Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Martxoak 30

Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Agenda Digital berri bat egin dezan

Eta arduradun bakarra eta aldian behingo ebaluaziorako mahaia izenda ditzan, bilakaera teknologikoarekin zerikusia duten politika guztiak antolatu eta koordinatzeko

Parlamentuak gaurko osoko bilkuran aho batez onetsi duen erabaki batean Nafarroako Gobernua premiatzen da “Agenda Digital dinamiko berri bat idatz dezan, bizi dugun garaiarekiko egokitzapenak eskatzen dituen aldaketa etengabeak onartuko dituena, arlo digitalarekin lotuta dauden ekintza guztiak barnebilduz, baita departamentuek egindako proposamenak ere, Espezializazio Adimentsuaren Estrategia eta IKT eskari soziala, irizpide solidario, garden eta inklusiboekin, eta ingurumena ondo kontuan hartuta”.

 

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan EH Bildu abstenitu egin da. Bertan honako hau eskatzen zaio Foru Gobernuari: “Agenda Digitalean jaso beharreko jarduera guztiarekin agintari edo arduradun bakar bat ezar dezan, koordinatzearren ekonomiaren, gizartearen, kulturaren, hezkuntzaren, osasunaren, Gobernu Irekiaren nahiz bizi dugun bilakaera teknologikoarekin zerikusia duen beste edozein arloren gaineko politika”. UPN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-Ek puntu horretan ere aldeko botoa eman dute.

 

Gainera, berriro ere guztien adostasunez, Nafarroako Gobernua premiatzen da “lan-mahai bat era dezan Nafarroako Gobernuko departamentu eta enpresa publiko guztietako ordezkariekin, aldian-aldian ebalua ditzaten gertatu gertatuko diren aldaketak eta berrikuntzak, hartara Agenda Digitalaren agiri bizi bat egonen baita”.

 

PSN parlamentu-taldeak sustatutako erabaki horren zioen azalpenean baieztatzen da Nafarroako Agenda Digitala (2013-2016) agiria jada “zaharkituta” dagoela eta “helburuak betetzetik oso urrun” gelditu dela, eta arlo horretan eskatzen da ekintza politikoa antola dadila “gizartea mundu digitalean sartzea koordinatzeko, bai eta prestakuntza ere”, horrela “4.0 Industriarantz doan gizarte batek garapen ekonomikoaren arloan egindako ahaleginak bateratuko” baitira.

 

Aurrekoaren haritik, proposatzaileak beste autonomia erkidego batzuen ereduari jarraitzeko eskatzen du: “beste erkidego batzuk, beren Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarako proiektuekin batera –esparru horretan koka litezke Nafarroako Gobernuak hasiak dituen hainbat proposamen–, beren agenda digitalak taxutzen ari dira edo argitaratu dituzte. Horretan ari dira Euskadi, Errioxa, Galizia, Asturias edo Espainiako Gobernua bera, zeinak arloko ministro bat ere izendatu baitu”.