Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Iraila 28

Parlamentuak Hezkuntza Departamentua premiatzen du murrizketak egiaz lehengoratzeko plan bat ezar dezan, epe eta guzti

Legebiltzarraren iritziz, irakasleen lan-baldintzetan eta ikastetxeen autonomian eta antolaketan izandako narriadurari buelta emateko garaia da

Gaurko osoko bilkuran aho batez onetsi duen ebazpen batean, Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “irakaskuntza publikoan izandako murrizketak egiaz lehengoratzeko plan bat ezar dezan, epe eta guzti, hezkuntzako mahai sektorialeko negoziazioaren bidez; bereziki, irakasleen eskola-orduen kopuruari eta ratioak murrizteari dagokienez”.

 

Onetsitako ebazpenaren bigarren puntuan, Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “irakaskuntza publikoaren garapena bultza dezan, baliabide gehiago jarriz eta antolamendu-neurriak aplikatuz”.

 

Hala, eskatzen dio “2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan hezkuntzarako aurrekontua handitzea, baliabide material eta giza baliabide gehiago jarriz”. Halaber “irakaskuntza publikoaren hezkuntza-eskaintza handitzea” eskatzen du.

 

Eta, oraingoan UPNren eta PPNren kontrako botoekin, “eskolatze-araudia aldatzea, lehentasuna emanez ikasleak titulartasun publikoko ikastetxeetan eta familien etxeetatik hurbilen dagoen ikastetxean eskolatzeari”.

 

Hirugarren atal bat gehitu da EH Bildu taldeak hala eskatuta, ekimenaren titularrak, I-Ek, gehitze-zuzenketa bat onartu baitio. Atal horretan Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “behar diren neurriak ezar ditzala irakasleentzako laguntza zentroek (ILZ) jasan dituzten murrizketa zorrotzak aplikatu aurretik izandako jarduera lehengoratzeko”.

 

Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak bultzatutako ebazpenaren zioen azalpenean adierazten denez, “hezkuntzaren kalitatea hobetzeko hitzarmena amaitu eta Hezkuntzaren arloan gastu publikoa arrazionalizatzeko presako neurriei buruzko apirilaren 20ko 14/2012 Errege Lege-dekretuan ezarritako neurriak aplikatu zirenean egindako murrizketak lehengoratzeko baldintzak badaude orain. Neurri haiek irakasleen lan- eta irakaskuntza-baldintzak hondatu zituzten, eta ikastetxeen autonomia-galera eta antolaketarako zailtasun handiagoak eragin”.