Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Urriak 26

Uxue Barkosek apustu egin du “Nafarroa Europar Batasunaren erabakietarako jokaleku estrategikoetan kokatzearen alde”

Hazkunde ziklo berri batez mintzatu da, gizarte politiketan eta bizikidetzaren arloan egindako aurrerapenak balioetsi ditu, eta Gobernu zentralak ezegonkortasuna sortzearen alde egindako apustua gaitzetsi du

Nafarroako Gobernuko lehendakari Uxue Barkosek eman dio hasiera Foru Komunitatearen egoerari buruzko legegintzaldi honetako bigarren eztabaidari. Nafarroaren etorkizunean eta komunitateak aurrean dituen erronka "sakonetan" jarri du arreta, eta erronka horien artean aipatu du Nafarroa "Europar Batasunaren erabaki estrategikoetarako jokalekuetan" kokatu behar dela.

"Egoera minutuz minutu aldakorra den bezain sakonak dira legegintzaldi honetako hurrengo bi urteetarako ditugun erronkak", baieztatu du Parlamentuaren Osoko Bilkuraren aurrean, 117 minutu iraun duen hitzaldian. Gonbidatuen tribunan hainbat senatari, zinegotzi eta talde politikoetako ordezkari izan dira.

Lehendakariaren ustez, "legegintzaldiaren erdiko puntua kontsolidazio-unea da aldaketarako ekintza etorkizunerako ekintza bilakatzeko". Estatuko politikaren gorabeherak aipatu ditu, "akordioak kolokan jartzen ari diren une bereziki larri honetan".

EB osoko eta mundu zabaleko inguruabar aldakorrak ere aipatu ditu, "hazkunderako eta elkartasunerako oinarri sendoak ezartzera behartzen dutenak".

"Aldaketa ekarri duen Gobernuaz baino areago Nafarroaren etorkizuna prestatuko duen Gobernuaz mintzatzera natorkizue, zeren gaur bai, etorkizunerako prestatzen ari den gizarteaz mintza gaitezke", ziurtatu du.

Barkosek bere hitzaldian oso tarte laburra eskaini dio iraganari, berak inoiz aldarrikatuko ez duen "iragan baten nostalgikoei soilik dagokielako eztabaida faltsuak elikatzea". "Ezta jasotako herentzian aurkitu ditugun mugetako asko azaltzeko ere", erantsi du.

Nafarroa etorkizunerako irteera postuan kokatzeko lehenbiziko eta "ezinbesteko" eginbeharra "ziurgabetasunak saihestu eta dagoen nahasmena argitzea" dela ohartarazi ondoren, apustu egin du Foru Komunitatea "Europar Batasunaren erabaki estrategikoetarako jokalekuetan" kokatzearen alde.

Horregatik, "Akitania Berria - EAE - Nafarroa euroeskualdean lehendik ditugun sinergia guztiak" indartzearen alde agertu da, eta komunitate bereizien hitzari "behar den garaian eta moduan" tartea egiteko, Europar Batasunaren Tratatuaren erreformaren bidez, zeina ustez Europako 2019ko hauteskundeen aurretik eginen baita.

"Nire Gobernuak behar den ekintza politiko osoa burutuko du Europako erakundeen erreformari buruzko eztabaidan parte hartzeko, asmoa baita Nafarroak eskumen maila gorena erabili ahal izatea Bruselan", baieztatu du.

Gobernuko lehendakari Uxue Barkosen iritziz, "Nafarroan hazkunde ziklo berri baten aurrean gaude, eta Komunitatea suspertzen ari da".

Horrela mintzatu da Barkos, gobernu-ekintzari buruz ari zela. Bere hitzaldian adierazle nagusiak jorratu ditu, eta ondorio gisa hauxe esan du: "datuetan kudeaketa islatzen da, eta gainerako guztia lore jokoak dira".

Hala, bada, bi urteren buruan Nafarroak 7.617 langabe gutxiago dituela, Gizarte Segurantzan afiliatuta 15.647 pertsona gehiago daudela eta 18.000 landun gehiago daudela esan du.

Mendekotasunerako laguntzak handitu egin dira: 2015eko uztailean hartzaileak 8.777 ziren eta 2017an 12.368 dira; BPGa % 6,4 hazi da, gastu sabaia % 7,9 igo da eta, gainera, lehendakariak azpimarratu duenez, ez da egia Nafarroan enpresen ihesa dagoela.

Osasun arloko itxarote zerrendak direla eta, lehenbiziko kontsultak 2015ean 49.759 izan zirela eta aurtengo irailean 38.700 izan direla esan du; kirurgiako zerrendetan 9.393 ziren eta 7.936 izatera igaro dira, eta proben kasuan 17.549tik 13.743ra jaitsi dira.

Egoera hala ere kezkagarria dela aitortu duen arren, azpimarratu du Nafarroak bere kontuak saneatu dituela, eta, "iragarpen apokaliptikoak” gorabehera, industriak pisu handiena duen autonomia erkidegoa dela Estatu osoan.

Kolektibo kalteberen aldeko enplegu politiken balioa nabarmendu du Barkosek, horien bidez urtean 4.000 bat lanpostu babestu sortzen baitira, eta Enplegu Politika Aktiboen Planak 188 milioiko inbertsioa ekarriko duela gaineratu du.

Pobreziaren aurkako borroka Gobernuaren helburuetako bat izan da eta horrexegatik handitu da % 25 Eskubide Sozialetako aurrekontua, lehendakariaren esanetan. "Historiko"tzat jo du pentsio guztiak lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea, eta ondoren familien eta adingabeen aldeko bere apustua berretsi du eta azpimarra jarri du etxebizitzaren arloan izandako "aldaketa funtsezkoan".

Legegintzaldiko lehen urtean murrizketei buelta emateko egin zen ahalegina, eta aurten, berriz, "desberdintasunak gutxitzeko eta eskubide berriak garatzeko; gainera, inbertsio-ahalegina berreskuratu da azpiegitura eta ekipamenduetan eta apustu irmoa egin da zerbitzu publikoen alde", azaldu du.

Ildo horretatik, osasun laguntza orokortu izana balioetsi du, bai eta sexu eta ugalketa osasunaren arloko politika berria, botiken koordainketarako laguntzak, osasun programaren hedapena, zerbitzu publikoen aldeko apustua eta langile berrien sarrerarako lan-eskaintza publikoak ere.

Gainera, Barkosek "kalitatezko hezkuntza publikoa" aldarrikatu du, "eskuragarria eta lurraldean orekatua", eta oinarritzat dituena "gizarteratzea, berdintasuna eta zuzentasuna". Beste neurri batzuen artean, hizkuntza aniztasunaren sustapena eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ratioen lehengoratzea azpimarratu ditu.

 

Uxue Barkosek ohartarazi du bere Gobernuak "irekitasunaren aldeko” apustua egin duela eta konpromiso "irmoa" duela "memoriaren betebeharrarekin eta biktimek egiarako, justiziarako eta ordainerako duten eskubideekin".

Barkosek Akitania Berria - Euskadi - Nafarroa euroeskualdean sartu izana balioetsi du, esanez Europara irekitako beste ate bat dela eta indartu egiten dituela Nafarroak EBren baitan duen lekua eta eginkizun ekonomiko eta soziala. Bruselako egoitza berreskuratzea Nafarroak Europan duen presentzia sendotzeko konpromiso horri lotuta dagoela gehitu du.

Gainera, banakako arreta programen bitartez terrorismoaren biktimen eta motibazio politikoko biktimen alde jarduteko konpromisoa azpimarratu du.

Terrorismoaren biktimei dagokienez, ETAk Nafarroan hildakoen errekonozimendurako eta ordaina emateko egintzak aipatu ditu. Memoria historikoa berreskuratzeari dagokionez, jakinarazi du 56 biktima berreskuratu direla eta horietatik 14 identifikatu ahal izan direla 2016an sortutako DNA bankuari esker. Hori "harrotzeko motiboa" dela esan du.

Gainera, sinbologia frankistaren hainbat elementu kendu dira, eta sinbolo horien zentsua egin da Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin lankidetzan. Lehendakariak "Bakearen eta bizikidetzaren aldeko eskolak" izeneko programaren balioa azpimarratu du.

Euskararen normalizazioan egindako urratsak ere gogorarazi ditu, esanez hizkuntzari "prestigioa ematen" saiatu direla eta horrek aukera eman diela hizkuntza hori partekatzen duten lurraldeetako erakundeen arteko lankidetzan aurrera egiteko.

Berdintasunerako politikei emandako bultzada eta Herritarren Parte-hartzea Sustatzeko Plana ere nabarmendu ditu lehendakariak.

Kultura, kirol eta gazteria arloan, laguntzen eta diru-laguntzen hornidura % 30 handitu izana ez ezik, arlo horietako beharrei erantzuteko eta laguntza eta aholkularitza lana indartzeko diseinua eta egutegia ere balioetsi ditu Barkosek.

Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak "kirol sistemaren bizkarrezur gisa dagokion lidergoa" berreskuratu duela esan du lehendakariak, eta gazteria arloan nabarmendu du Gazteriaren 2017-2020 aldirako Estrategia, II. Gazteria Plana eta parte hartzeko aurrekontuak onetsi direla.

Nafarroan ikus-entzunezko ekoizpenak nabarmen ugaritu direla azpimarratu du, eta Baluarte zentroko bisitari kopuruak aurten bere errekorra gaindituko duela iragarri du.

Uxue Barkosek baieztatu du 2015eko zerga erreformak "emaitza onak” ekarri dituela, aldaketa "arduratsua eta mailaz mailakoa" dela, eta berari esker departamentu guztien gastu sabaia igo ahal izan dela "behar ziren garaian eta moduan” onetsitako bi aurrekontu orokorretan.

Lehendakariak Gobernuaren ekintzaren mugarri nagusiei buruz hitz egin du, eta horien artean politika fiskala eta aurrekontu-diseinua azpimarratu ditu.

"2015ean zerga erreforma zuzenagoa onetsi genuen, eta emaitza onak ekarri ditu —adierazi du—. Halaxe erakusten du urteko hirugarren hiruhilekoko diru-bilketak, aurreko urtekoaren aldean diru-sarrerak % 9,5 hazi baitira, edo, 2015ean metatutako urte arteko aldaketa kontuan hartzen badugu, % 15,2".

Horren haritik, gogora ekarri du politika fiskalaren birmoldatze "arduratsu eta mailakatu” horrek bide eman duela departamentu guztien gastu sabaia igotzeko Nafarroako bi aurrekontu orokorretan. Horiek "behar ziren garaian eta moduan onetsi dira, eta 2016an defizit-, zor- eta gastu-helburu guztiak betetzea lortu dute".

Barkosek zehaztu duenez, "gastu sozialeko politika eta finantza-iraunkortasuna ez dira bateraezinak, baliabideak eraginkortasunez kudeatzen badira", eta aipatutako aurrekontu horien bidez "aurreko urteetako garrantzizko zamei aurre egin ahal izan zaie kontuak desorekatu gabe".

"Aurreko ekitaldietan gaizki kudeatutako jarduketen ondoriozko ordainketei aurre egin behar izan bazaie ere, 2017ko kontuak azken hamarkadako sozialenak izan dira", ohartarazi du.

Bide horretatik jarraituz, lehendakariak iragarri du Gobernuak onesteko proposatuko dituen aurrekontuetan gastu sabaia % 11,23 igoko dela 2015eko aurrekontuekin konparatuta.

Oraingo Gobernuak agintea hartu zuenetik diru-sarreretan 400 milioi euroko gehikuntza izan dela nabarmendu ondoren, gogorarazi du iruzurraren aurkako borrokarako baliabide materialak eta giza baliabideak ere indartu egin direla.

Bestalde, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren ekintzak aipatu ditu, hala nola S3 edo Espezializazio Adimendunaren Estrategia prestatzea.

Gainera, Nafarroan berrikuntza, ikerketa, ekintzailetza eta lehiakortasuna sustatzeko jarduketak nabarmendu ditu, bai eta azaroaren 6tik aurrera Iruña eta Frankfurt lotuko dituen hegazkin linearen garrantzia ere.

Era berean, Barkosek labur azaldu ditu landa garapenaren, ingurumenaren eta toki administrazioaren arloan egindako lanak, "Nafarroako kohesioaren eta lurralde orekaren bidean aurrera egitea” helburu izan dutenak.

Esan duenez, toki erakundeen finantzaketa hobetu egin da, 2015ean baino 4 milioi euro gehiago jarrita. Aurten zenbateko hori 2016an baino 2,6 milioi euro handiagoa izanen da.

Bi urte hauetan udalei 2,9 milioi euroko konpentsazioa ere eman zaie hobari fiskal gisa. Nafarroako Hondakinen Plana eta Toki Inbertsioen Plana onetsi direla eta Landa Garapenerako Programa aldatu dela gogorarazi du, halaber.

Uxue Barkosek berriz esan du ez dagoela ados Altsasun 2016ko urrian bi guardia zibilek eta haien bikotekideek jasandako erasoa terrorismo delitutzat kalifikatzearekin.

Auzi hori "izugarri kezkatzen” duela aitortu du lehendakariak. "Inolako zalantzarik gabe" gaitzetsi du gertatutakoa, eta "tabernako borroka batekin” zerikusirik ez duela esan du.

Gaur, auziak epaitegietan urtebeteko ibilbidea egina duelarik ebazpenik gabe, beste behin adierazi du ez dagoela ados "gertaerak terrorismo delitutzat kalifikatzearekin" eta bere egin ditu "familien gogoetak, zigorgabetasunik ez, baina proportzionaltasuna eskatzen dutenean. Familia horien kezka nire Gobernuaren kezka da", esan du.

Arazo horrek kezkatu egiten du zerikusia duelako Komunitatean bizikidetasuna eraikitzearekin, eta "sinboloak aurrez aurre jarriz bizikidetza hausteko ahaleginek ere” kezkatzen dutela gehitu du, Nafarroako bandera gogoan. Bandera hori "batzen gaituen sinboloa” dela esan du.

"Gezurraren babesean lurralde oreka hausteko ahaleginak" egiten direla ere salatu du. Gobernuak Erribera "gutxiesten" duela esaten denean "gezurra esaten da eta kalte egiten zaio gizarteari".

Horren harira, aurreratu du kezkatu egiten duela Nafarroako Parlamentuko lehen indarra —UPNz ari zen— "berak hauteskundeetan bizirik irauteko egungo Gobernuaren ospe galera bilatuz, Nafarroaren izenari eta markari ere kalte egitera iristeak, nahiz eta arrakasta urria lortu duen".

Uxue Barkosek baieztatu duenez, Parlamentuak Poliziei buruzko Lege proiektua baztertzea "derrota izan da, baina ez porrota", Foru Gobernuaren "urte eta erdiko lana" hor gelditu delako herritarrentzat, toki erakundeentzat eta polizientzat, "ezin konta ahala parte-hartzailerekin. Garaia denean, lan hori berreskuratu eginen da".

Gogora ekarri du, halaber, Foruzaingoaren Plan Zuzentzailea Legebiltzarrera igorri dela eztabaidatzeko. "Plan handinahia da, herritarrei kalitatezko zerbitzua ematea bermatu behar duena".

Gainera, 37 foruzain lanposturen deialdia nabarmendu du, "ez baita plaza bakar bat ere atera 2010etik", bai eta suhiltzaile lanpostu berriak ere, ehunen bat lanpostu legegintzaldi honetan zehar, sindikatuekin egindako akordioaren ondoren.

Nafarroa genero-indarkeriaren biktimak babesteko Estatuko VioGen sistemari atxiki zaiola azpimarratu du lehendakariak, eta Nafarroako udaltzaingo guztiak Foruzaingoaren informazio sisteman sartu direla.

Beste alde batetik, legegintzaldiko bi urte hauetan, Nafarroako Gobernuko langileriaren aurrekontua % 13 hazi da, 2016an 1.109 milioi euro izatetik 2017an 1.255 milioi izatera igaro baita.

Gehikuntza horrek barnean hartzen ditu 27.952 langileri 2012tik zor zitzaien aparteko ordainsari osoaren itzulketa eta, bestetik, iaz onetsitako lan-eskaintza publikoa, zeinean 516 lanpostu eskaini baitziren, Estatuak onartzen duen kopuru handiena.

"Bateratze neurriak abiarazi ditugu funtzionarioentzat", gehitu du Barkosek; eta azpimarratu du lanaldia laburtzeko modalitate gehiago eta lizentzia eta baimen gehiago ezarri direla. Gainera, araudi berria onetsi da, 2017 eta 2018 bitartean atalburutza eta bulegoburutza guztiak merezimendu lehiaketaren bidez betetzeko.

Azkenik, administrazio elektronikoa behin betiko ezartzeko egin diren urratsak aipatu ditu, eta software librera migratzeko plana egin dela gogorarazi du. Horiexek izan dira informatikaren eta telekomunikazioen alorreko neurri nagusiak.

Uxue Barkosen ustez, Gobernu zentralak Abiadura Handiko Trenbideari buruzko hitzarmena hautsitzat ematea erabaki duenean, "haren interesek" pisu handiagoa izan dute "interes orokorrak begiratu eta zaindu beharrak baino".

Barkosek zehaztu duenez, Sustapen Ministerioak "bere kabuz eta hitzarmenak berak ezartzen dituen baldintzak bete gabe” hautsi du hitzarmena, "UPNko bazkideak gogobete nahian".

Ondoren gogora ekarri du nola "obrak berriz hasiko zirela iragarri zuen Gobernu berak, segituan, egun berean, bere aurrekontuen luzapena iragarri zuen". Hori dela eta, "nor engainatu nahi ote duen" galdetu dio bere buruari.

Legegintzaldi honetan Gobernu zentralarekin izandako harremanei buruz mintzatzean, Nafarroako Gobernuko lehendakariak hitzarmen hori aipatu du, "batzuetan surrealista izan den peripezia".

Hala, Nafarroako Gobernuak 2015eko uztailean hartu zuen agintea, baina 2017ko ekainera arte ez du eduki Gobernu zentral bat lan egiteko eta erakunde-harreman ziurra izateko moduko aurrekontuak dituena. "Eta gaur, lau hilabete geroago, Gobernu horrek berak iragarri du oraingoz luzapena egonen dela Estatuko 2018ko aurrekontu orokorretan".

Prozesu horretan Nafarroak Madrili "egonkortasun politikoa eta negoziatzeko gaitasuna eskaini dizkio, eta Madrilek ezegonkortasuna eta akordiorako ezintasuna itzuli dizkio", eta horrek zaildu egin du "garrantzi handiko gaien inguruan oinarrizko adostasunera iristea", lehendakariaren esanetan.

Hitzarmen ekonomikoa, Hobekuntza betetzea edo Estatuari dagozkion azpiegitura obrak egitea ezin dira utzi "Madrilek gehiengoak eratzeko duen ezintasun politikoaren mendean", azpimarratu du.

Baikor agertu da Nafarroak Estatuari egin beharreko ekarpena eguneratzeari dagokionez, zeina Gobernu zentralaren bultzada politikoaren zain baitago.

Uxue Barkosek "elkarrizketarako, adostasunerako eta politikarako" deia egin du, eta "155. artikuluari ezetz bozkatzeko” eskatu du, autogobernua kentzeak Kataluniarentzat dituen ondorioengatik ez ezik, "Nafarroaren autogobernuarengatik” ere bai.

Lehendakariak argudiatu du legezkotasuna aldarrikatzen dela 155. artikuluaren aplikazioa defendatzerakoan, baina ez dela egia legezko aukera bakarra denik, Konstituzioan badirela 92. artikulua bezalako aukerak. Beraren ustez, artikulu horrek "konponbide politiko batera eramateko gaitasun handiagoa du".

Bera ere Gorte Nagusien bidez aplikatu behar da eta gehiengoaren oniritziarekin onetsi. Beraz, lehendakariak UPN, PSN eta PPNko ordezkariei galdetu die zerk galarazten dien 92. artikulua bozkatzea, "Katalunia zigortzen duen eta oro har Estatuko erakundeak zigortzen dituen artikulu bat bozkatu beharrean".

Eta "Nafarroa ere zigortzen” duela gaineratu du, autogobernuari eta itunari "elkarrizketaren aldarrikapenak bakarrik eutsi ahal dielako, eta, premisa hori gabe, pikutara doazelako autogobernua ekintza politikoaren erdigune gisa defendatzen duten jarrera guztiak".

"Nafarroa ez da uharte bat, bere inguruneari bizkarra emanda bizi dena", adierazi du lehendakariak. Aitzitik, "balio demokratikoen eta giza eskubideen defentsa porrokatuaren aldeko osotasun europar baten parte inplikatua da".

Lehendakariaren iritziz, "1978ko Trantsizioan taxututako Espainiako Estatuaren egun kritikoenak bizi ditugu" eta "politikaren, adostasunaren eta elkarrizketaren garaia da".

Horregatik, "zentzugabekeria hori guztia” geldiarazteko eskatu du, jabeturik "tirabira horretan inork ez duela irabaziko, guztiok galduko dugula, gizartearen alderdi guztietan aurrerabidea bermatzeko aukera emanen diguten akordioak lortzeko gauza ez bagara".

Ordubete eta 57 minutuko hitzaldiaren amaieran, Barkosek deia egin du "autogobernu osoaren aldeko konpromiso irmoa berritzeko, Espainiako Estatuko eta Europar Batasuneko gainerako erkidego eta herrienganako begirunetik eta elkartasunetik abiaturik".