Noiz argitaratua Asteazkena, 2017.eko Maiatzak 17

NUPen Unibertsitateko XVI. Eztabaida Ligako sariak banatzeko ekitaldia

Aznárezek azpimarratu du elkarrizketak indarrean dirauela bizikidetasunerako eta herritartasunerako tresna gisa, eta emakumeak animatu ditu hizkuntzari oraindik geratzen zaion zama sexista kentzeko

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Ainhoa Aznárezek, eta NUPeko Unibertsitate Proiekziorako errektoreordeak, Eloísa Ramírezek, gaur sariak banatu dizkiete Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitateko XVI. Eztabaida Ligako irabazleei.

 

Sari nagusia, 700 eurokoa, Iñigo de Carlos, David Garciandía, Raúl Lecumberri, Marcos Vicente eta Jesús Mariano Vidanek osatutako taldeak jaso du.

 

Bigarren saria (500 euro) Juan Segundo Gutiérrez, Iñigo Jiménez, Irene Miquélez eta Alfonso Urrizburuk osatutako taldeari egokitu zaio.

 

Eta hirugarrena (300 euro), Oihan Ainzua, Garazi Aizkorbe, Alejandra Ciria eta María Franchezek osatutako taldeari.

 

Hizlari onenarentzako Joaquín Pascal saria Marcos Alfonso Urrizburuk jaso du.

 

Ekitaldiaren hasieran Ainhoa Aznárez mintzatu da. Marko Tulio Zizeronen aipamena egin du “dialektikoen zorroztasuna, filosofoen kontzeptuak, legelarien oroimena eta erdi poeten hizkuntza” aldarrikatzeko, “erretorikaren oinarriak diren aldetik, zeinen hizkera sexista samarrak emakumeen ekarpenaren beharra baitu”.

 

Testuinguru horretan, Ainhoa Aznárezek azpimarratu du elkarrizketak eta eztabaidak indarrean dirautela bizikidetasunerako eta adostasunerako tresna gisa, “herritarren arteko loturak sendotzeko, baita informazioaren teknologien aroan ere. Unibertsitate Publikoari laguntzen segituko dugu komunikaziorako eta ikerketarako trebetasunak sustatzearekin zerikusia duen guztian. Mila esker zuen lanagatik eta zorionak emaitzengatik”.

 

NUPeko Eloísa Ramírez errektoreordeak zoriondu egin ditu irabazleak eta Nafarroako Parlamentuari esker ona adierazi dio “elkarrizketaren eta adostasunaren balioak transmititzen dituelako egungo gizartearentzat eta areago gazteriarentzat garrantzi berezia duen hezkuntza-jarduera honi eusten laguntzeagatik”.

 

Hizlari onenarentzako sariaren irabazleak, Alfonso Urrizburuk, eztabaidari buruz mintzatu da “filosofiaren benetako funtsa” dela esanez, eta “arrazoimen kritikoa bizitzaren eta munduaren ikusmolde bateratu eta global” bihurtzeko eskatu du. “NUPi gomendatzen diot pentsamendu kritikoa sustatzen jarraitzea eta hura eskola zein institutuetan sartzea, beste batzuek gure ordez pentsa ez dezaten eta aukeratzeko askatasuna ken ez diezaguten. Desobedientzia da askatasunaren oinarri nagusia”.

 

Erakunde-aretoan egindako ekitaldi horretan aritu da, halaber, Miren Sarasibar, NUPen Eztabaida Ligaren ardura duen irakaslea.

 

Ekidaldian izan dira, besteak beste, Maiorga Ramírez eta Óscar Arizcuren Mahaiko kideak eta Koldo Martínez, Virginia Alemán (Geroa Bai), Esther Korres (EH Bildu) eta Carlos Couso (Podemos-Ahal Dugu) parlamentariak.

 

Parlamentuak eta NUPek urtero sinatzen duten hitzarmenaren jarduketa-esparruan egiten da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitateko Eztabaida Liga, beste jarduera batzuekin batera. Unibertsitate Proiekziorako Errektoreordetzak antolatzen du, eta elkarrizketa nahiz ideien arteko jendaurreko lehia sustatzea du helburu, bizikidetasuna lantzeko eta trebetasun pertsonalak garatzeko ariketa gisa.

 

Puntuak emateko garaian epaimahaiak aintzat hartzen ditu, beste alderdi batzuen artean, azalpenaren ordena, argitasuna eta erraztasuna, lantaldearen jarrera, ziurtasuna izatea eta gaia ongi ezagutza, frogen zorroztasuna, keinuen erabilera, aurkakoaren baliabideen integrazioa edo bizkor erantzutea.