Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Irailak 14

Nafarroako Parlamentuak uko egin dio itun antijihadista babesteari

UPNk Legebiltzarrari “batasuna” eskatzen zion “konbentzimenduarekin, pitzadurarik gabe, distantziakidetasunik gabe, nazioarteko erronka baten aurkako borrokari ekiteko”

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur atzera bota duen mozio batek proposatzen zuen Legebiltzarrak itun antijihadista babestea, “puntu guztien” alde agertuz, horren helburua baita “askatasunen defentsarako eta terrorismoaren aurkako borrokarako batasuna sendotzea, puntu guztietan”.

 

Aurrekoaren haritik, beharrezkotzat jotzen zen “Zigor Kodearen aldaketa sustatzea terrorismo-delituen arloan, lege organikorako proposamen baten bidez. Aipatu proposamenak jasotzen duen Zigor Kodearen aldaketan terrorismo-delituak tipifikatuko dira, delituak talde edo erakunde terrorista batean burutzen diren bai edo ez begiratu gabe, kontuan harturik bilatzen duten helburua, elementu komuntzat dutela jendearengan izu-egoera bat sorraraztea. Horrenbestez, terrorismo-delitu gisa tipifikatuko du atzerrira joatea erakunde terrorista batean sartu edo hari laguntza emateko asmoz”.

 

Gainera, “terrorismo-modu berriei dagozkien jokabideak” legean jasotzeko eskatzen zen, “bereziki terroristak norbereganatu eta trebatzea, trebatze pasiboa barne, komunikazio sareak eta informazioaren teknologiak xede horietarako erabiltzea, erakunde terroristak finantzatzea eta haietan lankidetza aktiboan aritzeko modu ezberdinak”.

 

Deia egiten zen, era berean, “erabakitzeko, gure ordenamendu juridikoak bildu ohi duen moduan, heriotza dakarten terrorismo-delituei beti izanen zaiela aplikatzekoa Zigor Kodeak jasotzen duen gehieneko zigor askatasun-gabetzailea”.

 

Eskatzen zen, halaber, “beharrezkoak diren legegintzako aldaketak bultzatzea esparru juridikoa eguneratu eta indartze aldera, halatan epaileek, fiskalek eta segurtasun indar eta kidegoek modua izan dezaten terrorismo-delituen ikerketa kriminalean eraginkorragoak izateko. Ildo horretatik, Prozedura Kriminalaren Legearen etorkizuneko erreformari gehitu beharreko aldaketek ahalbidetu beharko dute herritarren eskubide eta askatasunen bermeak eta terrorismoaren aurkako ikerketen froga-eragingarritasuna indartzea”.

 

Testuinguru horretan, “terrorismoaren biktimekiko oroimenari eusteko”, proposatzen zen “haien memoria behar den duintasunarekin omentzea eta esker onaren lekukotza sustatzea, betiko zor izanen diegu-eta. Biktimek eta haien inguruneak merezi duten aitorpena ziurtatzea, bai eta haien ordezkaritzarako erakunde eta elkarteekiko laguntza ere”.

 

Horren haritik, asmoa zen “terrorismoaren aurka modu eraginkorragoan borrokatzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak bermatzea Justizia Administrazioan, Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetan eta inteligentzia zerbitzuetan”. Apustu egiten zen, era berean, “Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen eta Justizia Administrazioaren espezializazioa sustatzen” jarraitzearen alde, “delitu horiek modurik onenean prebenitu, jazarri eta zigortzeko”.

 

Xede horrekin proiektatzen zen “indarkeriazko erradikalizazio mota oro desagerrarazteko eraginkorrak diren politika aktiboak abiaraztea, horien barne arrazismo, xenofobia edo diskriminazioaren adierazpenak, bestelako iritzi, sinesmen edo erlijioekiko intolerantziaren ondoriozkoak”.

 

Horregatik guztiagatik, deia egiten zen “Europar Batasunean eta nazioarteko erakundeetan terrorismoaren aurkako prebentzio, jazarpen, lankidetza eta zigor-zuzenbideko zehapenerako politikak abiaraz daitezen” sustatzeko, “parte hartze aktiboa edukiz nazioarteko foroetan eta, horretarako, balioan jarriz Espainiak Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan duen zeregina”.

 

Beste apustu bat zen “akordio honetan inspiraturiko ekimenak sustatzea Gorte Nagusietan, ordezkaritza parlamentarioa daukaten indar politikoen artean ahalik eta adostasun handiena erdiesteko”.

 

I-Eko foru parlamentarien elkarteak gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu du, eta PPNk, ekimenaren titularrak, ez du onartu. Zuzenketa horren bidez, jihadismoaren aurkako borrokari erantsi nahi zitzaion “hura finantzatzen edo babesten duten herrialdeen aurrean irmo jokatu beharra, haiek islamari buruz zabaltzen ari diren interpretazioa ez baita bateragarria giza eskubideekin eta bakearekin”. Hala, eskatzen zen “harreman politikoak, militarrak eta merkataritzakoak eteteko horrela jarduten duten herrialdeekin, besteak beste Saudi Arabia edo Qatarrekin”.

 

Podemos-Ahal Duguk aurkeztu duen aldatzeko zuzenketa ere ez da aintzat hartu. Itun antijihadistaren “zenbait puntu” bere egin arren, talde horrek eskatzen zuen “adostasun zabalagoa” sortzea, agendan tarte bat eginez “erakartzearekin, doktrinatzearekin eta ISISen finantzaketarekin zein hornidura logistikoarekin” lotutako gaiei, hori guztia alde batera utzi gabe “Siriako eta Irakeko gerrari amaiera emateko premia”.

 

UPN talde parlamentarioak sustatutako mozioak, zioen azalpenean, “batasuna” eskatzen zuen, “konbentzimenduarekin, pitzadurarik gabe, distantziakidetasunik gabe”, mehatxu jihadistaren aurkako borrokari ekiteko. Nazioarteko erronka bat da, eta nazio mailan Askatasunen defentsarako eta terrorismoaren aurkako borrokarako batasuna sendotzeko Akordioan jaso zen. Akordio hori 2015eko otsailean sinatu zen eta itun antijihadista izenaz ezagutzen da.