Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Uztailak 2

Parlamentuak harrera egin die Nafarroara uda pasatzera etorritako haur sahararrei

Baladi Benamarrek esan du Nafarroaren laguntzak haientzat anaitasunaren eta elkartasunaren zentzua irudikatzen duela

Parlamentuko lehendakariak, Ainhoa Aznarez Igarzak, astelehen honetan harrera egin dio Foru Komunitatera uda pasatzera etorritako 7 eta 12 urte bitarteko 94 haur sahararren ordezkari talde bati. Nafarroako Sahararen Lagunen Elkartearen (ANAS) ekimenak ekarri ditu haurrak gurera.

 

Erakunde-aretoan egin da ekitaldia. Lehendakariak haurrak agurtu ditu, eta udako hilabeteetan etxean edukiko dituzten familiei eskerrak eman dizkie “elkartasunaren” eredu direlako eta lan garrantzitsua egiten dutelako, Saharako haurrei hezkuntza eta laguntza eskainiz.

 

Ildo horretan Ainhoa Aznarezek esan duenez, “ekitaldi xume, eder eta hunkigarri honek argi erakusten du Nafarroako Parlamentuak erakunde-babesa eskaintzen dutela, hala laguntza lanari dagokionez nola zuen eskakizunak aldarrikatuz”. Aznarezek 'Oporrak Bakean' ekimenaren garrantzia azpimarratu du, "elkar aberastea baita".

 

Ondoren, Europako Parlamentuko 'Bakea eta Askatasuna Saharan' taldeko kide den Consuelo Satrustegik, agurtu egin ditu haur sahararrak, eta Tindufeko kanpamentuetara egindako bidaia gogoratu du, honako hau erantsiz: “lanean jarraituko dugu Nafarroara etortzen segitu ahal izan dezazuen. Parlamentua bizitzaz bete du zuen irribarreak. Zuek hemen izatea urteko unerik berezien eta hunkigarrienetako bat da”.

 

Baladi Benamar Mendebaldeko Saharako eta Fronte Polisarioko ordezkaria da Nafarroan. Umeei harrera egiten lagundu duten familien eskuzabaltasuna eta Nafarroako Parlamentuak saharar herriari ematen dion babesa eskertu ditu, "familia hauek bizkarrezur bat osatzen dute haurrek uda disfrutatu dezaten eta herritar nafarrekin elkarbizi daitezen, elkartasun adibide baitira". Parlamentuari eskerrak eman dizkio saharar herriaren alde egiten duenagatik, eta aipatu du “ Nafarroak guretzat elkartasunaren eta anaitasunaren zentzua irudikatzen du".

 

Nafarroako Sahararen Lagunen Elkarteak (ANAS) haur sahararrak Nafarroako familietara ekartzeko lana eta saharar herriaren egoerari buruzko “sentsibilizazio ekintzak” uztartzen ditu.

 

ANAS duela 20 urte hasi zen Saharako umeak udako oporretan Foru Komunitatera ekartzen. Haurrek “familien bizitzan parte hartzea” da helburua, baina taldeko jarduerak ere antolatzen dira, hala nola Parlamentua eta beste erakunde batzuk ezagutzeko bisitak, txangoak edo amaierako festa.

 

Harrera ekitaldian izan dira, halaber, Unai Uhalde lehen lehendakariordea, eta Nafarroan Mendebaldeko Saharako eta Fronte Polisarioko ordezkaria den Mohamed Gailani, bai eta parlamentari hauek ere: Koldo Martínez, Consuelo Satrustegi (Geroa Bai), Esther Korres, Asun Fernández de Garaialde (EH Bildu), Laura Pérez (Podemos-Ahal Dugu), María Chivite, Nuria Medina (PSN), José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra) eta Javier García (PPN).