Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Martxoak 22

Parlamentuak Juan Luis Beltrán Aguirre hautatu du Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko lehendakaria izateko

Gobernuaren publizitate aktiboaren arloko betebeharrak eta Gobernuak daukan informazio publikoa jasotzeko eskubidea zaindu behar dituen erakundea zuzenduko du

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur Juan Luis Beltrán Aguirre izendatu du Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko lehendakari, Pilar Yoldik pasa den abuztuaren 30ean bere dimisioa aurkeztu zuenetik kargua bete gabe baitzegoen.

 

Luzatu ezin den lau urteko agintaldirako hautatu dute Juan Luis Beltrán, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak proposaturik. 25 boto jaso ditu. 15 boto zuri bildu dira.

 

Hautapenak gehiengo osoa behar zuen, eta bozketa ezkutukoa izan da, txartelen bidezkoa.

 

Juan Luis Beltrán 71 urteko iruindarra da, Zuzenbidean lizentziatua eta doktorea, eta egun NUPeko ohorezko kolaboratzailea da, bertan Administrazio Zuzenbideko irakaslea izan zen.

 

Erretiroa hartu aurretik, Nafarroako Gobernuko eta Nafarroako Administrazio Auzitegiko hainbat departamentutan kargu desberdinak izan zituen. Era berean, Nafarroako Arartekoaren aholkulari izan zen, Osasun Juristen Elkarteko lehendakari eta Osasun Publikoaren eta Osasun Administrazioaren Espainiako Elkartekoa ere bai.

 

Osoko Bilkurak 2016ko apirilaren 21ean Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen aldaketa bat onetsi zuen eta haren ondorioz sortu zen Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua. Organo independentea da, Gobernuaren publizitate aktiboaren arloko betebeharrak eta herritarrek Gobernuaren esku dagoen informazio publikoa jasotzeko duten eskubidea zaindu behar dituena.

 

Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren eginkizuna da Foru Komunitateko Administrazioak, sektore publikoko gainerako erakundeek, toki erakundeek eta haien sektore publikoak informazio publikoa eskuratzeari buruz ematen dituzten ebazpen berariazkoen edo ustezkoen aurkako erreklamazioak aztertzea.

 

Gainera, Kontseiluak aginduzko txostenak ematen ditu Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legea gardentasunaren arloan garatzen dituzten edo arlo horrekin loturik dauden arau proiektuei buruz.

 

Gardentasuna bete behar duten entitate eta erakundeek arlo horretan dituzten beharkizunak noraino aplikatu eta betetzen dituzten ebaluatzen du Kontseiluak, eta gomendioak ere egin ditzake.

 

Kontseiluari erreklamazioa aurkezteko aukera ezertan ukatu gabe, Arartekoari kexa aurkeztu ahal zaio, baina Arartekoaren esku-hartzeak ez ditu eteten erreklamazioa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epeak.

 

Kontseiluak bere jardueren nondik norakoari eta 11/2012 Foru Legean ezarritako xedapenen betetze mailari buruzko memoria aurkeztu behar du Nafarroako Parlamentuan.

 

Gardentasunaren Kontseiluan daude, lehendakariarekin eta Nafarroako Parlamentuak 2016ko ekainaren 30ean izendatutako beste lau kideekin batera (Patxi Leuza, Laura Perez, Sergio Sayas, Guzmán Garmendia), gardentasunaren arloko eskumena duen departamentuaren ordezkari bat, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren hiru ordezkari, Nafarroako Kontseiluaren ordezkari bat, Kontuen Ganberaren ordezkari bat, Arartekoaren ordezkari bat, eta, azkenik, NUPeko ordezkari bat. Kide horiek guztiak izendatzeko prozedura kasuan kasuko erakundeak gauzatzen du, eta horrek, gainera, ordezko bat izenda dezake, titularra eri, kanpoan edo aldi baterako ezintasun egoeran dagoenerako.