Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Martxoak 1

Parlamentuak gaitzetsi egin ditu ETAk eta Komando Autonomo Antikapitalistek nafar enpresaburuen eta profesionalen aurka egindako atentatuak, mehatxuak eta estortsioak

Omenaldi eta erreparazio ekitaldi bat egitea onartu da eta Gobernua premiatzen da dibulgazio-lan bat egin dezan ekintza horien inpaktu sozial eta ekonomikoari buruz

Nafarroako PArlamentuak ebazpen bat onartu du gaur, UPN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-Eren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin, zeinaren bidez Ganberak “bere arbuioa adierazten du ETAk eta Komando Autonomo Antikapitalistek nafar enpresaburuen eta profesionalen aurka egindako atentatuak, mehatxuak eta estortsioak direla-eta”.

 

Onartutako ebazpenak bigarren puntu bat dauka, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen da “judizialki iker ditzan estortsioen egileak, bai eta zerga iraultzailea oker deitutakoaren ordainketa bideratzen lagundu zuten laguntzaile-sareak ere”.

 

Era berean, hirugarren atal batean, Foru Gobernua premiatzen da “Nafarroako unibertsitateekin elkarlanean dibulgazio-lan bat eta erakusketa bat egin ditzan, zeinetan, biktimen anonimotasuna zainduz, ikusaraziko baitira estortsioaren zifrak, mekanismoak, konplizitateak eta giza inpaktua nahiz inpaktu ekonomikoa”.

 

Azkenik, “omenaldi- eta erreparazio-ekitaldi bat antolatzea onetsi da, ETAk eta Komando Autonomo Antikapitalistek egindako atentatuak, mehatxuak eta estortsioak pairatu zituzten enpresaburu guztientzat. Halaber, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioarekin lankidetzan, plaka bat jarriko du haren egoitzaren fatxadan, estortsioa pairatu duten enpresaburuen eta profesionalen omenez”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak aipatzen du “biktimek eta gizarte osoak justizia eskubidea daukatela krimenetako arduradunak identifikatzeko orduan”, eta “iritzi politiko eta identitate sentimenduak adierazteko beldurra” azpimarratu du. “Bere aniztasunari errespetua dion Nafarroa ireki bat eraikitzeko neurriak” eskatu ditu, “maila kultural eta linguistikoan ere bai”.

 

Testuinguru horretan, ebazpenaren bultzatzaileak Terrorismoaren Biktimen Memoriaren Zentroaren txostena aipatzen du, La estrategia del miedo. ETA y la espiral del silencio en el País Vasco, eta bertan “terrorismoak eta ETAren aldekoek sortu zuten izu-giroaren ondorioak azaltzen dira”, eta azpimarratzen du” Nafarroan ez dagoela izu-giro horri buruzko azterlanik, baina argi dagoela giro hori eduki dugula eta zuzentzetik oso urrun dagoela”.