Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Apirilak 27

Parlamentuak Espainiako Gobernuari eskatu dio giltzurrun- edo gibel-emaileei ezingasunagatiko baja hartzeko aukera emateko

Legebiltzarrak txalotu egin du organo-emaileen altruismoa eta Nafarroako gizarte osoa zoriondu du erakusten duen jarrera onagatik, organo-emaileen gailurrean baitago

Parlamentuko Osoko Bilkurak gaur onetsi duen erabaki batean, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-E taldeen aldeko botoekin (PPNk ez du bozkatu), Legebiltzarrak “bere egiten du HEPA elkarteak (Asociación Española de Ayuda a Niños con enfermedades hepáticas y trasplantados hepáticos) eginiko eskaera” eta Espainiako Gobernua premiatzen du “kasuko legedia alda dezan, halako moduz non gorputz-atal baten –zehazki, giltzurrun edo gibelaren– bizirikako ematea egiten duten pertsonek aukera izanen baitute, eta ofizialki hala aitortuko baitzaie, aldi baterako ezintasunagatiko baja hartzeko, emakume haurdunek laneko baja hartzeko duten aukeraren modura”.

 

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan Foru Legebiltzarrak “bere babesa ematen dio organoen emateari –bereziki, bizidunek organoak emateari–, herritarren ongizatea hobetzeko erronkan”.

 

Era berean, jada hirugarren puntuan, Nafarroako Parlamentuak “txalotu egiten du organo-emaileen altruismoa, eta aldi berean zorionak ematen dizkio nafar gizarteari, ematearen alde erakusten duen jarrera onagatik, bai eta emate- nahiz transplante-prozesuetan parte hartzen duten profesionalei ere, beren lan ahalegindu eta gogotsuagatik”.

 

Bestalde, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio “berma dezala pertsona batek organo-emailea izatearen ondorioz jasan ditzakeen osasun arazoek ez diotela zigorrik ekarriko aseguru edo maileguak kontratatzerakoan edo berritzerakoan”. PSNk hirugarren atal hori gehitzeko zuzenketa aurkeztu du, eta ekimenaren titularrak, Geroa Baik, onartu egin dio.

 

Azkenik, ebazpen horren emaitza “Espainiako Gobernuari, Diputatuen Kongresuko parlamentu-taldeei eta Transplanteen Erakunde Nazionalari helaraztea” erabaki da.

 

Geroa Bai parlamentu-taldeak sustatutako erabakiaren zioen azalpenean, organo-emaileek ebakuntzaren ondoren izaten dituzten lan arazoak aipatzen dira lege babesaren eskaera justifikatzeko.

 

Nafarroa organo-emaileen gailurrean dago, Kantabriaren eta EAEren ondotik, 2016. urtean, zeinetan Espainiak, 25 urtez jarraian munduko liderra izanik organoen emate eta transplanteetan, bere marka gainditu eta gehieneko historikoak lortu dituen: 43,4 emaile milioi biztanleko (guztira 2.018 emaile), eta 4.818 transplante. Foru Komunitatean, 61 emaile izan ziren milioi biztanleko, eta 84 transplante egin ziren: 56 giltzurrun-transplante, 18 gibel-transplante eta 10 bihotz-transplante.

 

Azken urteotan asistoliako organo-emateek gora egin duten bitartean, bigarren urtez jarraian behera egin dute emaile bizidunengandiko giltzurrunen transplanteak: 341 izan dira, 2015eko 388en aurrean; ziur aski, hildako emaileen transplanteen eskaintza handiagoa izan delako.

 

Iaz, Estatuan 430 pertsonak erabaki zuten beren gorputz-atal bat ematea bizi bat salbatzeko. Gehienak giltzurrunaren emaileak dira, eta gutxi batzuk gibelarenak (30).

 

· www.nafarroakoparlamentua.eus

· Mozioa (57. NPAO, 2017-04-07koa)