Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Abenduak 21

Toki ogasunek tributuetan parte hartzeko funtsa onetsi da 2018rako eta 2019rako

KPIa gehi bi puntu aplikatzen dituen eguneratze formulari eutsi zaio zuzkidura igotzeko, eta montepioen finantzaketarako 5,8 milioi gehitu dira

Nafarroako Parlamentuak gaurko osoko bilkuran onetsi du, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek aldeko botoa, PSNren abstentzioa eta UPN eta PPN taldeek aurkakoa emanda, Toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa eta banaketa 2018. eta 2019. urteetarako ezartzen dituen Foru Legea.

 

Toki ogasunen funtsaren bidez, Nafarroako Gobernuak gastu arruntak (langileak, bulegoak, hornidurak eta abar) finantzatzen dizkie udal eta kontzejuei. Inbertsioak, berriz (azpiegiturak, sareak berritu eta saneatzea, kaleak zolatzea…) Toki Inbertsioen Planaren bidez kofinantzatzen dira. Nafarroako Parlamentuak plan berria onesten den arte luzatu du plan hori.

 

Legea irakurraldi bakarrean izapidetu da. Haren helburua da Foru Komunitateko kontsumoko prezioen indizea (KPI), ekainetik ekainera kalkulatuta, gehi bi puntuko igoera aplikatzea 2018rako aurreikusitako funtsaren zuzkidurari. Kontuan harturik urte arteko KPIa positiboa izan dela (% 1,1), eta, berritasun gisa, 5,8 milioi (% 2,8) gehiago jarri direla udalek montepioen finantzaketarako egiten duten ekarpena arintzeko, toki ogasunek 12,2 milioi gehiago jasoko dute, hau da, % 5,9ko igoera izanen dute.

 

Baldin eta soberakinik gertatzen bada montepioen finantzaketarako 2018ko ekitaldiko diru-esleipenean, soberakinak ez zaizkio gehituko transferentzia arrunten funts orokorrari. Aldiz, likidazioa egiteko behar den diru kopuruarekiko, defizita gertatzen bada funtsean, toki entitate bakoitzaren ekarpenaren araberako proportzioan banatuko da, erabilgarri dagoen kredituaren mugaraino.

 

2019ko ekitaldirako, formula beraren bidez kalkulatuko da toki ogasunek tributuetan parte hartzeko funtsa, hau da, 2018ko ekainetik 2019ko ekainera arteko KPIari bi puntu gehituta.

 

Hartara, iraganeko murrizketak konpentsatzeko xedez, jarraipena ematen zaio toki entitateen eskura jartzen diren baliabide ekonomikoak indartzearen ildoari, abenduaren 28ko 24/2015 Foru Legearekin hasitakoari.

 

Toki ogasunek tributuetan parte hartzeko funtsaren zenbatekoa 2018an guztira 219.381.613 euro izanen da. Horietatik 5.800.000 euro montepioen finantzaketarako izanen dira, 182.792.759 euro transferentzia arruntetarako, 24.663.169 euro Iruñeko Udalaren Hiriburutza Agirirako, 5.713.897 euro Nafarroako udal korporazioetako kideei ordaintzeko, eta 411.788 euro Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarentzat.

 

Zinegotziei karguan aritzeagatik ordaintzeko udalek urtean jasotzen ahal duten gehieneko ekarpena udala osatzen duten hautetsien kopuruaren araberakoa da, legeria orokorrari jarraikiz. Hala, 3 zinegotzi dituzten udalek 4.422,72 euro jasoko dituzte, eta 27 zinegotzi hautetsi dituzten udalek 204.364,37 euro.

 

Hona hemen ekarpenen taula osoa:

 

b.1) Hiru zinegotzi dituzten udalak: 4.422,72 euro.

b.2) Bost zinegotzi dituzten udalak: 11.390,67 euro.

b.3) Zazpi zinegotzi dituzten udalak: 16.751,07 euro.

b.4) Bederatzi zinegotzi dituzten udalak: 20.101,69 euro.

b.5) Hamaika zinegotzi dituzten udalak: 32.162,28 euro.

b.6) Hamahiru zinegotzi dituzten udalak: 55.613,86 euro.

b.7) Hamazazpi zinegotzi dituzten udalak: 85.096,17 euro.

b.8) Hogeita bat zinegotzi dituzten udalak: 121.948,92 euro.

b.9) Hogeita zazpi zinegotzi dituzten udalak: 204.364,37 euro.