Noiz argitaratua Asteazkena, 2017.eko Ekainak 14

Ikerketa Batzordeak uztailaren 31ra arte luzatu du Nafarroako Kutxaren gobernu organoen aktak aztertzeko epea

Txosten juridiko bat eskatu du, Banca Cívicari buruzko prozedura judizialaren instrukzioa 18 hilabetez luzatu duen autoak agerraldien fasean eraginik baduen zehazteko

Nafarroako Kutxaren desagerpenari buruzko Ikerketa Batzordeak erabaki du Nafarroako Gobernuari eskatzea hilabetez luza dezala, uztailaren 31ra arte, Nafarroako Kutxaren gobernu organoek 2000tik 2012ra bitartean egindako aktak aztertzeko epea.

 

Gainera, aztertu beharreko dokumentazioaren bolumen neurrigabea dela-eta –zehazki, 50.000 orri baino gehiago–, prozedura bizkor bat antolatzeko eskatu da, batzordeko kideek behar diren kontsulta guztiak egin ahal izan ditzaten horretarako ezarritako epean.

 

Horren ildotik, azken asteotan UPN talde parlamentarioaren eskariz bideratutako eskabideari dagokionez, jakinarazi da Nafarroako Kutxa Fundazioak Foru Gobernuaren esku jarri dituela bere Kontseilu Nagusiak 2000tik 2012ra bitartean egindako bileretako 15 aktak (725 folio).

 

Ikerketa lanak uztailaren 31ra arte luzatzearen ondorioz, ez dira irailera arte zehaztuko lan-planeko geroagoko mugarriak eta epeak, eta ondorioen idazkia aurkezteko epearen muga abenduaren 31ra aldatuko da. UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-E taldeen adostasunez hartu dira erabaki horiek guztiak.

 

Bildutakoek aho batez onartuta, halaber, Batzordeak erabaki du txosten juridiko bat eskatzea Legebiltzarreko zerbitzuei, zehaztu ahal izateko ea Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 6. Epaitegi Zentralak emandako auto batek nolabait ukitzen edo mugatzen ote duen uda ondorako aurreikusita dagoen agerraldien fasea. Auto horren bidez, bat-egite prozesuan eta Banca Cívicaren burtsaratzean ustez egindako maula delituak ikertzeko prozeduraren instrukzioa 18 hilabetez luzatu da, Fiskaltzak hala eskatuta. Ikerketa hori KONTUZ Kontsumitzaile, Erabiltzaile eta Zergadun Elkartearen eskariz abiarazi da.

 

Hala, Auzitegi Nazionalaren autoak luzatu egin du Carmen Lamela epaileak bere gain hartu berri duen instrukzio judiziala (epaile hori Eloy Velascoren ordez ariko da 2018ko abendura arte), prozeduraren konplexutasuna eta eginbide gehiagoren beharra oinarritzat harturik. Luzapen-autoaren arabera, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakari ohia eta Enrique Goñi Nafarroako Kutxako zuzendari nagusi ohia dira ikertuak, besteak beste.

 

Nafarroako Kutxari buruzko Ikerketa Batzordeko buruak, Unai Hualdek, gogorarazi duenez, “lehen aldia da Parlamentuak halako informazio mordo izugarria eskuratzen duena Nafarroako Kutxako gobernu organoei buruz. Dokumentazio konplexua eta mardula da, eta parlamentariek nahiko denbora behar dute hura aztertzeko. Uda garaia egokia da horretarako. Gainera, ezinbestekoa da taldeek agerraldi-eskaerak aurkeztu baino lehen jakitea ea mugatuta ote dauden Auzitegi Nazionalak Banca Cívicari buruzko ikerketa judiziala luzatzeko hartu berri duen erabakiaren ondorioz. Horregatik guztiagatik, behar-beharrezkoa da batzordearen bizitza luzatzea; hortaz, Parlamentuko Mahaiari proposatzen diogu urte amaierara arte luza dezala ondorioak emateko epea”.

 

Bestalde, Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioak beste behin birformulatu du “Viálogos Capital Humano SL enpresako langileei 2014-2010 bitartean egindako atxikipenen aitorpenei eta aldi horretan hirugarrenekin egindako eragiketen aitorpenei” buruzko informazio-eskaera. Behinola Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak ukatu egin zituen aitorpen horiek.

 

Orduan Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak argudiatu zuenez, eskaeran ez zen zehaztu “batzordearen helburuetarako beharrezkoa zen informazioa zeinena zen (CAN eta Viálogos ez beste pertsona fisiko eta entitate batzuena)”. Adierazi zuenez, “zerga aitorpen horietan jasotako datuak modu orokorrean eta bereizketarik egin gabe jakinaraztea ez dirudi bateragarria denik Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 4. artikuluan jasotako proportzionaltasun printzipioarekin, eta, zehazki, Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordeek eskaturik zenbait datu jakinarazteko betebeharra arautzen duen azaroaren 9ko 21/1994 Legearen artikulu bakarreko bigarren zenbakiko bigarren paragrafoan jasotakoarekin”.

 

Oraingoan, Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioak uste du berak zehaztu eta frogatu egin duela Nafarroako Kutxako zuzendaritzako kideek (kargudun publikoak) parte hartu izana Viálogos enpresaren eta lotutako beste enpresa batzuen zuzendaritzan, aholkularitzan edo administrazioan. Horretarako, 2015eko uztailaren 15eko akta batean merkataritzako kontratu bat aipatzen dela ohartarazi du.

 

Zenbait “zantzu” ere aipatu ditu, horiek agerian uzten baitute “Nafarroako Kutxaren eta Viálogosen arteko zuzendaritza-, administrazio- eta aholkularitza-harremana”. Elkarren arteko lotura horren froga da, talde horren iritziz, “bi pertsona juridiko horiek ahalordedun izendatu izana batak bestea, Merkataritza Erregistroan jasorik dagoenez. Bi sozietateek, halaber, pertsona fisiko batzuk partekatzen dituzte beren administrazio kontseiluetan”.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-E taldeen baiezko botoekin eta UPNren abstentzioarekin onartu da informazio-eskaera hori izapidetzea.

 

Onetsitako arauei jarraituz, 2016ko apirilaren 27an eratutako Ikerketa Batzordeak helburu du jakitea eta zehaztea Nafarroako Kutxaren eta haren Enpresa Korporazioaren nahiz lotutako gainerako entitateen jarduketak bat etorri ote ziren sorrerako printzipioekin, eta argitzea zein den desagertzearen ondorengo ondare-multzoaren gaurko egoera.

 

Gaurko bilkuran, Unai Hualde (Geroa Bai talde parlamentarioa) buru zutela, honako hauek izan dira: Luis Casado (UPN talde parlamentarioa), Jokin Castiella (Geroa Bai talde parlamentarioa), Adolfo Araiz, Maiorga Ramírez (EH Bildu talde parlamentarioa), Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa), Guzmán Garmendia (PSN talde parlamentarioa) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea).