Noiz argitaratua Ostirala, 2018.eko Abuztua 31

Parlamentuko lehendakariak Nafarroako Parlamentuaren IX. legegintzaldiko hirugarren urteko jardueren oroitidazkia aurkeztu du

Legebiltzarrak 24 lege, 91 ebazpen eta 153 adierazpen instituzional onetsi ditu legegintzaldiko hirugarren urtean

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Ainhoa Aznárez Igarzak, Nafarroako Parlamentuaren IX. legegintzaldiko hirugarren urteko jardueren oroitidazkia aurkeztu du gaur.

 

Legegintzaldiko hirugarren urte honetan 24 foru lege onetsi dira; horietatik 14 Nafarroako Gobernuak igorritako proiektuei dagozkie, eta beste 10 Legebiltzarreko talde politikoek aurkeztutako 27 foru lege proposamenen artetik sortuak dira. Aurkeztutako hogeita zazpi foru lege proposamen horietatik bost ez dira aintzat hartu, bi erretiratu egin dira, bat ez da onartu, eta zortzik ez dute amaitu Parlamentuko tramitazioa.

 

Gobernua bultzatu eta kontrolatzeko eginkizunen atalean 14 interpelazio eta 574 galdera egin dira. Galdera horietatik 358 Osoko Bilkuran edo batzorde baten aurrean ahoz erantzutekoak izan dira, eta 216 idatziz erantzutekoak.

 

Gainera, Gobernuak 213 eskaera jaso ditu Parlamentuko batzordeen aurrean agertzeko, bere kudeaketaren kontu ematera.

 

Gobernuaren jarduketen kontrolaren eta adierazpen politikoen atalean, 871 informazio eskaera erregistratu dira, eta 91 ebazpen eta 153 erakunde-adierazpen onetsi dira. Hori dela eta, Ainhoa Aznárezen iritziz, legegintzaldiko hirugarren urte honetan “Parlamentuaren dinamismoa ikusi da, haren pluraltasun politikoa eta gehiengoaren babesa jasotzeak egonkortasuna ezaugarri dituena; zalantzak izan ziren horren gainean, baina espero dut geratzen diren legegintzaldiko hilabeteetan adierazgarria izatea eta, ahal dela, gehiengo horiek gehitzea”.

 

Parlamentuko organoek guztira 462 bilkura egin dituzte 475 bileratan: Osoko Bilkurak 37, Mahaiak 12, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak 49, eta batzordeek 364 (324 lan-saio eta 40 bisita).

 

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak adierazi du parlamentuaren jarduerak gora egitea oso ona dela, batez ere aurreko legegintzaldiekin alderatuta, “horrek egin den lana erakusten duelako”. Guztira 2.153 ekimen aurkeztu dira 2017ko maiatzetik 2018ko maiatzera bitartean.

 

 

Legegintzaldiko jarduera

 

Parlamentuaren legegintzako jarduerari dagokionez, Ainhoa Aznárez Igarza Parlamentuko lehendakariak nabarmendu du Aurrekontuen Legea ondoz ondoko hirugarren urtez onartu dela legegintzaldi honetan. “Horri esker honako lege hauek onetsi ahal izan dira: 12/2018 Foru Legea, ekainaren 14koa, irisgarritasun unibertsalari buruzkoa; 14/2018 Foru Legea, ekainaren 18koa, hondakinei eta haien fiskalitateari buruzkoa, edo 13/2017 Foru Legea, azaroaren 16koa, osasunaren eta gizarte zerbitzuen arloetako itun sozialak arautzen dituena, hirugarren sektorean eta zerbitzuen sektorean jarduerak egonkortzeko helburua duena eta toki entitateentzat gizarte esparruan itunak egiteko aukera ezartzen duena”.

 

Parlamentuko lehendakariak 2/2018 Foru Legea (apirilaren 13koa, kontratu publikoei buruzkoa) ere baloratu du onetsitako beste legegintzako testu batzuen artean: “lege hori aitzindaria da Estatuan, eta bat dator Administrazioak eredutzat izan behar duen jasangarritasunarekin. Kontratu publikoak arautzen ditu, Administrazioa enpresekin harremanetan egoteko eredu bilakatu nahi du; kontuan hartuko den irizpide nagusiena soilik eskaintza ekonomikoa izan beharrean, gardentasuna, hitzarmenekiko errespetua eta langileen bermeak are modu eraginkorragoan berma daitezen lortu nahi du; lizitazio elektronikorantz aurrerapausoak ematen ditu, eta kontratazio publikoa gizarte politikak, ingurumenekoak edo ikerketari lotutakoak bultzatzeko beste bitarteko bat izateko bidea egiten du. Beste alde batetik, enpresa txikien eta ertainen parte-hartzea sustatzen du, eta foru baliabideak Europako esparrura egokitzen ditu”.

 

Legebiltzarreko organoen jarduerari dagokionez, Parlamentuko lehendakariak azpimarratu nahi izan du “475 deialdi egin direla legebiltzar honetako organoen bileretarako: Osoko Bilkura, mahaiak, Mahaia eta Eledunen Batzarra, edo Nafarroako Legebiltzarraren egitura osatzen duten 16 batzordeak.

 

 

Lehendakaritzaren jarduera

 

Parlamentuko lehendakariaren zuzendaritza eta ordezkaritza jardueren kapituluan, Aznárezek adierazi du bere agenda publikoan 400 egintza baino gehiago izan dituela, gehienak harreman instituzionalei lotutakoak. Legegintzaldi hasieran azaldu zuen bezala: “Agerian jarri nahi izan ditugu erakunde honen transformazioa, aldaketa, eta Legebiltzarraren irisgarritasunaren bidez egin dugu, agenda soziala jasotzeko apustuaren bidez, agenda politikoarekin uztar dadin. Ongi jabeturik nago —esan du azkenik— nafar herri osoaren ordezkaritza etxea dela hau, eta horregatik inoiz baino presentzia zabalena izan behar du”.

 

Parlamentuko lehendakariak adierazi du pozik dagoela Parlamentuko ikus-entzunezko sistema berritu delako; izan ere, “botoak emateko telefonogunearen eta bideo-seinalearen sistema osoa berritu da, baina baita Parlamentuak funtzionamendu egokia izateko eta informazioa behar bezala emateko behar den azpiegitura”. Inguruabar batzuk zirela medio, proiektu hori gaur arte atzeratu da, “baina azkenean legegintzaldi honetan gauzatu ahal izanen da”.

 

Era berean, Lehendakaritzak aurreko urteetan sustatu zituen jarduera batzuekin aurrera jarraitu dela nabarmendu du, besteak beste: Nafarroako Parlamentuko Berdintasunerako Plana eta Jasangarritasun Plana. Kontuen Ganberaren aholkuak bete egin dira, parlamentariek kilometroen zergak ordaindu beharra adibidez, Mahaian eta Batzarrean gosaririk ez hartzea eta botilako ura kentzea.

 

 

Parlamentuko hurrengo kurtsorako jarduera

 

Kurtso berrirako helburuei dagokienez, lehendakariak azpimarratu du lehentasuna emango zaiola “ikus-entzunezkoen sistema berritzeko proiektua garatzeari, baina Parlamentuaren eginkizunak ezertan aldatu gabe”. Gero zera erantsi du: “horrekin batera instituzioaren komunikazioa hobetu nahi dugu, herritarrek hobeki ezagut ditzaten Parlamentua, beraren eginkizunak eta jarduera, eta harekin elkarrekintzan jardun dezaten”.

 

Bestalde, Nafarroako Parlamentuak hedapen-lanarekin jarraituko du, hau da, “Parlamentu Irekiarekin”, horren bidez “lan pedagogiko handia egiten baitu, bai herrietan, non Parlamentuak egiten duen lanera hurbiltzen baitira, bai politikariekin, zenbaitetan landa inguruneetako arazoetatik urruti samar ibiltzen baikara”. Honek ere lehentasuna izango du: “Parlamentuan onesten diren legeak gauza daitezen lortzea, bai eta prestatu ditugun barne-planak ere”.

 

Lehendakariak, ondoren, adierazi du lehentasunezko helburua dela “Parlamentuan sortzen diren ekimenek herritarrengan eragina izan dezaten lortzea”. Ez digu ezertarako balio jardueraren errekorra izatea, herritarrek ez badute nabaritzen; politika herria zerbitzatzeko dago, eta gu horretan ahalegindu behar gara”.

 

Bukatzeko, lehendakariak azpimarratu du beharrezkoa dela “erakundea ahalduntzen jarraitzea. Nafarroako Parlamentuak —esan du— aldarrikatu egin behar du bere egitekoa, Nafarroako herriaren ordezkaritza eta hark bere parlamentariengan jarri duen konfiantza, legeak egiteko, herriaren premiei konponbidea emanen dieten ekimenak planteatzeko, eta Gobernuari horiek aurrera eraman ditzala exigitzeko”.

 

Archivos adjuntos

Archivo adjuntoMemoria

Archivo adjuntoSesiones

Archivo adjuntoIniciativas