Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Apirilak 27

PFEZari buruzko Foru Legearen aldaketa onetsi da

Alargun-pentsioengatiko kenkariak % 8 handituko dira eta LGSaren azpitik dauden kotizaziopeko pentsioenak progresiboki igoko dira harik eta 3 urteren buruan haiekin berdindu arte

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZa) buruzko Foru Legearen testu bategina, ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia, hein batean aldatzen duen Foru Legea onetsi du gaur Parlamentuaren Osoko Bilkurak, aho batez.

 

Lege hori irakurraldi bakarrean sustatu da, eta beraren xedea da alarguntasun-pentsioengatiko eta kotizaziopeko erretiro-pentsioengatiko kenkariei buruzko araudi berria ezartzea, jasotzaile guztien errenta erabilgarria handitzeko xedeaz. Horretarako, aldatu egiten da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 68. artikulua.

 

Gutxieneko zenbatekoetarainoko osagarriak jasotzeko eskubidea duten alargun-pentsioei dagokienez, aurrerantzean kenkaria ez da lotuta egonen lanbide arteko gutxieneko soldataren (LGSa) zenbatekoarekin, eta, pentsioaren zenbatekoa 9.906,40 eurotik beherakoa denean, kenkari bat aplikatu ahalko da jasotako pentsioaren zenbatekoaren (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 60. artikuluan araututako amatasuneko osagarria barne, kasua bada) eta 9.906,40 euroko zenbateko horren arteko alde negatiboa adinakoa.

 

Gutxienekoetarainoko osagarriak jasotzeko eskubiderik ez duten alargun-pentsioengatiko kenkarian eta Zahartzaroko eta Baliaezintasuneko Nahitaezko Aseguruko (SOVI) alargun-pentsioengatiko kenkarian, berriz, bi aldaketa egin dira.

 

Goian aipatutako aldaketaz gainera (kenkaria LGSarekin lotuta ez egotea eta beraren erreferentzia 9.906,40 euroko zenbatekoa izatea), errenta eta ondare muga bat ezartzen da kenkariaz baliatzeko. Horrela, xedatzen da kenkari horiek egiteko beharrezkoa izanen dela subjektu pasiboa beharturik ez egotea ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkeztera, eta, horrekin batera, zergaldian, guztira, 17.022,60 eurotik gorako zenbatekoa egiten duten beste errentarik jaso ez izana, salbuetsiak barne, alargun-pentsioa eta dagokion kenkaria gehituta. Gainera, aipatutako errenten batura muga horretatik gora baldin badago, gehiegizko kopurua kenkariaren zenbatekoari kendu beharko zaio, kenkaria baliogabetzeraino ere, kasua bada.

 

Subjektu pasiboa familia unitate bateko kide denean, kenkaria egiteko beharrezkoa izanen da familia unitate horretako kiderik bat ere beharturik ez egotea ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkeztera, eta, gainera, errenta muga 19.812,80 eurokoa izanen da, familia unitate osoa hartuta, eta kenkariari dagokiona kenduko zaio familia unitateko kide ez diren subjektu pasiboen kasuan ezarritako moduan.

 

Azkenik, xedatzen da errenta muga zehazterakoan ez direla sartuko pobrezia energetikoa edo etxebizitzaren galera saihesteko laguntza publikoak, ahulezia ekonomiko handiko etxeetan edo bazterketa sozialaren arriskua dutenetan jasotzen direnak.

 

Alargun-pentsioen kasuan, hiru kenkariak bateraezinak izanen dira Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legean araututako errenta bermatuaren prestazioa jasotzearekin, baina errenta bermatuaren prestazioa zergaldi osoan jaso ez bada, kenkari fiskalak prestazioa jaso ez den egunen kopuruaren proportzioan kalkulatuko dira.

 

Horrez gain, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek sinatutako in voce zuzenketa batek zehaztu duenez, kenkariaren kalkulurako eta errenta mugarako kontuan hartu behar diren 9.906, 17.022,60 eta 19.812,80 euroko diru kopuruak eguneratu eginen dira 2018tik aurrera, “Nafarroako KPIaren igoera metatua edo Nafarroako batez besteko soldatena, bi balio horietatik handiena aplikatuz, aurreko urtean erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan”. Horrela, eguneratzearen bermea batez besteko soldataren indizera hedatu nahi da.

 

Kotizaziopeko erretiro-pentsioei dagokienez, hiru kasuetan ere (gutxienekoetarainoko osagarriak jasotzeko eskubidea duten kenkariak, eskubiderik gabeak eta SOVIkoak), 2017rako ezarritako kenkari fiskala kalkulatzeko, jasotako pentsioaren zenbatekoaren (amatasuneko osagarria barne, kasua bada) eta 9.356,30 euroko zenbatekoaren arteko alde negatiboa hartuko da. 2018an, 9.631,40 euroko zenbatekoari 2017ko Kontsumoko Prezioen Indizea (KPIa) aplikatuz kalkulatuko da kenkaria. 2019an, 9.906,40 euroko zenbatekoari 2017ko eta 2018ko KPIa aplikatuz kalkulatuko da kenkaria. Hurrengo urteetan, aurreko urtekoari KPIa aplikatzearen emaitza izanen da zenbatekoa.

 

Errenta mugari dagokionez, erregulazioa alarguntasun-pentsioena bera da, hau da, beharrezkoa izanen da subjektu pasiboa beharturik ez egotea ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkeztera, eta, horrekin batera, zergaldian, guztira, 17.022,60 eurotik gorako zenbatekoa egiten duten beste errentarik jaso ez izana, salbuetsiak barne, alargun-pentsioa eta dagokion kenkaria gehituta. Gainera, aipatutako errentak muga horretatik gora baldin badaude, gehiegizko kopurua kenkariaren zenbatekoari kenduko zaio, kenkaria baliogabetzeraino ere, kasua bada.

 

Kotizaziopeko erretiro-pentsioengatiko kenkariei aplikatu beharreko arau orokorrei dagokienez, xedatzen da, halaber, hiru kenkariak bateraezinak izanen direla errenta bermatuaren prestazioa jasotzearekin. Alarguntasun-pentsioetarako xedatutakoaren kasuan ez bezala, kenkari horien ordainketa ezin izanen da aurreratu. Azkenik, arau batzuk ezartzen dira kenkaria eta errenta muga kalkulatzeko kontuan hartu beharreko kopuruak urtero KPIari jarraikiz eguneratzeko.

 

Kotizazio gabeko erretiro-pentsioengatiko kenkari fiskalean ere zenbait aldaketa egin dira. Jakina denez, kotizazio gabeko erretiro-pentsioa jasotzen duen subjektu pasiboak, aldi berean errenta bermatua jasotzeko baldintzak betetzen baditu, kenkari fiskala egiten ahalko du, zegokiokeen errenta bermatuaren urteko zenbatekoa izanen duena. Pertsona guztiek gizarteratzeko eta errenta bermatua jasotzeko eskubideaz baliatzea bermatzeko xedeaz, kenkari fiskala egiteko eskubidea izanen da, soilik, familian prozedura arruntaren bidez errenta bermatua jaso dezakeen beste kiderik ez badago.

 

Beste alde batetik, foru legean berezitasun adierazgarri batzuk jasotzen dira irabazi-asmorik gabeko entitateek ordaindutako zenbatekoen gaineko atxikipen eta informazio betebeharrei dagokienez, betiere zenbateko horiek lan etekinak direnean eta kirol jarduerak sustatu edo egiteko eta kultur proiektuak eta jarduerak egiteko erabiltzen direnean.

 

Horretarako, jasotzaile bakoitzeko urteko zenbatekoa 3.600 eurokoa edo txikiagoa denean ez da atxikipenik egin ez informazio ereduan jaso beharrik izanen. Salbuespen horiek erantsi dira zerga araua sinpleagoa eta betetzen errazagoa izan dadin; kontuan harturik, gainera, ordainsari txiki horiek joan-etorrietako gastuak eta materialaren erabilera konpentsatzeko izaten direla askotan.

 

Jasotzaile bakoitzeko zenbatekoak urtean 3.600 eurotik gorakoak direnean, ordea, tributu araubide orokorraren menpe egonen dira. Orobat zehazten da, atxikipen portzentajeen taularen arabera atxikipenik egin behar ez badute ere, ordaindutako etekin osoaren gaineko % 2ko atxikipena edo konturako sarrera eginen dela beti.

 

Osoko bilkuran egindako eztabaidan ezetsi egin dira PSN eta UPN parlamentu-taldeek aurkeztutako aldatze-zuzenketak. Kotizaziorik gabeko alargun-pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatuko zirela eta legean arautzen diren kenkarietarako eskubideak lortzea zailduko ez zela bermatzea zuen helburu. UPNren eta PPNren babesa ez da aski izan, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurka bozkatu baitute.

 

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (57. NPAO, 2017-04-07koa)