Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Urriak 18

Parlamentuak urriaren 18an eta 19an eginen du 2018an Foru Komunitatearen egoerari buruzko eztabaida

Osoko Bilkurak Gobernuaren jarduna aztertuko du eta Barkosek Exekutiboaren kaudimen ekonomikoa, enpleguaren berreskurapena eta inbertsio sozialaren sustapena defendatuko ditu

Parlamentuak urriaren 18an eta 19an eginen du 2018an Foru Komunitatearen egoerari buruzko politika orokorreko eztabaida.

 

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak atzo onetsi zituzten arauekin bat, eztabaida hilaren 18an eginen da –osteguna–, 09:15etan hasita, Gobernuko lehendakariaren azalpenarekin. Ondoren, ordu erdiko etena eginen da.

 

Etenaren ondotik, talde parlamentarioen eta foru parlamentarioen elkarteen eledunek hartuko dute hitza –gehienez ere, 30 minutu–, handitik txikira, lehendabizi oposizioko alderdiek –UPN, PSN eta PPN– eta ondoren Gobernuari babesa ematen diotenek –Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta, azkenik, I-E–. Hitzaldiak bukatutakoan, Gobernuko lehendakariak horiei erantzuna emanen die. Jarraian, ihardespen-txanda irekiko da –gehienez ere, 10 minutu–, eta Gobernuko lehendakari Uxue Barkosen ihardespenarekin bukatuko da.



Eztabaida bukatzen denean, 15 minutuko epea irekiko da, talde parlamentarioek eta foru parlamentarien elkarteek Mahaiari gehienez ere 5 erabaki proposamen aurkeztu ahal izateko.

 

Erkidegoaren egoerari buruzko eztabaidak ostiralean –hilaren 19an– jarraituko du, 09:00etan hasita, Mahaiak onartutako proposamenen eztabaidarekin. Erabaki proposamenen eztabaidaren ordena bezperako berbera izanen da –hau da, handitik txikira–; lehendabizi oposizioko taldeak eta ondoren Gobernuari babesa ematen diotenak.

 

Talde bakoitzak bere proposamenak batera defendatuko ditu; gehienez ere, 10 minutu. Jarraian, aldeko eta aurkako txandak abiaraziko dira, bai eta ihardespen-txanda bat ere (biak ala biak, 5 minutukoak), zeinetan taldeek eta foru parlamentarien elkarteek eztabaidako hurrenkera bera gordeko baitute.

 

Eztabaida bukatutakoan, banaka bozkatuko dira talde bakoitzak aurkeztutako erabaki proposamenak.

 

Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduko 200.1 artikuluak ezartzen duenez, legegintza-urtearen lehendabiziko bilkuraldiaren hasieran, salbu eta Gobernuko lehendakariaren inbestidura eztabaida egin izan denean edo bilkuraldi horretan hauteskundeak egin behar direnean, Osoko Bilkura berezia eginen da Komunitatearen egoerari buruzko politika orokorreko eztabaida bat egiteko.

 

Manu horrek orobat ezartzen du eztabaidarako deialdia egin aurretik, irailaren lehenbiziko hamabost egun baliodunen barrenean, Nafarroako Gobernuak Parlamentuari igorri ahalko diola horri buruzko komunikazio bat.

 

Igorritako komunikazioak dioenez, Gobernuko lehendakariak hasierako hitzaldian gogora ekarriko ditu “adierazle sozioekonomiko nagusien emaitzak, Nafarroan gizarte kohesioan eta garapen ekonomikoan aurrerapenak egin direla erakusten baitute”.

 

Hartara, Uxue Barkosek defendatuko du Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik eta I-Ek sinatutako Gobernu-akordioa arian-arian ezartzearen oinarrian “kontabilitate-kaudimena (urteko %3,4ko hazkundea, Estatuan berriz %2,7), enpleguaren suspertzea (%9,93, langabezia gutxien duen erkidegoa) eta zerga-bilketaren areagotzea (krisiaren aurretiko kopuruak)” daudela, eta “ahal den adostasunik handiena” lortzearen alde eginen du. Gobernuaren lorpen handienetakotzat hartzen ditu “Hitzarmen Ekonomikoaren berritzea, 2017ko kontuen superabita, duela 10 urtetik hona lortzen ez zena, irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzea eta bakea, bizikidetza eta berdintasun politiketan emandako aurrerapausoak”.

 

Etorkizunera begira, Lehendakariak konpromisoa hartzen du “ekonomia sustatzeko apustuarekin jarraitzeko, lehentasun gisa”, adibide gisa, “Nafarroa aitzindari da gai honetan, urteko eta biztanleko 3.247 euroko gastu sozialarekin”. Ahalegin honek eragina izan du “pobrezia tasen beherapen esanguratsuan, itxaron-zerrendak murriztean, pentsioak igotzean eta mendekotasuna duten pertsonentzako arreta hobetzean”.

 

UPN, PSN eta PPN talde parlamentarioek, berriz, auzitan jarriko dituzte Gobernuaren jardunaren profil identitarioa eta sendotasun nahiz egonkortasun irudia, lehendakariaren esanen arabera “indar politikoen ekarpenak jasotzeko prest” dagoena.