Noiz argitaratua Ostirala, 2017.eko Maiatza 19

Udazkenerako eratuko da Nafarroako Gazte Parlamentua

Nafarroako gazteen ordezkaritza-ganberako kideak webgune baten bidez hautatuko dira eta lehen bilkuraldia 2017-2018 ikasturtea bera izanen da

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Ainhoa Aznárez Igarzak, eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko buruak, Eduardo Alonso Arechagak, gaur sinatu duten hitzarmen baten babesean, urrian Nafarroako Gazte Parlamentua eratuko da lehenbiziko aldiz, eztabaidaren kultura, espiritu kritikoa eta errealitate sozialaren azterketa arrazionala sustatzeko.

 

Hitzarmenean zehazten denez, Foru Komunitateko gazteen ordezkaritza-ganbera hori webgune baten bidez diseinatu eta taxutuko da. Bertan, besteak beste, bozketa sistema elektroniko seguru eta sekretua ezarriko da Gazte Parlamenturako hauteskundeak egiteko.

 

Irailaren amaiera edo urriaren hasiera alderako aurreikusita dauden hauteskundeak egin eta hautetsiak aldarrikatu ondoren, eratzeko bilkura eginen da eta orduan emanen zaio hasiera ekitaldi parlamentarioari, zeina 2017-2018 ikasturtea bera izanen baita.

 

Lehen legegintzaldia bukatutakoan hauteskunde deia eginen da berriro ere, eta horrela hurrenez hurren, hitzarmena sinatu duten bi aldeak, Nafarroako Parlamentua eta NGK, bera berritzeko ados jartzen diren aldiro.

 

Nafarroako Gazte Parlamentuaren bilkurak hilero eginen dira, baina ziklo bakoitzeko lehenengoa (azarokoa) eta azkena bakarrik eginen dira Foru Legebiltzarraren osoko bilkuren aretoan.

 

Nafarroako Parlamentuak eztabaidagaiak proposatu ahal izanen ditu, eta Gazte Parlamentuan onesten diren ebazpenak Legebiltzarreko Kultura, Kirol eta Gazteria Batzordeari igorriko zaizkio. Bertan, kasua bada, talde parlamentarioek eta parlamentari-elkarteek egokitzat jotzen dituzten ekimenak onartuko dira.

 

Gazte Parlamentua abian jarri da Foru Legebiltzarrak konpromisoa hartua duelako herritarrei partaidetzarako guneak irekitzeko, elkar ezagutu, harremanak izan eta eztabaidatu ahal izateko espazioak alegia.

 

Hitzarmenak 15.000 eurorainoko hornidura du, eta 2018ko ekainera arte iraunen du indarrean. Hitzarmeneko Jarraipen eta Betearazpen Batzordea lau kidek osatzen dute: Parlamentuaren eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluaren bina ordezkarik. Gainera, Nafarroako Eztabaida Elkartea aholkulari arituko da. Irabazi-asmorik gabeko entitatea da, eta elkarrizketa eraikitzailea sustatzen jarduten du.

 

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez Igarzaren esanetan, ekimen horren bidez “politikan parte hartzeko gizarte-sareak osatu eta erakundetu nahi ditugu, horrela, beren burua arautzen duten bilguneetan, gazteek gizarteari eragiten dioten arazoak konpontzeko konpromisoa parteka dezaten. Horixe izan dugu proposamena onartu eta garatzeko arrazoi nagusia”.

 

Testuinguru horretan, Aznárez paralisiaren eta mendekotasunaren kultura etetearen alde mintzatu da. “Zenbait boteregunek, hamarkadetan zehar, nahiago izan dituzte pertsona otzanak, status quoa kolokan jartzen ez zutenak”.

 

Lehendakariak horren haritik ohartarazi duenez, “ezin dugu pentsa gazteen parte-hartzea edo engaiamendua berez gertatuko denik. Gazteek parte hartu behar dute politikak zehazterakoan, are gehiago zuzenean eragiten badiete; horretarako sustatu eta indartu egin behar da adierazpen eta iritzi askatasuna, baita informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera demokratikoari dagokionez ere. Herritar aktiboak eta heziak nahi ditugu, betiere aukera-berdintasunetik abiatuta”.

 

Eduardo Alonsok eta Nerea Valenciak, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko lehendakariak eta komunikazio arloko arduradunak hurrenez hurren, Parlamentuaren jarrera eskuzabala eskertu dute, eta esan dute Parlamentuarekin elkarlanean nahi dutela “Gazte Parlamentu bat eratzeko ideia koordinatu, garatu eta gauzatu; azken batean, partaidetzarako eta adierazpen librerako beste foro bat sortu”.

 

Proiektuaren inguruko albisteak parlamentojoven.com webgunean argitaratuko dira. Hau da harremanetarako helbide elektronikoa: info@parlamentojoven.com.

 

Nafarroako Gazteriaren Kontseilua (NGK) apirilaren 18ko 110/1986 Foru Dekretuaren bidez sortu zen. Nafarroako gazteen ordezkaritza-organo nagusia da, eta helburutzat du barnean biltzen dituen pertsonek eta elkarteek Komunitatearen garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean parte har dezaten sustatzea.