Noiz argitaratua Ostirala, 2017.eko Uztailak 21

Nafarroako Parlamentuaren webgunean ahots-sistema bat jarriko da, ikusizko ezintasuna duten pertsonek bertako edukien berri izan dezaten

Parlamentuko Mahaiak Ganberako I. euskara-plana (2017-2020) egin, garatu eta ebaluatzeko aholkularitza teknikoa kontratatzeko ere onartu du

Mahaiak Nafarroako Parlamentuaren webgunerako ReadSpeaker Webservices SL ahots-zerbitzua kontratatzea onartu du gaur, irisgarritasun unibertsalerako eskubidea bermatzeko, kasu honetan ikusizko ezintasuna duten pertsonei.

 

Web-zerbitzu honetan, irisgarritasun eta sarbide elektronikoko lege modernoekin eta W3Cren azken gomendioekin bat, oztopoak ezabatuko dira internet erabiltzeko orduan. Hala, ordenagailu bidez sortutako ahots batek irakurriko du webguneetako edukia.

 

Erabaki horrekin, Nafarroako Parlamentuak bere webguneko eduki eta zerbitzuen eskaintza osoa biztanleriaren segmentu zabalago batentzat erabilgarria izatea bermatu nahi du, egungo irisgarritasun-arauek ez baitituzte pertsona horien beharrizanak guztiz estaltzen.

 

Testu luzeak irakurri eta ulertu ezina eragiten dien ezintasun edo prestakuntza duten pertsona horiek dira, besteak beste, ikusmen-ahuleziak, ezintasun psikiko edo intelektualak edo dislexiak dituzten pertsonak, ikusmen-arazoak dituzten adineko pertsonak, edo ahozko hizkuntza ulertu bai baina irakurtzeko gai ez diren pertsonak.

 

Hori guztia dela kausa, eta Ezintasunen bat duten pertsonen eskubideei buruzko nazioarteko biltzarrarekin bat, Ganberari ezinbestekoa iruditzen zaio egungo ekosistema soziala aldatzea, pertsona “normal” baten parametroen arabera eratutako inguru bat egoera diferentzialarekiko elkarrekintzarako desegokia eta baztertzailea dela kontuan hartuta.

 

Ahots-zerbitzu hori (urtean 3.990 eurotan balioetsia, gehi beste 450 euro martxan jartzeko) onartu dute honako hauen aldeko botoek: Ainhoa Aznárez, Parlamentuko burua, Unai Hualde, lehen buruordea, eta Maiorga Ramírez, lehen idazkaria. Kontrako botoa eman dutenak izan dira, bestalde: Alberto Catalán, bigarren buruordea, eta Óscar Arizcuren, bigarren idazkaria. UPNko ordezkariek adierazi dutenez, prestazioaren kontra ez dauden arren, enpresa gehiago baloratu behar zirela uste dute.

 

Euskara-plana

 

Mahaiak, Ainhoa Aznárez, Unai Hualde eta Maiorga Ramírezen aldeko botoekin eta Alberto Catalán eta Óscar Arizcurenen kontrako botoekin, 18.150 euroko gastua baimentzea onartu du, Nafarroako Parlamentuaren 1. euskara-plana (2017-2020) egin, garatu eta ebaluatuko duen aholkularitza teknikoa kontratatzeko, hiru ardatz hauek oinarri hartuta: komunikazio eta irudi korporatiboa, kanpo-harremanak eta barne-harremanak.

 

Euskara-plana urte anitzeko agiri bat bihurtu nahi da, Ganberak 2017-2020 aldian zehar lortu nahi dituen ardatzak, arloak eta helburuak jasotzen dituena.

 

Nafarroako Parlamentuko euskara-plana eta diagnostikoa egiteko epea gehienez lau hilabetekoa izango da, enpresa esleipendunaren eta Ganberako Mahaiaren artean proiektua abiarazteko lehen bilera egiten denetik (hasiera batean urrirako aurreikusi da).