikoa eta plangintza eginez eta behar diren neurriei ekinez”. Hortik aurrera, jarduketa horiek aurkeztu eta gero, Foru Gobernuari sei hilabeteko epea ematen zitzaion Nafarroan amiantoa desagerrarazteko Plan Zuzendaria aurkezteko.

 

Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak gogorarazten du nola, PSNk eskatuta, Foru Legebiltzarrak aho batez Espainiako Gobernua premiatu zuen amiantoaren biktimei (2016ko abenduaren 31n, 2.858 pertsona Nafarroan) kalte-ordaina emateko funts bat sor zezan, eta, horren ildotik, azpimarratzen du EBk 2032ra bitarteko gehieneko epea ezarri duela produktu hori desagerrarazteko.

 

Amiantoa eraikuntzan erabili izan den materiala da. Urtero 700 pertsona ingururi diagnostikatzen zaien minbizi mota bat eragiten du, hainbat hamarkadaren buruan azaltzen den lanbide gaixotasunaren ondorioz.