Noiz argitaratua Ostirala, 2017.eko Apirilak 7

Osoko bilkura monografikoa. ‘Etxebizitzarako eskubide subjektiboa bermatzeko hautabideen azterketa’

Geroa Baik Etxebizitzaren Legea defendatu du, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek harago joateko eskatu dute, UPN eta PPN populismoaz aritu dira eta PSNk morrontza eta kontinuismoa egotzi dizkio laukoari

Parlamentuaren osoko bilkuran, Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeak eskatuta, eztabaida monografikoa egin da gaur: "Etxebizitzarako eskubide subjektiboa bermatzeko hautabideen azterketa". Eztabaida sail bateko bosgarrena izan da. Aurretik eztabaidagai izan dira erabakitzeko eskubidea (EH Bildu parlamentu-taldea), enpleguaren sustapena (PSN parlamentu-taldea), hezkuntza sistema (PPN) eta gizarte politikak (PPN).

 

Laura Pérez (Podemos-Ahal Dugu) etxe utzarazpenak debekatzearen alde

 

Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeko eledunak, Laura Pérezek, eman dio hasiera etxebizitzarako eskubide subjektiboa bermatzeko hautabideak aztertu dituen osoko bilkurari. Etxe utzarazpenak "debekatu" eta halakoak egiten dituztenak "delitugiletzat hartu" behar liratekeela esan du.

 

Laura Pérezek baieztatu duenez, etxebizitzarako eskubide subjektiboa “behin eta berriz urratu dute, nahiz eta Konstituzioan jasota dagoen, bizilekua izateko eskubidea bizimodu duinerako eskubidearen parte dela ahaztuta. "Alderdi interesdunetako baten interpretazioa dago horren atzean, interes finantzarioen interpretazioa, hain zuzen".

 

Horren aurrean Laura Pérezek neurri batzuk proposatu ditu: "etxebizitza ordainean ematea atzeraeraginez, alokairu merkeagoak, etxe utzarazpenen amaiera, eta gizarte-laguntzako etxebizitza publikoak ugaritzea, horretarako bankuen higiezinak baliatuz. Ez dezagun aitzakiatzat erabili parlamentu honek ez duela eskumenik edo jada bere egitekoa betetzen ari dela Etxebizitzaren Lege onetsi berriarekin, aurrerapauso horiek ez gaituztelako asetzen".

 

Pérezek esan du ez duela ulertzen, "bizilekua bortxatzea delitua bada, zergatik ez den delitutzat hartzen bizilekutik bortxaz kaleratzea ere. Etxe utzarazpenak debekatu ez ezik, halakoak egiten dituztenak delitugiletzat hartu behar lirateke".

 

Laura Pérezek azpimarratu duenez, "konstituzionalistak omen diren alderdiek galarazi dute herrialde honetan interes orokorraren aldeko legeak egitea. Banku-jabeen interesa bizimodu duinerako eskubide konstituzionalaren defentsaren gainetik jarri duten alderdi horietako kide izateak lotsa eman behar lieke batzuei".

 

Laura Pérezen iritziz, bada "sare bat non nahastuta baitabiltza beren burua botere ekonomikoari saldu diotenak, eliteentzat gobernatzen duten alderdi nagusietatik hasi eta botere judizialerainokoak".

 

Podemos-Ahal Duguko eledunaren esanetan, "ezin dugu jarraitu etxe utzarazpen gehien egiten diren EBko herrialdea izaten eta aldi berean, are lotsagarriagoa dena, etxebizitza huts gehien eta etxebizitza publiko gutxien dituen herrialdea izaten. Ezin da etxebizitzaren erabilera antisoziala sustatzen jarraitu, putre funtsei eta bankuei milaka etxebizitza huts apalankatuta edukitzen utzi prezioek behera egin ez dezaten, hainbat familia kalean dauden bitartean".

 

Zarraluquik (UPN) eztabaidan jarri du Podemos-Ahal Duguren diskurtso populista

 

Luis Zarraluquik (UPN parlamentu-taldea) Podemos-Ahal Duguko idazkari nagusi eta Parlamentuko eledun Laura Pérezen hitzaldia entzun ondoren, honako hau aurpegiratu dio: "Zure alderdi politikotik berehala bota beharko duzu, delitugilea izateagatik, hortxe dagoen zure kidea. Egin duzuna mitina da. Gogor hasi zara eskubide konstituzional batez mintzatzen eta gero delitugile deitu diezu etxe utzarazpenak sustatzen dituztenei. Berehala bota beharko duzu, delitugilea izateagatik, hortxe dagoen zure kidea".

 

Zarraluquik zehaztu duenez, "oso ederra da hona etortzea horrelakoak botatzera eta guri bankuen lagun eta puru erretzaile deitzera, baina gauzak ez dira zuriak edo beltzak. Ematen du ez garela hona etorri etxebizitzaz mintzatzera, Hipotekak Eragindakoen Plataformaren Legeaz baizik. Antza denez, Hipotekak Eragindakoen Plataformen rapa kantatu behar zen. Osoko bilkura hau egiteak esan nahi ote du laukoak aurkeztutako Etxebizitzaren Legearen neurriak "ez zirela aski?".

 

Zarraluquik baieztatu du berariazko neurriak behar direla "populazioko zenbait talderen arazo zehatzei erantzuteko" etxebizitza-politikari dagokionez, baina populazio osoa "bazter utzi gabe, ekitatez erantzun behar baitzaio". Gainera, "etxebizitza-politika gero eta integralagoaren alde" apustu egin du.

 

Haren iritziz, "beharrezkoa da lehentasunezko talde hori ezarri eta identifikatzea etxebizitzaren arloko laguntzak bideratzeko. Talde horretakoei etxebizitza ez ezik laguntza ere eman behar zaie lana lortzeko, ez da ona pobrezia guneak sortzea".

 

Bestalde, Zarraluquik nabarmendu du Nafarroako Gobernuak bere kabuz ezin duela "bat-batean ase gaur egun dagoen etxebizitza eskaria", eta esparru pribatuarekiko lankidetzaren alde egin du. Alderdi erregionalista "prest dago gai honi ekiteko, laguntzeko eta egoera hobetzen lagunduko duten ekimenak proposatzeko", gehitu du.

 

Bestalde, UPNko gobernuen garaian sustatu zen etxebizitza-politikaren balioa aldarrikatu du Zarraluquik, eta gogora ekarri du 1994tik 2012ra bitartean batez beste 2.000 etxebizitza babestu eraiki zirela urtean. "Horrelako etxebizitzak egiteko ahalegin nabarmena egin zen eta gizarteak oso ongi hartu zuen".

 

Koldo Martínez (Geroa Bai) “buelta erradikalaz” mintzatu da

 

Koldo Martinezek (Geroa Bai parlamentu-taldea) Nafarroako Gobernua defendatu du, "UPNko aurreko gobernuen politikei buelta erradikala eman dielako" etxebizitzaren arloan, zeina "ez negoziotzat, baizik eskubidetzat” ulertu behar baita.

 

Koldo Martínezek adierazi du Gobernuari eusten dioten lau indarrek Parlamentuan onetsi berri dutela "azken 30 urteetako eduki sozial handieneko etxebizitza legea, aurre-aurrean jarriz etxebizitzarako eskubidea".

 

Gainera, haren esanetan, "Gobernu honek buelta eman dio jabetza lehenesten zuen UPNren politikari, alokairuaren aldeko apustu ausarta egiteko, eta eraikin zaharrak birgaitzeko politikak berpiztu ditu, diru-laguntzak eta etxebizitza kopuruak bikoiztuz. Horiek guztiak ez dira gobernu programa bateko neurri soilak, printzipioak eta balioak dira".

 

Koldo Martínezek nabarmendu duenez, "egitate bat da etxebizitza-politika gazteen eta familien zerbitzura jarri dela, Salestarretakoa bezalako goi mailako pelotazoen aurrean. Egitate bat da, bira politikoaren ondoren, lurzoru publikoaren eta sustapen publikoaren aldeko apustua egin dela, gainbalio neurrigabeak sortzen zituzten sustapen pribatuen aurrean".

 

Martínezek erantsi du Geroa Bai bultzatzen ari dela "aldaketa lasai, sakon eta integratzailea, zalapartarik gabe. Etxebizitza negozioa ez, baizik eta eskubidea izatea sustatzen jarraituko dugu neurri errealista eta egintza zehatzen bidez".

 

Araizek (EH Bildu) laukoaren legeaz “harago” joateko eskatu du

 

Adolfo Araizek (EH Bildu parlamentu-taldea) balioetsi egin du laukoak adostutako Etxebizitzaren Legearen aldaketa, baina beharrezkotzat jo du "harago joan" eta prozesua bukatzea "etxebizitzarako eskubidea erabat bermatuko duen foru lege berri bat eginez. Eskubideen arloan aurrera egin da, baina lehenbiziko urrats baten barnean".

 

Araizek baieztatu duenez, azken hamarkadetan "gizakien premietako bati aurre egiteko ezintasuna egiaztatu dugu eta puntu kritiko batera iritsi gara".

 

Horren haritik, deitoratu egin du 2008tik 2016ra bitartean Estatuan 600.000tik gora hipoteka-betearazpen egin izana, "etxebizitza hutsen arazoaz gainera". Eta kritikatu egin du Gobernu zentralak etxe utzarazpenen kontrako foru legea Konstituzio Auzitegian aurkaratu izana.

 

Beraren iritziz, bai jokabide horrek bai Konstituzio Auzitegiaren erabakiak "finantza sistemaren eta bankaren interesak pertsonen interesen gainetik jarri zituzten. Estatuaren Abokatutzak azaldu zituen argudioak onartezinak ziren".

 

Adolfo Araizen ustez, "legegileak garen aldetik erronka bat dugu, eta beste autonomia erkidego batzuen legerietan jada jasota dagoen etxebizitzarako eskubide subjektibo hori ezartzeko aukera dugu. Badago formulazio zehatz bat eta bide horretatik jo dezakegu".

 

Apustu egin du, gainera, "etxebizitza beharrak eskaintzaren eta eskariaren joko garbiaren bitartez asetzea ahalbidetuko duen sistema kolektibo bat" ezartzearen alde, eta ohartarazi du ez dela nahikoa "kontsumitzaileak babesteko araudi indarduna; ikusi dugu ez dela nahikoa". Bestalde, "etxebizitza duinaren kontzeptua berriro aztertu eta eztabaidatu" eta "oinarrizko etxebizitza” kontzeptua ere aintzat hartzearen alde agertu da.

 

Ainhoa Unzuk (PSN) “UPNren morroi izatea” leporatu dio laukoari

 

Ainhoa Unzuk (PSN parlamentu-taldea) adierazi du laukoa "UPNren politiken morroi" izaten ari dela etxebizitzaren arloan, eta lege berri bat onesteko eskatu du, "adoretsua, berritzailea eta ausarta”.

 

Ainhoa Unzuk esan duenez, etxebizitzari buruzko osoko bilkura monografikoa Etxebizitzaren Foru Legea onetsi eta hilabete gutxira egiteak "frogatu egin du PSNk behinola ohartarazi zuena, hau da, lege horrek ere ez duela arazoa konpondu eta etxebizitzarako eskubidea bermatu, ez diola ekin etxebizitza hutsen arazoari eta ez dituela kontuan hartu errealitate berriak".

 

Unzuren esanetan "Podemos-Ahal Duguk lege hori irentsi egin zuen eta itxaropen handiak zapuztu zituen; horregatik aurpegi garbiketa egin behar izan du, lege kontinuista eta hankamotz horren ondoren. Arazoek lehengoan segituko zutela ohartarazi genuen eta halaxe izan da".

 

"Laukoa berdin jokatzen ari da, UPNren politikaren morroi, Podemos-Ahal Dugu aurrean duela. Madriletik mitin asko bidaltzen badizkiote ere, inork ez dezala itxaropenik izan, betikoa eginen baitute, hau da, deus ere ez", baieztatu du.

 

Ondoren, Ainhoa Unzuk azaldu du PSNrentzat etxebizitza ez dela "eskubide soila, baizik eta, horrez gain, gizarte kohesiorako, lurralde kohesiorako eta aukera berdintasunerako tresna ahaltsua".

 

Eledun sozialistak azpimarratu du ez dela aski "adabakiak jartzea" eta etxebizitzaren lege proiektu berri bat egiteko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. "Erronka izugarria dugu aurrean: etxebizitzarako eskubide subjektiboa uztartzea sektorea mugitzearekin, enplegua sortzearekin eta jarduera izaten jarraitzearekin".

 

Javier Garcíak (PPN) “demagogia gutxiago eta urrats irmoak" eskatu ditu

 

Javier Garcíak (PPNko foru parlamentarien elkartea) nabarmendu du Gobernu zentralak "urrats irmoak" egin dituela "pertsona guztiek eskuratu ahal dezaten etxebizitza duina, Alderdi Popularrak horretarako konpromisoa daukalako. Guk bai hartu ditugula neurri garrantzitsuak", azpimarratu du.

 

Garcíak "populista" iritzi dio Podemos-Ahal Duguko bozeramale Laura Pérezen hitzaldiari, eta "demagogia gutxiago eta lan gehiago" eskatu dio. "Berriketa asko egiten duzue, baina ekintza zehatz eta eraginkor gutxi".

 

Beraren iritziz, "osoko bilkura hau aurpegi garbiketa egiteko balia dezake Podemos-Ahal Duguk", eta "kideen artean izan dituzten kasuak ikusirik, ez dute batere ongi ematen parlamentu honetan eta beste batzuetan botatzen dituzten hitzek. Uste dut traizioa egin diotela, eta handia, ordezkatzen omen duten jendeari. Hona, behintzat, gutxitan etortzen dira demagogia hutsetik haragoko ekimenak ekartzera".

 

Garcíak apustu egin du "mundu guztiak etxebizitza duin eta egokia eskuratu ahal izatearen alde", eta hau azpimarratu du: "ezusteko inguruabarrengatik hipoteka ordaintzeko dirurik ez duen norbait bere etxetik botatzea krisiaren alde dramatikoena da". Errealitate horren aurrean "PPko Gobernuak ez du ezikusiarena egin", gehitu du.

 

Aitzitik, "neurri zehatzak hartu ditu, zifra zehatzak dituztenak eta pertsona zehatzei eragiten dietenak. Non daude zuen zifrak, Podemos-Ahal Duguko jaun-andreok? Zuen demagogia gorabehera, Gobernu zentralak lanean jarraituko du etxe utzarazpenak gutxitzeko".

 

Nafarroako Etxebizitzaren Legea ere aipatu du, eta, horri dagokionez, laukoari leporatu dio "guztiak bizkor ibili izana legearen argazkian jartzeko", baita baita "hura ez dela nahi zuten legea esateko ere. Neurri batean, denbora galarazi diote parlamentu honi".

 

Nuin (I-E), norabidearekin ados, nahiz eta "bide luzea” dagoen egiteko

 

"Abenduan lege bat onetsi zen, alokairu sozialaren prezioak behera egin du, aurrekontuek gora, eta birgaitzea sustatu da; hala ere aurrerago jo behar da", adierazi du José Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea). Ondoren, Nafarroako Gobernuaren hurrengo etxebizitza-planean etxebizitzarako eskubide subjektiboa sartzea eztabaida dadila planteatu du, eta eskatu du Konstituzio Auzitegiak etendura ken diezaiola Nafarroako Parlamentuak 2013an onetsi zuen foru legeari.

 

Horrez gain, I-Eko eledunak honako hau esan du: "Gobernuak etxebizitzaren arloan hartu duen norabidea egokia da, nahiz eta oraindik asko dagoen egiteko. Beharrezkoa da "lurzoruaren eta etxebizitzen merkatuan esku hartzea" sektore horretan "politika espekulatzailerik" egin ez dadin, eta etxebizitza "eskubide izan dadin, eta ez espekulazioaren bidezko negozioa".

 

"Esku hartzeko tresna juridikoak, arauemaileak eta publikoak behar ditugu espekulazioaren ondorioak berriz sor ez daitezen. Kontrol publikoaren beharra dago. Horixe da garai batean egin nahi izan ez zutena, eta horrexek eraman gintuen hondamendira", azpimarratu du.

 

"Espainiako politika espekulatzaileak 5 milioi pertsona baino gehiago lanik gabe egotea eta 300.000 familiari etxea kentzea eragin zuen", esan du. Beraren ustez, "espekulazioaren burbuila hori puzteko garaian botere publikoek erantzukizun eta konplizitate eskerga izan zuten. Baziren gertatzen ari zenaz ohartarazten zutenak, baina festa-hondatzailetzat hartzen zituzten, hemen guztiak zebiltzalako oparotasunaren aparretan".

 

Gainera, "urte haietako arazoa izan zen sistemaren funtzionamenduan berean interes ekonomiko eta finantzarioak izugarriak zirela eta ez zegoela interes haiek kontrolatzeko mekanismo publikorik", erantsi du.

 

Laparrak legearen "eragin positiboa" nabarmendu du

 

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako lehendakariordeak, Miguel Laparrak, nabarmendu egin du laukoak onetsitako Etxebizitzaren Legearen "eragin positiboa". Beraren ustez, Etxebizitza Plana "urrats garrantzitsua" izanen da Foru Komunitatean "herritar guztiei etxebizitzarako eskubidea behin betiko eta erabat bermatzeko".

 

Laparrak baieztatu duenez, "herri honetan amaitu egin da etxebizitzaren arloko politikaren eredu historikoa, eredu nabarmenki espekulatzailea, jabetza eskuratzea eta eredu erregresibo bateko zerga-arintzeak erabiltzea oinarritzat hartu dituena itsu-itsuan".

 

Lehendakariordeak adierazi duenez, "amaiera horren seinale adierazgarriena" izan da "herrialde honetako mito bat erori izana"; alegia, "etxebizitzaren prezioak beti segituko zuela gorantz uste zen, eta gezurra zela ikusi dugu".

 

Bere hitzaldian Laparrak esan du "osagai autokritikoren baten falta" sumatu duela UPNko Luis Zarraluqui parlamentariak osoko bilkuran egin duen hitzaldian; adibidez, "aitortzea" gobernu erregionalistekin "babes ofizialeko etxebizitzen prezioa % 70 handitu zela" edo "ez zirela jaitsi ez babes ofizialeko etxebizitzen modulua ez alokairuaren modulua".

 

"Ezkutatze ariketa horretan", Laparraren ustez, PPNko Javier García parlamentariak ere "aitortu behar luke agian errorea izan zela bankuak erreskatatzeko 60.000 milioi jartzea, 300.000 familia beren etxeetatik kaleratzen zituzten bitartean".

 

Beraren iritziz, "aitortu behar litzateke, halaber, zerga-arintzeen bitartez aurreko gobernuek laguntza gehiago eman dietela Nafarroako gizarteko sektore aberatsagoei behartsuei baino", eta hori ez dela izan "ez bidezkoa ez zuzena". "Oraindik zerga-arintze horien zati bat ordaindu behar dugu".

 

Laparrak "autokritika falta" egotzi dio PSNko parlamentariari ere, "Alderdi Sozialistaren politikak zerikusi handia izan baitu porrot egin duen etxebizitza ereduarekin".

 

Laukoak onetsitako etxebizitza-legeari dagokionez, hura aldatu eta hilabete batzuetara "une egokia da lortzen ari diren aurrerapenak baloratzeko; izan ere, etorkizunerako jarduketa garrantzitsuagoak ikusten eta planteatzen eta hurrengo urteetarako haiek aztertzen has gaitezke".

 

Esan duenez, badira hiru kontu "oraintxe bertan" hainbat modutan aurrera egiten hasteko aukera ematen dutenak: etxebizitzaren arloko politiken gobernantza sistemaren aldaketa, "parte-hartzea eta gardentasuna” areagotu daitezen; etxebizitza-horniduraren ereduaren "hobekuntza"; eta "eskubide hori nahiz herritarrei dagozkien titulartasunak aitortzeko modurik onena” bilatzea.

 

Beste alde batetik, etxe utzarazpenen kontrako 2013ko legeari jarritako konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa kentzeko eskatu du Laparrak, lege horretan badaudelako "tresna garrantzitsuak, aurrera egiten lagunduko liguketenak", eta "interesekotzat" jo du, halaber, "eztabaida honen ondorioak Diputatuen Kongresuko ekimen bihurtzea", izan ere araudi nazionala "jarduteko ahalmena eta etxebizitzarako eskubidea aitortzeko aukera mugatzen ari baitzaigu".