Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Apirilak 27

Parlamentuak Gobernuari eskatu dio xeheki azter dezan NUPen Medikuntzako gradua ezartzeko aukera

Sei hilabeteko epea eman dio bideragarritasun plan berria aurkezteko, berariaz sortutako lantaldeak ateratako ondorioekin batera

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-E taldeen baiezko botoekin eta UPNren eta PPNren aurkako botoekin gaurko osoko bilkuran Parlamentuak onetsi duen erabaki batean Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “NUPeko arduradunekin elkarlanean, Medikuntza Gradua NUPen ezartzeko aukera sakonki eta xeheki aztertzeko”.

 

Horretarako, erabakian zehazten denez, Foru Gobernuak “2009an egindako bideragarritasun plana gaurkotu eginen du, aldagai guztiak egokituz, aztertuz eta objektiboki arrazoituz. Gobernuak Bideragarritasun Plan berria eta gaia lantzeko osatutako lantalde horrek egindako hausnarketa eta ateratako ondorioak sei hilabeteko epean aurkeztuko ditu Nafarroako Parlamentuan”.

 

EH Bildu parlamentu-taldeak sustatutako erabaki horrek zioen azalpenean deitoratu egiten du Gobernuak “berandu” ekin diola NUPen Medikuntza ezartzeko aukera aztertzeari, eta, horri dagokionez, “erabaki akademiko eta politikoak” hartzeko eskatzen du, “gizartean eztabaida luzea piztu duen eskari soziala eta 2009ko data duen bideragarritasun plana” zehazte aldera.

 

Egungo Errektoretzaren berariazko oniritzia eta Gobernuari eusten dioten lau taldeek programan hartutako konpromisoa gogora ekarri ondoren, 2009ko planeko ondorioak aipatzen dira. Horrela, kontuan izanik “urtero batez beste 86 ikaslek egiten dutela espediente lekualdatzea Medikuntza Nafarroatik kanpo edo Unibertsitate pribatuan ikasteko”, egokitzat jotzen da 60 plazako gradua ezartzea, eta kalkulatzen da horretarako 18,5 milioiko inbertsioa behar litzatekeela (sei urtean, eraikin berria egiteko), egitura akademikoaren egokitzapena kontuan hartu gabe.

 

Horregatik guztiagatik, Mendoza kontseilari ohiak iragan urtarrilaren 10ean Parlamentuan adierazitako “konpromisoen” ondorioz –besteak beste lantalde bat sortzeko asmoa aipatu zuen, Garapen Ekonomiko, Osasun eta Hezkuntza departamentuez gain, Errektoretza ere bilduko zuena–, proposatzaileak NUPen etorkizuneko argazkia definitzeko deia egiten du, “momentu klabe batean dagoelako, plangintza osoa egiteko garaian”.

 

· www.nafarroakoparlamentua.eus

· Mozioa (37. NPAO, 2017-02-24koa)