Noiz argitaratua Asteazkena, 2017.eko Apirilak 12

Txosten juridiko berri batek berretsi egin du CAN Fundazioaren aktak eskuratzeko aukera

Ikerketa Batzordeak 24tik 30era arteko astean ekinen dio ikuskaritza lanari foru gobernuaren instalazioetan prestatutako kontsultagunean

Nafarroako Kutxaren gobernu organoek 2000. eta 2012. urteen artean egindako bileretako aktak eskuratzeko datu pertsonalak babesteari dagozkion mugei buruzko txosten juridikoaren jakitun geratu da Nafarroako Kutxaren desagerpenari buruzko Ikerketa Batzordea (urtarrilaren 30ean emandako txostenaren luzapena).

 

Txostena UPNk eskatuta eman da, eta, bertan ondorioztatu denez, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Kutxa Fundazioa babesteko lanak desagertutako Banca Cívica eta Nafarroako Kutxako organoek hartutako erabakiak ere barne hartzen ditu, organo horien aktak aipatutako fundazioan gorde baitziren, bertan zaintzeko.

 

Horren haritik, eta “kontuan izanda martxoaren 8an Nafarroako Gobernuak ebatzi zuela Nafarroako Kutxaren gobernu organoek 2000. eta 2012. urteen artean egindako bileretako aktek babes lana egiteko beharrezko dokumentazioa osatzen dutela, bereziki, fundazioaren ondarea kontrolatzeari dagokionez”, txosten juridikoak sarbidearen proportzionaltasunaren gaia landu du, konfidentzialtasuna behar bezala babestearekin bat etorriz.

 

Horri dagokionez, txosten juridikoak Nafarroako Gobernuaren jarduna du hizpide, Ikerketa Batzordeko kideei dokumentazioa kontsultatzeko espazio bat uztea erabaki baitu gobernuak, “ikerketarako ezinbestekoak diren aktak zehaztu ahal izateko”; bidenabar, ohartarazi du “konfidentzialtasun eta isilpeko betebeharra urratzea oso arau-hauste larria dela, eta 40.001 euro eta 300.000 euro arteko isunarekin” zigor daitekeela.

 

Betebehar pertsonal bat denez, Ikerketa Batzordeko kideei ezin zaie erantzukizun solidariorik erreklamatu, “salbu eta, jurisprudentziak eskatu bezala, horiek guztiak kaltea eragiten inplikatu badira eta erantzukizunak banakatzea ezinezkoa bada”.

 

Aktak eskuratzearen inguruabarrak argitu ondoren, batzordekideek egutegi bat prestatzeari ekin diote, hala, apirilaren 24tik 30era arteko astean foru gobernuak prestatutako instalazioetan ikuskaritza lanak egiten hasteko.

 

Bestalde, Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeak “Viálogos Capital Humano SL enpresako langileen 2014tik 2010era arteko atxikipen aitorpenei eta aldi horretan hirugarrenekin egindako eragiketen aitorpenei” buruzko informazio eskaera birformulatu du, bere egunean Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari gerenteak ukatutakoak.

 

Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari gerenteak argudiatu zuenez, eskaeran ez zen zehaztu “batzordearen helburuetarako beharrezkoa zen informazioa zeinena zen (CAN eta Viálogos ez beste pertsona fisiko eta entitate batzuena)”. Zehaztu zuenez, “zerga aitorpen horietan jasotako datuak modu orokorrean eta bereizketarik egin gabe jakinaraztea ez dirudi bateragarria denik Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 4. artikuluan jasotako proportzionaltasun printzipioarekin, eta, zehazki, azaroaren 9ko 21/1994 Legearen artikulu bakarreko bigarren ataleko bigarren paragrafoan jasotakoarekin, Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordeek eskaturik, zenbait datu jakinarazteko betebeharra arautu zuena.

 

Ikerketa Batzordeak otsailaren 24ko bileran adierazi zuen agerraldietarako eskaerak jasotzeko epemuga gutxi gorabehera maiatzaren 10a izanen zela. Modu orientagarrian aurreratu zuenez, agerraldiak maiatzaren 15etik ekainaren 15era artean izan daitezke. Hala, ekainaren 30erako ondorioak aurkeztu eta lanak bukatzea aurreikusi da, beste luzapen berririk ez badago.

 

Onartutako arauei jarraituz, 2016ko apirilaren 27an eratutako Ikerketa Batzordearen helburua Nafarroako Kutxaren, enpresa korporazioaren eta horri lotutako gainerako entitateen jardunak sorrerako printzipioekin bat etorri diren zehaztea da; horrez gain, desagertzearen ondoriozko ondare osoaren une honetan egoera argitzea du helburu.

 

Gaurko saioan Unai Hualde (Geroa Bai parlamentu-taldea) izan da buru, eta Luis Zarraluqui, Luis Casado (UPN parlamentu-taldea), Koldo Martínez (Geroa Bai parlamentu-taldea), Adolfo Araiz, Maiorga Ramírez (EH Bildu parlamentu-taldea), Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea) eta Guzmán Garmendia (PSN parlamentu-taldea) ere bertan izan dira.