Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Maiatzak 25

Parlamentuak Gobernua premiatzen du Red Eléctrica-ri exigi diezaion Estellerrian subestazio bat jartzea

Zerbitzu propioa eta nahikoa eskatzen da, lehiakortasunari dagokionez Nafarroako alderdi batzuetako elektrizitate-horniduraren akatsek sortzen dituzten ondorioak arintzeko

UPN, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-Eren baiezko botoekin eta Geroa Bairen ezezko botoarekin gaurko osoko bilkuran onetsi duen ebazpen batean, Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “berehala exigi diezaion Nafarroan elektrizitate-garraioaren ardura duenari —Red Eléctrica de España— haren planetan aintzat har dezan elektrizitate-subestazio bat Estellerrirako, eta hura instala dezan, bertako enpresaburuek, administrazioek eta auzokoek eskatzen duten potentzia nahikoarekin”.

 

Onetsitako ebazpenaren bigarren puntuan hau eskatzen zaio Foru Gobernuari: “Nafarroako banatze-enpresa handiena denari eska diezaiola behingoz konpon ditzan Erriberako eten eta mikroeten guztiak, sinatutako hitzarmenean inplikatuz, bai eta konprometitu den inbertsio guztietan eta beharrezkoak izan litezkeen inbertsio berri guztietan ere”.

 

Gainera, jada hirugarren atalean, Foru Gobernua premiatzen da “Espainiako Gobernuarekin eta banatze-enpresarekin Frantziarekiko negoziazioa abiaraz dezan, Pirinioetako gure herrientzako iparraldetik hegoalderako elektrizitate-hornikuntza aintzat hartzeko, horrela ekidin eginen baitira eten luzeen arriskua dakarten hari bakarrak”.

 

Halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen da “eska dezan banatze-enpresak konpromisoa hartzea Nafarroako Foru Komunitateko instalazio zaharkituak berritzeko, batez ere Iruñerriko instalazioei dagokienez”.

 

Azkenik, “Nafarroan elektrizitate-sareak duen egoeraren mapa” egin dezala eskatzen zaio Foru Gobernuari, “eta azter ditzala horren zaharkitzea eta etorkizuneko beharrizanak, bai eta garraio-enpresari, banatzaileari, Nafarroako Gobernuari berari eta gainerako administrazioei eta gizarte-eragileei planteatu beharko litzaizkiekeen helburuak ere”.

 

Mozioak bazuen azken puntu bat, baina ez du aurrera egin, UPNk, PSNk eta PPNk bakarrik babestu dutelako. Puntu horretan hau eskatzen zitzaion Nafarroako Gobernuari: “Ekimen pribatuari eskerrak eman diezazkiola elektrizitate-azpiegituretan inbertitzea erabaki izateagatik bere jardunarekin berme-baldintzetan jarraitu ahal izateko, San Adrianen egin duen bezala, eta saia dadin etorkizunean ez dadin hura izan erabaki horiek hartu behar dituena, erantzukizun hori banatze-enpresarena izaki”. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurka bozkatu dute.

 

PSN talde parlamentarioak bultzatutako ebazpenaren zioen azalpenean zerbitzu propioa eta beti nahikoa eskatzen da, lehiakortasunari eta aukera-berdintasunari dagokienez Nafarroako alderdi batzuetako elektrizitate-horniduraren akatsek sortzen dituzten ondorioak arintzeko.

 

Lurraldeei erreparatuta, lehendabizi Estellerria aipatzen da, “tamaina ertaineko enpresa bat instalatu ezin den eskualde bakarra”, eta beharrezkotzat jotzen da subestazio elektriko bat instalatzea, “enpresaburuen, ordezkari publikoen eta, oro har, herritarren eskariari erantzuteko”.

 

Lurraldeetako hornidura-gabeziak zerrendatzean, proposatzaileak Goi Erribera aipatzen du –San Adrián, Andosilla eta Azagra–, “hain zuzen ere, banaketa beste erkidego batetik (Errioxa) jasotzen duen Nafarroako alderdi bakarra, non, elektrizitate-eten eta -mikroeten ugariek bultzatuta, eskualdeko enpresa handienetako batek erabaki baitu azpiegitura elektriko batean inbertitzea”.

 

Fiteron, Corellan edo Cintruenigon oraindik ere “hegaztien ekintzaren ondoriozko mikroetenak” izaten direla aipatu ondoren, Pirinioetako egoera azaltzen da: “Beren bizilagun frantziarrengandik elektrizitatea eskuratzeko modu polita daukate, baina arazo burokratikoek eragotzi egiten dute hori baliatu eta Zubiri-Auritz-Luzaide korridorearen hari bakarra erabili behar izatea”.

 

Horregatik guztiagatik, eta, gainera, “Iruñerriko banaketa-sarea zaharkituta dagoelako eta energia berriztagarrien sektoreak ekoitzitako energiaren ebakuazioa eskasa delako”, Foru Komunitatearen lurralde osoan energia elektrikoaren hornidura berma dezala exijitzen zaio Nafarroako Gobernuari.