Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Ekainak 22

Sozietateen gaineko Zergari buruzko 20/2016 Foru Legearen aldaketa partziala onetsi da

Entitate lotuek elkarri lagatako jabetza intelektualeko edo industrialeko aktiboen aldi baterako araubidea 2016ko abenduaren 31ra bitarte bakarrik aplikatu ahal izanen da

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi du Sozietateen gaineko Zergari buruzko 26/2016 Foru Legearen hamargarren xedapen iragankorra aldatzea, jabetza industrialaren edo intelektualaren erabilerarako edo ustiaketarako eskubidearen lagapenek 2021eko ekainaren 30era arte izanen duten aldi baterako araubide onuratsuaren aplikazioa mugatzeko, ELGEren eta ECOFINen jarraibideekin bat.

 

Zehazki, Geroa Bai talde parlamentarioak aurkeztutako legearen xedea da epigrafe horren testua egokitzea, ELGEko Jardun Fiskal Kaltegarrien Foroak nahiz ECOFINeko enpresen zerga arloko Jokabide Kodearen Taldeak (Europako Batzordea) hartutako erabaki berrien arabera, halako moduan non 2016ko ekainaren 30a baino lehenagoko sei hilabeteen barruan erositako jabetza intelektualeko edo industrialeko aktiboei 2016ko abenduaren 31ra bitarte bakarrik aplikatu ahal izanen baitzaie 26/2016 Foru Legean ezarritako araubide iragankorra, “salbu eta eskualdaketa arrazoi ekonomiko baliodunen kariaz egin baldin bada”.

 

Horrela, entitate lotuei egindako erosketak –hau da, 26/2016 Foru Legearen hamargarren xedapen iragankorrean ezarritako aldi baterako araubideari onura ateratzea beste helbururik ez dutenak– 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera ez dira jada arauaren babespean egonen.

 

Aldaketa irakurraldi bakarrean izapidetu da. Hura berehala egin beharra zegoen, izan ere 2016ko zergaldiari aplikatzekoa baita, eta zergaldi horretako autolikidaziorako epea uztaileko azken egunetan bukatuko da oro har.

 

Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen hamargarren xedapen iragankorra aldatzen duen Foru Legearen artikulu bakarrak honako hau dio:

 

«2016ko uztailaren 1etik aitzinako ondorioekin, entitatearen jabetza industrialaren edo intelektualaren ustiaketarako edo erabilerarako eskubidearen lagapenaren kasuan, 2016ko ekainaren 30aren aurrekoak badira, erabaki daiteke 2021eko ekainaren 30era arte aplikatzea Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen 37. artikuluan ezarritako araubidea, 2016ko ekainaren 30ean indarra duen idazketaren arabera.

 

Aukera hori baliatuko da 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten den lehen zergaldiko sozietateen gaineko zergaren aitorpena betetzean.

 

Baldin eta lagapenaren xede den jabetza intelektual edo industriala 2016ko urtarrilaren 1a eta gero erosi bazaie entitate lotuei, aldi baterako araubide hau 2016ko abenduaren 31ra bitarte bakarrik aplikatu ahal izanen da, salbu eta eskualdaketa arrazoi ekonomiko baliodunen kariaz egin baldin bada eta eskualdatzaileak aldi baterako araubide hau nahiz gisa bereko beste bat ere aplikatzeko modua izan badu”.