Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Urtarrilak 18

Parlamentuak Gobernua premiatzen du eskola-aurreinskripzio kanpaina irizpide objektiboekin egin dezan

UPNk neutraltasun falta leporatzen dio Departamentuari, ulertuz aurreko ekitaldietan informazioa ematera mugatu beharrean D ereduaren defentsa egin zuela

Nafarroako Parlamentuak ebazpen bat onartu du gaur UPN, PSN, PPN eta I-Eren aldeko botoekin eta Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoekin, zeinaren bidez “Nafarroako Gobernua premiatzen du 2018-2019 ikasturterako aurreinskripzio- prozesuaz informatzeko kanpaina egin dezan irizpide objektibo, ekitatezko eta informatiboetan oinarrituta, seme-alaben eskolatzearen hizkuntza ereduei dagokienez familiei aldez aurretik ezer ezarri gabe eta haiengan eragin gabe”.

 

Atzera bota duten bigarren puntuan azaltzen zenaren arabera, UPNk defendatzen zuen kanpaina hau, “ikastetxea hautatzeko askatasuna bermatuz eginen zen, araudi indardunaren arabera familiek horretarako eskubidea baitute, eta inolako esku-sartzerik gabe. Hori guztia ez zen eragozpen izanen Hezkuntza Departamentuak Nafarroako sare publikoaren eskaintzari buruzko berariazko dibulgazioa egin ahal izan dezan”.

 

Izquierda-Ezkerrak ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, UPNk atzera bota duena, Hezkuntza Departamentua premiatzen zuena “ikastetxe publikoetan eskolarizatzearen aldeko informazio eta dibulgaziozko kanpaina bat egitera”.

 

Zioen azalpenean, UPNk bultzatutako mozioak dio “azken aurreinskripzio kanpainetan Departamentua ez zela hezkuntza eskaintzaren inguruko informazioa ematera mugatu, baizik eta D ereduari lehentasuna eman ziola gainerako hizkuntza ereduen gainetik, horretarako Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanen Departamentuak ikastetxeetan eskua sartu zuelarik”.

 

Zentzu honetan, mozioa proposatu dutenek oroitarazi dute Haur eta Lehen Hezkuntzarako eskola-aurreinskripzio kanpaina, batez ere euren seme alabak lehen aldiz hezkuntza sisteman sartzen diren familiei zuzendutakoa, “epeak, berritasunak eta hezkuntza eskaintzari buruz” informatzera mugatu beharko litzatekeela.