Noiz argitaratua Astelehena, 2017.eko Irailak 11

Legebiltzarrak gaitzetsi egiten ditu Kataluniako Parlamentua –zuzenbide-estatuaren oinarriak bazter uzteagatik– eta Alderdi Popularra –erabakitzeko eskubidea eragozteagatik–

Parlamentuak azpimarratu egin nahi du elkarrizketak “ezberdinen arteko akordio begirunetsu baterako bide demokratiko” gisa daukan garrantzia, eta Martzillako BHI zoriondu nahi du bere 50. Urteurrenean

Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten baitu Kataluniako Parlamentuak gehiengo parlamentarioa baliatzea estatuko, autonomia erkidegoko eta Europako legedian jasotako bermeak ez betetzeko. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

UPNk, PSNk eta I-Ek aldeko botoa eman dute; Podemos-Ahal Dugu abstenitu egin da, Geroa Bai 2. puntuaren aldeko botoa eta 1. puntuaren aurkako botoa eman du, eta EH Bildu Nafarroak 1. puntuaren aurkako botoa eman du eta abstenitu egin da 2. puntuan.

 

Hona adierazpenaren testua:

 

“1.- Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du Kataluniako Parlamentuak, bai eta edozein parlamentuk ere, gehiengo parlamentarioa baliatzea estatuko, autonomia erkidegoko eta Europako legedian jasotako bermeak ez betetzeko, horiek baitira zuzenbideko estatu demokratiko ororen oinarria.

 

2.- Nafarroako Parlamentuaren ustez, elkarrizketa da, ezberdinen arteko errespetua dakarren aldetik, gure demokraziak oinarri duen funtsezko tresna, zeinean denok senti baikaitezke ordezkaturik eta akordioetara irits baikaitezke.

 

Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak Martzillako Marqués de Villena BHI zoriondu nahi baitu, Gori Erriberan erreferentziako ikastetxe publiko gisa 50 urte bete dituelako. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak Martzillako Marqués de Villena BHI zoriondu nahi du, Gori Erriberan erreferentziako ikastetxe publiko gisa 50 urte bete dituelako.

 

2. Nafarroako Parlamentuak aintzatetsi egiten du urtea joan urtea etorri ikastetxeari hazten eta aintzat hartua izaten lagundu dioten irakasle guztiei, eta zorionak eman nahi dizkie horregatik.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Marqués de Villena BHIko hezkuntza-erkidego osoarekiko bere konpromisoa adierazi nahi du.

 

4. Nafarroako Parlamentuak ikastetxearen zuzendaritzari eta bertan parte hartzen duten udalei helarazi nahi die adierazpen instituzional hau”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten baitu Alderdi Popularraren Gobernuaren jarrera, Kataluniako herriaren erabakitzeko eskubidea eragoztekoa. Podemos- Ahal Dugu talde parlamentarioak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentarioak aurkeztu dute.

 

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aldeko botoa eman dute; UPNk, PSNk eta PPNk, berriz, aurkakoa.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du Alderdi Popularraren Gobernuaren jarrera, Kataluniako herriaren erabakitzeko eskubidea eragoztekoa”.

 

Aurkeztutako proposamenak beste puntu batzuk ere bazituen, baina ez dira onetsi:

 

2. puntua. “Nafarroako Parlamentuaren ustez, Katalunian urriaren 1erako deitutako erreferendumak ez ditu ziurtatzen funtsezko berme formalak, eta horretaz gain urratu egiten ditu funtsezko zenbait eskubide demokratiko, boto-aukeren artetik baztertu egiten baititu aukera politiko legitimoak (Estatu Federala)”.

 

Podemos-Ahal Duguk, PSNk eta I-Ek aldeko botoa eman dute, eta UPNk, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak eta PPNk, berriz, aurkakoa.

 

3. puntua. “Nafarroako Parlamentua ez dator bat Kataluniako Parlamentuaren gehiengo parlamentariak Erreferendumaren Legea onesteko prozeduran izandako jokabidearekin, urratu egiten dituelako Legebiltzarreko taldeen eta parlamentarioen oinarrizko eskubide parlamentarioak”.

 

Podemos-Ahal Duguk, PSNk, PPNk eta I-Ek aldeko botoa eman dute, eta UPNk, Geroa Baik eta EH Bildu Nafarroak, berriz, aurkakoa.

 

4. puntua. “Nafarroako Parlamentua Katalunian dagoen gatazka politikoa berme legal eta demokratikoen bidez konpontzearen alde dago, Kataluniako herriak askatasunez erabaki ahal izan dezan nazio gisa izan beharreko etorkizuna”.

 

Geroa Bai, G.P. Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezquerrak aldeko botoa eman dute; UPNk, PSNk eta PPNk aurkakoa; eta EH Bildu Nafarroa, berriz, abstenitu egin da.

 

- Eledunen Batzarrak baztertu egin du adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten baitu Kataluniako Parlamentuak eta Gobernuak zuzenbide-estatua urratu izana. PPNk aurkeztu du.

 

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkako botoa eman dute; UPNk, PSNk eta PPNk, berriz, aldekoa.

 

Baztertutako proposamenak honako hau zioen:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten baitu Kataluniako Parlamentuak eta Gobernuak zuzenbide-estatua urratu izana eta demokrazia laidotu izana.

 

2. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du Espainiako Konstituzioarekin eta nazio-subiranotasunarekin daukan konpromisoa.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak bere babesa adierazi nahi die Espainiako Gobernuarren jokabideari, legezkotasuna betetzeagatik mehatxatutako funtzionarioei eta Justiziari”.

 

- Eledunen Batzarrak baztertu egin du adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak errespetatu eta aintzatetsi egiten baitu Kataluniako herriak eta bere erakundeek etorkizuna askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko daukaten eskubidea. EH Bildu Nafarroak aurkeztu du.

 

UPNk, PSNk eta PPNk aurkako botoa eman dute, Podemos-Ahal Dugu abstenitu egin da, Geroa Baik 1. eta 2. puntuen aldeko botoa eta 3. puntuaren aurkako botoa eman du, eta EH Bildu Nafarroak eta I-Ek aldeko botoa eman dute.

 

Baztertutako proposamenak honako hau zioen:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak errespetatu eta aintzatetsi egiten du Kataluniako herriak eta bere erakundeek etorkizuna askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko daukaten eskubidea, bai eta gehiengo sozial eta politikoak adierazitakoari bide emateko egoki iritzitako neurriak hartzeko eskubidea ere.

 

2. Nafarroako Parlamentuak printzipio demokratiko oinarrizkoenen aldeko bere konpromisoa adierazten du, eta uste du proposamen politikoen eztabaida eta bozketa ezin direla arrazoi izan Legebiltzar bateko Mahaiko kideen aurkako prozesu judizial bat abiarazteko; kasu honetan, Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kideen aurkakoa; izan ere, hor datza Kataluniako herriaren subiranotasuna.

 

3. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten ditu Espainiako Gobernuaren jarrera antidemokratikoa eta Kataluniako erakundeen aurka hartutako neurriak. Halaber, salatu egiten du Estatuko zenbait botere erabiltzea, esaterako Fiskaltza edo Konstituzio Auzitegia, bere helburu politiko propioetarako”.