Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Azaroak 23

Parlamentuak ez du onartu arrazoi politikoengatik hezkuntza ikuskaritza indartzea

PPk Kataluniako eta Nafarroako hainbat ikasgeletan “doktrinamendu politikoa” ematen dela aipatzeak indargabetu du mozioa, UPNk babestu badu ere

Parlamentuko Osoko Bilkurak atzera bota du gaur Nafarroako Alderdi Popularrak aurkeztutako mozioa, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aurkako botoekin, UPN eta PPren aldekoekin. Espainiako Gobernua premiatzen da “Hezkuntzaren Goi-Ikuskaritza indar dezan Konstituzio, bizikidetza edo nazioarteko itunekin kontraesanean hezkuntza-administrazioek eginiko jarduketen aurka”.

 

Mozioaren bigarren puntuan, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio bere eginkizuna betetzeko, ikastetxeen eta irakasleen lana gainbegiratzeko Konstituzioan ezarritakoari jarraikiz, bereziki Nafarroaren estatus politiko eta juridikoari dagokionez.

 

Era berean, hirugarren puntuan Nafarroako Gobernua premiatzen da konprometi dadin ikasgeletan ordena eta bizikidetza bermatzera, halako moduz non kontsigna ideologikorik eta doktrinamendurik gabeko eremuak izanen baitira.

 

Zioen azalpenean, PPN elkarte parlamentariak bultzatutako ebazpenak “doktrinamendu politikoa” eta “zeharkako heziketa” aipatzen ditu, Kataluniako eta Nafarroako hainbat ikasgeletan ustez ematen diren kasuak, eta Gobernua premiatzen du ikastetxeetako heziketa politikoa saihesteko konpromiso aktibo bat hartzera. Honen jatorria 2016/82 Foru Legearen zentsuran dagoela diote, “errealitate instituzionalaren aurkako” material didaktikoarenganako sarbidea baimentzen duen legearen zentsuran, hain zuzen.

 

Mozio honen bultzatzaileak errefusatu du Nafarroako Gobernuak gai honen inguruan argudiatu duen “kultura –eta hizkuntza- testuingurua”, eta ulertzen du “errealitatearen interpretazio subjektibo bat dela, ideologia konkretu bati lotua” eta “San Migel ikastetxeko irakasle batzuen permisibitateaz” ere kexatu da, “Altsasun bi guardia zibilen eta haien bikotekideen aurka izandako erasoagatik atxilotutakoen aldeko mezuen zabaltzea dela eta”.