Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Martxoak 16

Parlamentuak bateraezintasunen araubidea eguneratzeko eskatu du, medikuen dedikazio esklusiboa susta dadin

Arlo kliniko buru, atalburu edo zerbitzuburu lanpostu bat edo Oinarrizko Osasun Eskualdeko zuzendari lanpostu bat betetzea edozein jarduera pribaturekiko bateraezina izanen dela bermatzeko

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur onetsi duen erabaki batean, Legebiltzarrak “apustu egiten du osasun-kudeatzaileen profesionalizazioaren, burutzak merezimendu eta gaitasunean oinarriturik gardentasunez hautatzearen eta bateraezintasunak zabaltzearen alde, osasun arloko profesionalek dedikazio esklusiboa izate aldera”. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek aldeko botoa eman dute, eta UPN eta PPNk aurkakoa.

 

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan honako hau eskatzen zaio Foru Gobernuari: “hartu beharreko neurriak har ditzan araudi indarduna gaurkotzeko eta, kasua bada, aldatzeko, osasun arloko langileen bateraezintasunak sei hilabeteko epean arautzearren, eta bermatzearren ezen arlo kliniko buru, atalburu edo zerbitzuburu lanpostu bat edo Oinarrizko Osasun Eskualdeko zuzendari lanpostu bat betetzen duten Osasunbideko langile fakultatiboek esklusibotasuneko araubidean ematen dutela zerbitzu, eginkizun hori ez baita beste edozein jarduera pribaturekiko bateragarria, besteren nahiz norberaren konturakoa izan”.

 

EH Bildu parlamentu-taldeak bultzatutako erabakiaren zioen azalpenean, programa-akordioa gogoan, bateraezintasunak arautzeko eta dedikazio esklusiboa sustatzeko urrats irmoak eskatzen dira, eta aitortzen da jada urrats bat egin dela merezimenduaren eta gaitasunaren araberako sustapenaren alorrean, osasun laguntzako zerbitzuburu eta atalburuen lanpostuak bitarte baterako izendapenez betetzeko prozeduran (2016ko irailaren amaiera aldean onetsitako foru agindu baten bidez).

 

Horren harira, egungo bateraezintasunen araubidea zorrotz zaintzen ote den zalantzan jarri ondoren, apustu egiten da osasun arloko profesionalen dedikazio esklusiborantz jotzeko, “gutxienez ere kudeaketa- eta ardura-lanpostuetan, beste autonomia erkidego batzuek funtzio publikoari buruzko beren estatutuetan jada ezarria duten bezala”.

 

Hori guztia dela bide, ahal den heinean, “interes publikoaren eta profesionalen interes partikularren arteko gatazkak” saihestu behar dira, “zenbaitek uste baitu profesionalen batek bere jarduera pribatuak baldintzatuta har ditzakeela erabakiak eremu publikoan”.