Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Otsailak 16

Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du kultur aniztasuneko politikak bultza ditzan

Eskatzen du departamentuen arteko koordinazio-talde bat sortzea,zeharkako ikuspegi batetik eskubide- eta aukera-berdintasuna bermatzeko

 

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-E taldeen aldeko botoekin eta UPN eta PPN taldeen aurkako botoekin, ebazpen bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Erakundeekiko Harremanetarako Departamentutik departamentuen arteko koordinazio-talde bat sor dezan kultur aniztasuneko politikak bultzatzeko, eta ikuspegi hori kontuan har dezan, zeharkakotasunez, departamentu guztietan”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat badauka, non foru gobernua premiatzen baita “kultur aniztasunerako eta bizikidetasunerako plan bat egin dezan, Nafarroan jatorriaren eta kulturaren aniztasunarekin loturik dauden errealitate guztiei erantzuteko. Gizarteratzeko politikak kontuan hartuko dituen plan integral bat izanen da, herritar guztiei eskubide- eta aukera-berdintasuna bermatzeko, bai eta bizikidetzarekin eta gure aniztasun osoa egokitzearekin lotutako politikak ere”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu parlamentu-taldeak bultzatutako ebazpenak honako hauek aipatzen ditu: era guztietako migrazio-fluxuek sortutako aniztasuna, ahaztu gabe kolektibo eta komunitate bakoitzaren berezko izaera berezia, eta zeharkako ikuspegi bat finkatzea, bizikidetasun eredu asimilazionistetatik politika barneratzaileetara igaro ahal izateko, hain zuzen ere azken horiekin “eskubide- eta aukera-berdintasuna bermatzeko, jatorri edo etorkia edozein dela ere”.

 

Horri dagokionez, “aniztasunaren kudeaketa demokratiko bat sustatzeko, non guztien parte-hartze sozial eta politikoa jasoko baita”, Nafarroako gizarteari dei egiten zaio inplika dadin “XXI. mendeko erronka nagusietako baten” gisara ulertzen den horretan.