Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Ekaina 21

Zientziari eta Teknologiari buruzko Foru Legea

Osoko Bilkuran onetsia. 2018ko ekainaren 21ean 

Parlamentuko Osoko Bilkurak Zientziari eta Teknologiari buruzko Foru Legea onetsi du gaur UPN, Geroa Bai, EH Bildu, PSN eta PPNren aldeko botoekin, Podemos-Ahal Duguren abstentzioarekin eta Izquierda-Ezkerraren aurkakoarekin.

 

Gobernuak aurkeztutako Foru Lege proiektuaren helburua da zientziaren, teknologiaren, ikerketaren eta berrikuntzaren sustapena modu integralean arautzea, Europako Ikerketa Estrategia eta Politikaren esparruan I+G+B-ri protagonismo handiagoa emango dion ekoizpen eredu bat finkatzeko, hori guztia zientzia eta teknologia sistema eta ekoizpen egituraren arteko lankidetza kultura baten garapenean oinarrituta.

 

Helburuak dira Nafarroako enpresentzat lehiatzeko toki hobea lortzea, baita genero mailari dagokionez ere Nafarroako I+G+b-ko sistema (Sinai) antolatzea, Nafarroan ikerketarako talentua ziurtatzea, zientzia dibulgazioa sustatzea eta ekintzailetza bultzatzea. Azken finean, zientzia, teknologia eta berrikuntza politika eta planak Estatuko Administrazio orokorrekoekin eta Europar Batasunekoekin koordinatzen laguntzea da helburua.

 

Nafarroako I+G+b-ko sistema (Sinai) eratzen da, ikerketa eta berrikuntza politiken planifikazio, kudeaketa, egikaritza eta jarraipen organo gisa (giza eta gizarte zientziak barne), gizartearen eta ekoizpen egituraren erronkei erantzuna eman ahal izateko, sektore publikoarekin eta gizarte entitateekin batera.

 

Horretarako, baliabideak finkatzen dira eta bikaintasuna lortzeko, nazioarteko batzorde zientifikoak sortzea sustatzen da, zentroen ebaluazioa, doktoreen kopurua handitzea eta eragileen arteko elkarlan estuagoa. Horretarako, finantzaketa publikorako kontuan hartuko dira eragileen emaitza zientifikoak, transferentziakoak eta ekonomikoak.

 

Nafarroako I+G+b Sistema Koordinatzeko eta Ebaluatzeko Agentziak bermatuko du kontrol publikoa, beti ere saihestuz sistema interes partikularren menpean egotea. Tresna guztiak ebaluazio agentzia bakar batek ebaluatu behar ditu, neutraltasuna bermatuz eta irizpide desberdintasuna saihestuz.

 

Sinaiko eragileak izango dira unibertsitateak, ikerkuntza zentroak eta zentro teknologikoak eta osasun ikerketa institutuak. Enpresaren arloko I+G+b unitateak, dibulgaziorako entitateak eta exekuzioko eragileen koordinatzailea, zeinari lege honek estatus berezi bat ematen dion.

 

Sinaiko eragileak lankidetza, gardentasun eta genero berdintasun printzipioetan oinarritu beharko dira (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko Foru Lege indardunak ezartzen duen bezala), eta eragilearen akreditazioa lortzeko bete behar dituzten beharkizunen artean daude ikertzaile doktoratuak izatea plantillan (gutxienezko parekidetasuna 40/60) Nafarroan kokaturik egotea, beren kontabilitatean bereiztea jarduera ekonomikoa eta ez ekonomikoa, etab. Irabazi asmorik ez edukitzea exijituko zaie, ala mozkinik izanez gero I+G+b arloko jardueretarako bakarrik erabiltzea. Finantzaketa dibertsifikatua izan beharko dute, eta hau erregelamenduz zehaztuko da.

 

Emaitzen merkataritza ustiapena egitea beharrezkoa izango da, patenteak sortuz, oinarri teknologikoko enpresa berritzaileak sortuz edo produktu eta prozesu berriak garatuz.

 

Langileen kontratazioari dagokionez, bete beharko dira klausula eta baldintza sozialak eta lan-arlokoak, Kontratu Publikoei buruzko Foru Legean ezarritako horiek edo dagokion araudi sektorialekoak, azken hori langilearendako mesedegarriagoa den heinean.

 

Administrazioan I+G+b arloan eskuduna den departamentuari dagokio akreditatzeko prozedura ezartzea eta akreditazio horien jarraipena egitea.

 

Behin eragile gisa akreditatuta daudenean, I+G+b arloetako jardueretarako laguntza programa eta deialdietan parte har dezakete, sistemako eragile guztien ikerketa azpiegiturak erabili ahal izango dituzte, eta era berean, I+G+b arloko azpiegiturak Nafarroako I+G+b Sistemaren (SINAI) esku jarri beharko dituzte, “ahalik eta baldintza onenetan”. Gainera, Nazioarteko talentua erakartzeko programetan parte hartzeko aukera izango dute, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kudeatzen dituenetan.

 

Eragileen ardura handieneko postuari dagokionez, zuzendari nagusia edo antzekoa, prozesu ireki, ez baztertzaile eta garden baten bidez hautatuko da. Hautapen prozesu horretan kontuan hartuko da emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izatea, eta eragileek frogatu beharko dute postu horiek betetzeko izangaien zerrendan sexuetako bakoitzak gutxienez %40ko ordezkaritza duela, salbu eta muntazko arrazoi objektiboak daudenean, behar bezala justifikatuak. Unibertsitateek ez dute betebehar hori bete beharrik.

 

Beharrezkoa izango da baita ere emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat izatea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoarekin bat datorrena, eta hiru urteko epea ezarriko dute genero berdintasunari lotutako helburuak betetzeko.

 

Sinaiko eragileen koordinatzaileak eskubide eta betebehar bereziak ditu, eta eskatuko zaio elkarlan akordioak edukitzea Nafarroako I+G+b Sistemako eragileen ehuneko berrogeita hamar baino gehiagorekin, baita Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiako sektore guztietako enpresekin ere. Foru Komunitateko Administrazioaren aurrean Sinaiko eragileen solaskide gisa arituko da, Nafarroako azpiegitura zientifiko-teknikoen datu-basea eta haren erabilera partekatua kudeatuko du eta Sinaiko eragileen I+G+b arloko argitalpen eta proiektuen gordailu bat kudeatuko du. Gainera, Nafarroako eragile eta enpresen arteko elkarlaneko eta transferentziako I+G+b proiektuak koordinatuko ditu, baita dibulgazio zientifiko-teknikoko ekitaldiak eta sariak antolatu ere.

 

Eragile koordinatzaile gisa akreditatua izateko eskatzen da bere gobernu organoetan Sinaiko eragileen ordezkariak edukitzea, sektore pribatuan eta Foru Administrazioan.

 

Nafarroan I+G+b arloan aritzen diren entitateen zerrenda “eguneraturik eta osorik” izatearren, Nafarroako I+G+b Sistemako exekuzioko eragileen Erregistroa (RASNI) sortzen da, Administrazioan eskuduna den departamentuaren menpe egonen da eta eragileen ebaluazioak eginen ditu, eta betebeharrak eta errendimendu maila betetzen dituztela ziurtatuko.

 

Legeak, era berean, Nafarroako I+G+b arloko Aholku Kontseilua sortzen du, I+G+b arloarekin lotutako aferetarako partaidetza eta aholkularitzako organo gisa, eskuduna den departamentuari atxikirik egonen dena, eta gomendioak eman eta jarduteko eta dinamizatzeko proposamenak egingo ditu, jasangarritasun ekonomiko, sozial eta ingurumen irizpideak jarraituz. Bere erregelamendua onetsi eta bi asteko epean Parlamentua informatu beharko da. Ezartzen denez, Kontseiluak baliabide aski izan beharko du bere funtzioak garatzeko.

 

Organo honetan Nafarroako unibertsitate bakoitzeko pertsona bat egongo da, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren arlo bakoitzeko pertsona bat (Sinaiko eragileek proposaturik), zientzia, teknologia eta berrikuntza planean ezarritako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren arlo bakoitzeko pertsona bat, izen ona edo sinesgarritasuna duena (eskumena duen zuzendaritza nagusiak proposatuko du), eskuduna den departamentuko bi pertsona, Sinaiko eragileen koordinatzaileak izendatutako pertsona bat eta funtzionarioen artean izendatutako pertsona bat, kontseiluko idazkari lanak beteko dituena, hitzarekin baina botorik gabe. Lehendakaria eta lehendakariordea bere kideen artetik aukeratuko dituzte Kontseiluko kideek, eta kontseiluko kide izatea ez da ordainduko.

 

Legeak Nafarroako Berrikuntzaren Behatokia sortzea ezartzen du, Nafarroako Estatistika Institutuarekin koordinatuta, informazio sistema bat garatuko du, ahalbidetuko duena Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileek duten informazioa eskuragarri jartzea. Behatokiak datuak bildu, tratatu eta zabalduko ditu sexuen arabera bereizita.

 

Behatokiak informazio zientifiko-teknologikoa emanen du argitara, formatu unibertsal eta berrerabilgarrian, Nafarroako Foru Komunitateko I+G+b arloari buruzko informazio ekonomikoa, finantzaketara bideratutako aurrekontua eta aurrekontuko partidak eta I+G+b arloko mezenasgoan erabiltzen diren zenbatekoak, mezenasak aldez aurretik baimenduta.

 

Behatokiak datuak jasotzeko metodologia eguneratua argitaratu beharko du, adierazleen zerrenda eta ekitaldiaren urteroko memoria.

 

I+G+b lege honetan aurreikusitako esparruetan sustatzeko, Nafarroako Gobernuak, aurrekontu orokorrak prestatzean, urtero handituko ditu I+G+b arloa sustatzeko neurrietara bideratutako zenbatekoak, harik eta 2030. urtean, gutxienez ere urteko aurrekontuko %2 erabili arte. Horretarako, zientzia, teknologia eta berrikuntza Planeko aurrekontuko parte diren zenbatekoak bakarrik zenbatuko dira.

 

Nafarroako Aurrekontu Orokorretan I+G+b arloaren sustapenerako erabilitako zenbatekoa urtero handitu beharko da, harik eta, 2030. urtean, foru lege honetan ezarritako finantzaketa publikoaren helburuak lortzen diren arte, zifra hauekin: zehazki 2018. urtean %1,15; 2019. urtean %1,25; 2020. urtean %1,35; 2025. urtean %1,6; eta 2030. urtean %2.

 

Europar Batasunak helburu gisa finkatu du barne-produktu gordinaren (BPGd) %3 izanen dela I+G+b arloko inbertsioa. Foru lege honekin, Nafarroak bere egiten du helburu hori 2030. urterako. Eta, halaber, ezartzen duen eredu desiragarrian, I+G+b arloko inbertsiorako portzentaje horren %2 sektore publikoarena da eta %1 sektore pribatuarena.

 

Nafarroako Aurrekontu Orokorrek gutxi gorabehera Nafarroako BPGd-aren %20 egiten dute; hortaz, I+G+b arloko inbertsio publikoa BPGd-aren %1ekoa izatea Nafarroako Aurrekontu Orokorren %5 adinakoa izatea da. Ehuneko 5 hori lortu behar da Nafarroan I+G+b arlorako erabilitako inbertsio publiko guztien baturarekin, hau da, Nafarroako Foru Komunitateak unibertsitateak eta I+G+b-ren sustapena finantzatzeko erabiltzen dituen zenbatekoak gehi Estatuak eta Europar Batasunak Nafarroan I+G+b arlorako erabiltzen dituztenak.

 

I+G+b-ren balio-katea segurtatzeko, Nafarroako Foru Komunitatean I+G+b arloan eskuduna den departamentuak I+G+b arloan dagoen aurrekontua banatuko du, oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua, garapena eta berrikuntza sustatzeko neurrien artean, halako moduz non “bakar bat ere ez den finantzaketarik gabe geldituko”.

 

Sektore pribatuko I+G+b arloa pizteko, zerga sistema diseinatzean kontuan hartuko dira Nafarroak I+G+b arloan duen kokapena hobetzen laguntzen duten printzipioak.

 

I+G+b arloko jardueren laguntzak deialdi publikoaren bidez emanen dira oro har, beti ere Nafarroako zientzia, teknologia eta berrikuntza Planarekin eta Estatuko nahiz Europako ikerketa politikako lehentasunezko ardatzekin bat egin beharko dute deialdiek, eta bultzatuko dute Estatuko edo Europako beste funts batzuekin sinergia izatea. Esparru honetan genero arrakala desagertzera bideratutako klausulak ere jasoko dituzte.

 

Nafarroako I+G+b Eragileen Sistemako (SINAI) iraunkortasuna segurtatzeko, I+G+b proiektuetarako, ekipamenduko inbertsioetarako eta hedapen eta dibulgazio zientifikoko jardueretarako laguntzen deialdiez gain, beste deialdi batzuk ezartzen ahalko dira, errendimenduaren araberako laguntza oinarrizkoetarako deialdiak, ekonomikoa ez den jarduera osorik ere finantzatzeko, zentroaren bikaintasuna eta ikerketarako gaitasuna eta transferentziakoa kontuan hartuta.

 

Talentuaren itzulera errazteko behar diren neurriak hartzea aurreikusten da honako arlo hauetan: laguntza logistikoa, ekintzailetza edo kontratazioaren sustapena.

 

Transferentzia errazteko, laguntzen bidez sustatuko da ikerketa proiektuak batera egin ditzatela enpresek, teknologia zentroek eta ikerketa zentroek, osasun ikerketarako institutuak, Osasun Departamentuko zentroak eta unibertsitateak.

 

Biomedikuntzaren arloko eta osasun zientzien arloko ikerketa, garapen eta berrikuntzarako diru-laguntza guztiak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren araberakoak izanen dira, honako zehaztapen hauekin: Ikerketarako, garapenerako eta berrikuntzarako diru-laguntzak bideratu ahalko dira proiektu zehatzak finantzatzera, edo ustiaketarako diru-laguntzaren izaera eduki ahalko dute, Nafarroako I+G+b Sistemako exekuzioko eragile gisa aitortutako zentroetako ikerketaren oinarrizko egitura sortu eta sustengatzeko behar diren egitura-gastuen finantzaketan parte hartzera bideratutako diru-laguntzarena. Diru-laguntza guztiak urte anitzekoak izan daitezke, garatu beharreko ekintzetan aurreikusitako ezaugarri eta epeen arabera. Oinarri arautzaileek besterik ezartzen ez badute, ikerketarako, garapenerako eta ikerketarako diru-laguntzetan ematekoa den urteko zenbatekoa guztiz aurreratu ahalko da.

 

Nafarroako zientzia, teknologia eta berrikuntza Plana ezartzen da Nafarroako I+G+b arloko politikak planifikatu eta koordinatzeko funtsezko tresna gisa. Nafarroako zientzia, teknologia eta berrikuntza Planaren xedea izanen da helburuak ezartzea Nafarroako I+G+b-ren esparruetan epealdi zehatz batean. Planak berak une bakoitzean ezartzen dituen eragileei egokituko zaie zientzia, teknologia eta berrikuntza Planeko ekintzak gauzatzea, eta Nafarroako Parlamentuari dagokio onestea.

 

Administrazioari dagokio Plan honen jarraipena, ebaluazioa eta koordinazioa, Nafarroako I+G+b arloko Aholku Kontseiluarekin eta Sinaiko eragileen koordinatzailearekin batera.

 

Osoko Bilkuran gauzatutako eztabaidan sei in voce zuzenketa onetsi dira, horietako bost talde guztiek aurkeztuta eta aho batez onetsia. Seigarena, Sinaiko eragileen koordinatzaileari buruzkoa, UPN, Geroa Bai, PSn eta PPNren aldeko botoekin atera da aurrera, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkakoekin.

 

Ezarritako zuzenketen artean dago “hiru urteko epea” ezartzearena genero berdintasuneko helburuak betetzeko.