Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Urriak 19

Parlamentuak uko egin dio Nafarroaren estatus politikoa eta juridikoa aldatzea bilatzen duen ekimen oro arbuiatzeari

Legebiltzarrak ez du onetsi PPNren mozioa, zeinean aipatzen baitzen Bilduk egindako konferentzia politikoa, Euskal Errepublika Konfederalaren aldeko apustua berretsi zuena

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur atzera bota duen mozio batek proposatzen zuen Nafarroako Gobernua premiatzea “arbuia dezan Nafarroak Espainia barruko Foru Komunitate bereizi izateari uztea bilatzen duen adierazpen oro, eta errespeta dezan, lehendakariak eta kontseilariek beren karguen jabetza hartu zutenean hitzemandakoari jarraikiz, haren egungo estatus juridikoa eta politikoa”. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek mozioaren aurka bozkatu dute, eta UPN, PSN eta PPNk alde.

 

PPN talde parlamentarioak bultzatutako mozioaren zioen azalpenean, EH Bilduk hilaren 7an egindako konferentzia politikoa aipatzen zen, nola Bilduk bere apustua berretsi zuen Euskadiko, Nafarroako eta Frantziako Euskal Herriko hiru errealitate administratibo eta instituzionalak barne hartuko dituen Euskal Errepublika Konfederalaren alde, eta, horren haritik, Foru Komunitatearen egungo estatus politikoa eta juridikoa auzitan jartzen duen saio oro arbuiatzeko eskatzen zion Barkosen Gobernuari.

 

Era berean “lehendakariak eta kontseilariek beren karguen jabetza hartu zutenean hartutako konpromisoa” gogorarazten zuen proposatzaileak, eta, horri jarraikiz, eskatzen zien “Foru Eraentza errespetatzeko eta Konstituzioari eta legeei men egiteko, halatan ekidite aldera, Katalunian gertatzen ari den legez, Gobernuak prozesu anexionista edo sezesionista bat, nafar gehienek bere egiten ez dutena, abiarazteko ahalegina egitea”.