Noiz argitaratua Astelehena, 2017.eko Ekainak 26

Nafarroako Parlamentuak 2016ko ekitaldiko 1.918.794,20 euro itzuli dizkio Foru Ogasunari

Ainhoa Aznárezek bere konpromisoa berretsi du “alferrikako gastuak murrizteko eta Kontuen Ganberaren aholkuak betetzeko”, baita kargua utzi ondoko sariei dagokienez ere

Kontuen Ganberak emandako txostena ikusita, Eledunen Batzarrak erabaki du Nafarroako Parlamentuaren 2016ko ekitaldiko Kontuak onestea.

 

Halaber, onetsitako likidazioarekin bat etorriz, gastatu gabeko 1.918.794,20 euro Foru Komunitatearen Diruzaintzari itzultzeko agindua ematea erabaki du.

 

Azkenik, Nafarroako Parlamentuaren 2016ko kontuak eta horiei buruz Kontuen Ganberak egindako fiskalizazio txostena erakundearen web-orrian argitara daitezela agindu du.

 

http://www.parlamentodenavarra.es/es/transparencia/presupuestos-y-cuentas/presupuestos-y-cuentas-ejercicio-2016

 

Foru Legebiltzarraren 2016ko Aurrekontuen likidazioari dagokionez, nabarmendu behar da, hasiera batean 12.902.550 euroko aurrekontua onetsi bazen ere, aurrekontu bateratua 12.989.245 eurokoa izan dela, aurreko ekitaldiko 86.695 euroko kredituak gehitzeko egin diren aurrekontu-aldaketen ondorioz.

 

Gastuen aurrekontutik 11.074.454,06 euro exekutatu dira; horrenbestez, aurrekontu horren % 85,00 bete da. Diru-sarreren aurrekontutik 13.017.611,18 euro exekutatu, eta aurrekontu horren % 100 bete da.

 

Aurrekontu-egituraren arabera, eragiketa arruntak 10.888.664,55 eurokoak izan dira eta % 88,32raino bete dira, eta kapital- eta finantza-eragiketak 185.789,51 eurokoak izan dira eta % 28,13raino bete dira.

 

Langile-gastuak kapituluan aurrekontu bateratua 6.909.723 eurokoa izan da, eta horietatik, aitortutako betebeharrak direla-eta, 6.516.213,01 euro exekutatu dira, hau da, % 94,3.

 

Ondasun arruntetako eta zerbitzuetako gastuak kapitulua 2.324161,28 euroz hornitua zegoen eta horietatik 1.384.673,87 euro gastatu dira; beraz, betetze-portzentajea % 59,58 izan da. Kapitulu horri dagokio gastuen aurrekontu exekutatuaren % 12,50.

 

Transferentzia arruntak kapitulukoak dira egindako gastu guztien % 26,98. Kapitulu horretan behin betiko kredituak 3.094.876 eurokoak izan dira, eta betetze-maila, % 96,54koa.

 

Inbertsio errealak kapituluak, 464.689,25 euroko aurrekontu bateratuarekin, gastuen aurrekontuaren % 3,58 jaso du. Kapitulu horretan aurrekontuaren % 31 bete da, eta aginduaren zain gelditu dira 3.540,86 euroko betebeharrak.

 

Finantza-aktiboei eta pasiboei dagokienez, ezarritako kredituak 195.795 eurokoak izan dira eta betetze-maila, berriz, % 72koa.

 

Kontuen Ganberak egin duen fiskalizazio txostenaren arabera, Foru Legebiltzarraren 2016ko kontuek “irudi zehatza” erakusten dute ondareari, aurrekontuaren likidazioari eta finantza-egoerari dagokienez. Orobat, Parlamentuaren jarduera ekonomiko-finantzarioa “legezkotasun-printzipioari jarraituz” egin dela azaltzen da txostenean.

 

Kontuen Ganberaren aholkularitza-txostena fiskalizazio organo hori arautzen duen abenduaren 20ko 19/1984 Foru Legean ezarritakoari jarraituz egin da.

 

Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Ainhoa Aznárez Igarza, hedabideen aurrean agertu da 2016ko Aurrekontuaren kontuen likidazioaren nondik norakoak azaltzeko. Azpimarratu du Foru Legebiltzarra izan dela, berriz ere, “bere kontuak onetsi aurretik Kontuen Ganberaren fiskalizaziopean jarri dituen parlamentu autonomiko bakarra; horrela gardentasunaren eta kontu-ematearen aldeko konpromisoari eutsi dio”.

 

Oraingo honetan, “aurreko urtean hasi genituen jardunbide egokien” ildo beretik, “txosteneko proposamenak aztertzeko agindu diet Zerbitzu Juridikoei eta Kontu-hartzailetzari, hartara, behin aztertutakoan, fiskalizazio organoak adierazitako hobekuntzen garapena balidatzeko”.

 

Hain zuzen ere, kargua utzi ondoko prestazioaren balizko bateraezintasunen kontrolari buruz Kontuen Ganberak eman dituen aholkuak aintzat hartuta, Parlamentuko Mahaiak erabaki du erantzukizunpeko adierazpen bat erantsi beharko zaiola eskaerari, non adieraziko baita kalte-ordain horretarako eskubidea izateko baldintzak betetzen direla, eta hilero Kontu-hartzailetza Zerbitzuari jakinarazi beharko zaiola prestazio horren zenbatekoa zehazteko kontuan hartzen diren inguruabar ekonomikoen edozein aldaketa, hura gertatzen denetik hamar egun igaro baino lehen.

 

Aurreko ekitaldian emandako 12 gomendioei dagokienez, Parlamentuko lehendakariak esan du guztiak bete direla, “salbu eta erregistro elektronikoari buruzkoa, oraindik ezarpen fasean dagoelako, eta erregelamendu-aldaketak eragiten dituztenak, horien prozesua luzeagoa delako. 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera, parlamentariek kobratzen dituzten kilometro-ordainak zergapean daude. Azken ekitaldietan esku artean izan dugun gaia da”.

 

Ekonomiari dagokionez, “alferrikako gastuak” gutxitzen jarraitu dutela gogorarazi du Ainhoa Aznárezek. Kendu egin ditugu girotze-musika eta Mahaiko eta Batzarreko kideen bilkuretan eskaintzen zen otordu-zerbitzua, eta lehengo ibilgailuen ordez Nafarroako Gobernuarenak erabiltzen hasi gara. Aurrezpen txikiak dira, baina, guztiak batera, hasi dira nabarmenak izaten. Bidezko merkataritzako produktuak kontsumitzen segitzen dugu, eta gure hornitzaileetako batzuk gizarteratze-zentroak dira”.

 

Jasangarritasunaren arloan, Parlamentuko lehendakariak aurreratu du hurrengo egunetan aurkeztuko dela Nafarroako Parlamentuaren jasangarritasunaren diagnostikoa. Dokumentu horrek jasangarritasunean “aitzindari” diren administrazio publikoen multzoan kokatuko du Foru Legebiltzarra.

 

2016ko kontuen likidazioa dela-eta, Ainhoa Aznárezek azaldu duenez, gastuaren izaera kontuan izanda, “100 eurotik 59 langileen ordainsarietarako izan dira, 13 ondasun arruntetarako eta zerbitzuetarako, 27 transferentzietarako (talde eta elkarteentzako diru-laguntzak, hitzarmenak eta abar) eta 1 inbertsioetarako”.

 

Amaitzeko, lehendakariak esan duenez, web-orriaren Gardentasuna atalaren bitartez egiten diren kontsultez gainera —Legebiltzarraren aurrekontuaren hileroko exekuzioa, bidaia-gastuak edo ordainsariak ere ikus daiteke bertan— Parlamentuko Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetako Zerbitzua “prest dago eska litekeen edozein argibide emateko”.