Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Martxoak 16

Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du hezkuntza digitalera iragateko estrategia bat taxutu dezan

Baliabide teknologikoen gutxieneko zuzkidura eta irakasleentzako prestakuntza-prozesu bat bildu behar ditu, gutxieneko gaitasunak lortuko direla bermatzeko

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak gaur, UPN, Geroa Bai, PSN eta PPN taldeen aldeko botoekin eta Podemos-Ahal Dugu, EH Bildu eta I-Eren abstentzioarekin, erabaki bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “hezkuntza digitalera iragateko estrategia bat taxutu dezan, foru erkidegoko haur hezkuntzako ikastetxe, eskola, institutu, lanbide heziketako ikastetxe eta unibertsitate guztiak garai berrietara egokitzeko”.

 

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, Foru Gobernuari eskatzen zaio “baliabide teknologikoen gutxieneko zuzkidura exigi dezan ikasgune guztietan, Nafarroa osoan jakintza praktiko uniforme batzuk bermatuz”.

 

Bestalde, jada hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “berma dezan Nafarroako hezkuntza-erkidego osoak edukiko dituela beharrezkoak diren gutxieneko gaitasun digitalak, etorkizuneko belaunaldiek jakintza teknologiko egokiak eskura ditzaten beren garapen sozialerako eta laneratzeko”. Atal horren bozketan EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu abstenitu egin dira eta I-Ek beste taldeekin batera bozkatu du alde.

 

Halaber, Foru Gobernuari eskatzen zaio “ikastetxe guztietako irakasleentzako prestakuntza-prozesu bat abiaraz dezan, ikasgeletan dauden teknologiak ahalik eta gehien baliatzea bermatzeko, teknologia horien erabilera efizienteena bermatuz”.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen da “gurasoentzako eta tutoreentzako aholkularitza-prozesu bat abian jar dezan, horiek ere ezagut dezaten iragate digitalaren prozesua, arloaren ezagutzatik abiatuta partaide bihurtuz”.

 

PSN parlamentu-taldeak sustatutako erabakiaren zioen azalpenean “integrazio teknologikoko agertoki” berri bat aipatzen da, zeinak, hezkuntzari dagokionez, “baliabide pedagogikoen” beharra sortu baitu, ikasleak ingurunean ahalik eta hobekien integratzeko eta aldez aurretik irakasleei prestakuntza egokia emateko.

 

Horretarako, ikasgeletan teknologia ezartzea “lagungarria izanen litzateke ikasleen trebetasun teknikoak hobetzeko eta, zeharkako trebetasunen garapenean sakonduz, ikasleen autonomia indartzeko; hartara ikasleen sormena eta lankidetza sena sustatuko lirateke”.