Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Irailak 14

Parlamentuak ez du onartu Nafarroako Gobernua PFEZaren erreforma fiskala zuzen dezan premiatzea

UPNk Gobernuko alderdien irizpide aldaketa nabarmendu du, eta herritar gehienen kontrako ondorio bidegabeak azpimarratu ditu bere ekimenean

Parlamentuko Osoko Bilkurak gaur atzera bota duen mozio batek proposatzen zuen Nafarroako Gobernua premiatzea “PFEZaren erreforma fiskala onbideratzera, Legebiltzar honi halako foru lege proiektu bat igorriz zeinak ziurtatuko baitu nafar familien gaineko presio fiskala egiazki jaistea”. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek mozioaren aurka bozkatu dute eta UPN, PSN eta PPN taldeek alde.

 

Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioak gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu du, eta UPNk, ekimenaren titularrak, ez du onartu. Zuzenketa horretan erreforma fiskalerako proposamen bat eskatzen zitzaion Gobernuari —hilabeteko epea ezarrita eta programa-akordioaren esparruan—, aurreikuspen hauek jaso behar zituena: PFEZeko kenkarien gehikuntza beheko tarteetarako (baita lehen seme edo alabarengatik ere), gutxienez % 13ko tasa (sozietateen gaineko zergarena) Nafarroan tributatzen duten enpresa guztientzat, eta oinordetzen gaineko zergaren likidazio-oinarriaren aldaketa.

 

UPN talde parlamentarioak sustatutako mozioaren zioen azalpenean salatu egiten ziren “2015ean onetsitako erreforma fiskalaren ondorio bidegabeak” eta “klase ertain eta langileei ezarritako zerga-igoerari buelta emateko beharraz egindako ohartarazpenei” entzungor egin izana. Amaitzeko, Gobernuari eusten dioten alderdiek “iritzia aldatu” dutela eta, horrenbestez, “herritarren gehiengoari eragindako kaltea” aitortu dela baieztatzen zen.